Argazkia: iStock

ENPRESAK GAUR

Bekadunek kotizazio berriak dituzte. Zer aldaketa suposatzen du?

2024ko urtarrilaren 1etik, ordaindu gabeko prestakuntza praktikak egiten dituzten ikasleek Gizarte Segurantzan kotizatzeko eskubidea dute

Ikasturte hasierarekin batera asko dira Unibertsitatean zein Lanbide Heziketan praktikaldia burutuko duten ikasleak. Urte hasierarekin batera, apirilaren 29ko ISM/386/2024 aginduarekin, indarrean sartu zen praktikaldien kotizazio eskubide berria. Nola eragingo die horrek praktikaldia egingo duten ikasleei? Eta praktikaldia egin edo egiten ari diren ikasleei? Onurak ala eragozpenak ekarriko ditu?

Orain arte ordaindutako praktikaldia burutzen zuten ikasleak, soil-soilik, eman behar ziren altan, derrigor, Gizarte Segurantzan. Indarrean sartutako legearekin, ordea, prestakuntza programaren barnean sartzen diren praktikak egiten dituzten unibertsitateko eta lanbide heziketako ikasleek Gizarte Segurantzan kotizatzeko eskubidea dute, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, praktikak ordaindutakoak izan edo ez izan. Prestakuntza praktikei (derrigorrezkoak direnei) eta kanpo praktika akademikoei (borondatezkoak direnei) aplikatzen zaie.

Nori eragiten dio?

2024 urtean praktikaldia hasiko duten unibertsitateko eta lanbide heziketako ikasleei eragingo die indarrean sartu den aginduak. Hala ere, hitzarmen berezi bat formalizatu dezakete Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekin 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen prestakuntza praktikak, kanpo praktika akademikoak edota doktoregoko ikasketa ofizialak egin dituztenek ikerketa-arloko prestakuntza programetan. Hori aplikatzen zaie Espainiar estatuan zein atzerrian praktikak egin dituztenei, eta epe horretan burututako praktikaldia Gizarte Segurantzan kotizatu ahalko da.

Neurria, beraz, garai bateko unibertsitateko eta lanbide heziketako ikasleei zaie faboragarri, praktikak lanbide heziketa trinkoko erregimenean egin direnean izan ezik. Goi mailako arte irakaskuntzetako, arte irakaskuntza profesionaletako eta hezkuntza sistemako kirol irakaskuntzetako ikasle ohiek ere probestu ahal izango dute. Halaber, doktoregoko ikasketa ofizialen bidez 2006ko otsailaren 4a baino lehen (Ikertzaileen Estatutua indarrean sartu zen eguna) Espainian zein atzerrian ikerketa-arloko prestakuntza-programetan parte hartu zuten unibertsitate-graduatuei ere aplikatuko zaie.

Orain arte ordaindutako praktikaldia burutzen zuten ikasleak, soil-soilik, eman behar ziren altan, derrigor, Gizarte Segurantzan

Hala eta guztiz ere, konbenioa formalizatu ahal izateko, ordaindu gabeko praktikak 2024ko urtarrilaren 1a baino lehen eginak izan behar dira eta ordaindutako praktiken kasuan, 2011ko azaroaren 1a baino lehen. Betiere, interesdunak praktikaren iraupena egiaztatu beharko du.
Agindua 2024ko ekainaren 1ean sartu zen indarrean, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hilaren lehenengo egunean.

Kotizazioa etorkizuneko pentsioetan

Berrikuntzarekin praktikak burutzen dituzten ikasleek hainbat hobekuntza izango dituzte haien praktikaldi eskubideetan. Batetik, burututako praktikaldiaren kotizazio epe hori etorkizuneko pentsioan kontabilizatuko da. Praktikaldian burututako ordu kopurua etorkizuneko pentsioa kalkulatzerako garaian kontuan hartuko da.

Bestetik, praktikaldia egiten den bitartean babes handiagoa izango dute ikasleek istripu baten aurrean. Izan ere, ikasleek Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean besteren konturako langiletzat joko dira dira, sistema bereziak alde batera utzita. Hala ere, praktikaldia itsasontzian egingo balitz, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Erregimen Berezian sartuko lirateke.

Praktikaldia egiten den bitartean babes handiagoa izango dute ikasleek istripu baten aurrean

Bestalde, ekintza babeslea Gizarte Segurantzari dagokion erregimen aplikagarriarena izango da, langabeziarako babesa, Soldatak Bermatzeko Funtsa (SBF) eta lanbide heziketagatiko estaldura alde batera utziz. Belaunaldi arteko ekitate mekanismoari (BEM) ere ez diote ekarpenik egingo ikasleek. Ordaindu gabeko praktiken kasuan gertakizun arrunek eragindako aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa ere kanpoan geratzen da.

Era berean, prestazioei dagokienez, ikasleei aplikatuko zaien hileko kotizazio oinarria kalkulatzeko, Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorreko 8. kotizazio taldeko gutxieneko oinarria egindako praktika egun kopuruarekin biderkatuko da (38,89 euro hileko, 2023 urtean). Muga gisa Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorreko 7. kotizazio taldeko gutxieneko kotizazio oinarriaren zenbateko ezarri da. Ordaindu gabeko praktika egun bakoitza 1,61 egun kotizatutzat hartuko da, dagokion hileko egun kopurua ezin gaindituz. Praktika ikasleek ez dute derrigor ordainsari bat jasoko praktikaldiak iraun bitartean. Enpresak erabaki dezake praktikaldia ordaindutakoa izan edo ez izan.

Berrikuntzak hobari handia izango du Gizarte Segurantzako kuotetan, % 95eko murrizketa izango baitu gertaera arruntengatiko kotizazioan

Ildo beretik, berrikuntzak hobari handia izango du Gizarte Segurantzako kuotetan, % 95eko murrizketa izango baitu gertaera arruntengatiko kotizazioan. Gainera, lanbide heziketako ikasleen kasuan, gainerako % 5 Hezkuntza Ministerioak hartuko du beregain.

Aipatu bezala, neurriak onurak ditu praktikak egin dituzten ikasle oihentzat. Izan ere, hitzarmen berezi  bat sinatzeko aukera jasotzen du, arau hau indarrean jarri aurretik egindako praktika aldiengatiko kotizazioa zenbatzeko ikasle ohientzat.

Eta enpresei, zer suposatzen die?

2024ko urtarrilaren 1etik, enpresa guztiek praktikariei Gizarte Segurantzan altan eman beharko diete, praktikak ordaindutakoak izan edo ez izan. Derrigorrezkoak diren praktiken kasuan, Espainiar Gobernuak kuotaren % 95i egiten dio aurre, eta ikastetxeek % 5i, enpresak kargua saihestuz.

Curriculumaz kanpoko praktikak mugatu egingo dira, hain zuzen, praktiketako ikaslearen ikasketa prozesutik kanpoko praktikak. Izan ere, aurrerantzean gehienez ere praktikak 480 ordukoak izango dira, 60 egun 8 orduko lan jardunaldi batean, alegia.

Hamar langile baino gutxiagoko enpresek gehienez ere bi bekadun hartu ahal izango dituzte enpresak dituen langileak kontuan izan gabe

Ildo beretik, praktika ikasle kopurua mugatuko da enpresetan. Gehienez ere bekadunak plantillako langileen % 20 izango dira. Hala ere, hamar langile baino gutxiagoko enpresek gehienez ere bi bekadun hartu ahal izango dituzte enpresak dituen langileak kontuan izan gabe.

Ekintza zigorgarriak jarriko dira araudia betetzen ez duten enpresentzat, eta ikuskapenak ere handituko dira. Kanpaina bereziak egingo dira lan ikuskaritzaren eskutik, iruzurrak ekidin eta praktikak lanpostu erregularrak ez ordezkatzeko. Gainera, lege urratzeek isunak ekar ditzakete enpresentzat, eta horrek haien ospean ere eragina izan dezake, betiere, praktiketako ikasleek bidegabeko egoerak salatu ditzaketelako.

Agindua bi aldeen eskubide eta betebeharrak orekatzen saiatzen da, ikasleentzat kalitatezko eta baldintza justuko prestakuntza sustatuz

Laburki, agindua bi aldeen eskubide eta betebeharrak orekatzen saiatzen da, ikasleentzat kalitatezko eta baldintza justuko prestakuntza sustatuz. Izan ere, esan daiteke, indarrean sartu den aginduarekin praktikaldietako ikasleen eskubideak bermatu nahi direla, enpresengandik datozen iruzurrak ekiditeko asmoz.