Bilboko merkatari eta ostalarien bai biribila euskarari
Bilboko establezimenduen paisaian euskararen normalizazioa txertatzen jarraitu nahi du Biribilko proiektuak
Hizkuntza paisaian, euskarari bultzada emateko, ezinbesteko ekarpena egin dezakete merkataritza eta ostalaritza establezimenduek, gure egunerokotasunaren parte baitira. Horregatik, halako establezimenduetan euskararen normalizazioari bultzada emateko asmoz, Biribilko izeneko proiektua abiarazi zuen 2009an Bilboko udalak. Hamabost urteren ostean, egindako lana positibotzat jo du Eider Inunciaga Serna Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arreta eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako saileko zinegotziak.
Proiektua, udaletik eta Bilbao Ekintzatik sustatuta dagoena, HABEren, Bilboko Euskaltegi homologatuen, Bilbao Dendaken, Bilboko auzoetako merkatarien elkarteen eta Bizkaiko Ostalaritza Elkartearen babesa du. Estrategiaren muina dira egun euskara eskolak, establezimendutako langileei zuzendurikoak. Alegia, ez dira, ez jabeentzat, ez bazkideentzat, eta 90 euroren truke dituzte urritik maiatzera bitarteko euskara eskolak euskaltegietan. "Aurten, berritasun gisa, dirua itzuliko diegu eskolen %75era joaten direnei, betiere maiatzaren 1era bitarte joaten badira", kontatu du zinegotziak. Bi maila daude: oinarrizkoa, euskaraz ez dakitenentzat edo oso gutxi dakitenentzat, eta hobekuntzakoa, euskaraz zerbait dakitenentzat.
Orotara, 2.166 izen-emate izan dituzte martxan jarri zenetik, eta zehazki 2023-2024 ikasturtean, 125 langilek eman zuten izena, 114 establezimendutakoek. %50 ziren merkataritza establezimenduetako langileak, %30 ostalaritzakoak eta gainontzeko %20 beste establezimendu mota batzuetakoak. Adinari erreparatuta, gehienak, %38, 41-50 urte bitartekoak dira. Eta genero ikuspegitik emakumeak %72 eta gizonezkoak % 28.
Balorazio positiboaren arrazoiek ez dute soilik zerikusia aipaturiko zifrekin. Azken ikasturtean eginiko galdetegian, ikasleek 9,12ko nota eman diote programari, eta 9,18 punturekin gomendatuko liokete beste pertsona bati. "Horrekin ikusi dugu formatua eta metodologia linguistikoa egokiak direla. Era berean, gako dela zuzenean pertsonengan eragina izango den alor batean aritzea", adierazi du Inunciagak.
Barra-barra, euskaraz
Eskolak ez ezik, bestelako egitasmoak ere garatzen ari dira Biribilkoren baitan, eta oro har establezimenduetan euskararen erabilera bultzatzeko. Horren adibide da Euskara barra-barra Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan bultzatutako egitasmoa. Arreta euskaraz eman dezaketen Bilboko merkataritza eta establezimenduak identifikatzen ditu Euskaraz barra-barra ikur bereizgarriak. 319 establezimenduk dute egun ikurra hirian.
Ikastaroetan parte hartzen dutenek bestelako egitasmoetan ere parte hartzen dutela antzeman dute udaletik. "Ez da soilik hizkuntza gaitasuna hobetzen euskara eskolen programaren bidez, baizik eta beste programa batzuekin lotura ere. Eta horrek garrantzia handia du guretzat", plazaratu du.
Beharrak ulertu, saltoa emateko
Egitasmoa ondo badoa ere, eta aldiro-aldiro datu basearen parte diren 4.210 establezimendurekin inkesta egiten badute ere, hausnarketa bete-betean ari dira oro har estrategiari loturik. "Euskara alorrean diagnostiko soziolinguistikoa lantzen ari gara une honetan, amaitzear dagoena. Ez gara egiten ari bakarrik euskarazko eragileekin. Elkarrizketak entzunda ere, analisi nahiko sakona egiten ari gara, ikusteko Bilboko egoera zelan dagoen". Barne lanketarako tresna izango da diagnostikoa. "Jakin nahi dugu gaur egun gizarteak zer behar duen, eta zelan egokitu ahal ditugun gure politikak gizarteak dituen beharrizanetara", gaineratu du.
Arlo sozioekonomikoa erronka garrantzitsu gisa mahaigaineratzen ari da euskarari dagokionez. "Oraindik asko dago egiteke, eta nire ustez ildo horretatik ere jarraituko dugu, ez bakarrik arreta zuzena duten enpresekin. Adibidez, zerbitzu enpresekin egin daiteke lanketa, kulturan txertatu dezaten".
Arlo sozioekonomikoa erronka garrantzitsu gisa mahaigaineratzen ari da euskarari dagokionez
Euskara bezeroen fidelizaziorako, eta negozioen errentagarritasunerako tresna gisa neurtzea konplexua izan ohi da. "Ezin da baieztatu pertsona batek errepikatzen duela taberna baten, jatetxe baten edo denda baten euskaraz egin diotelako arreta", dio Inunciagak. Aitzitik, bada aukera neurtzeko Biribilkon parte hartu dutenei zer suposatu dien euskara ikasteak. "Bai aipatu dutela egoera hobetu zaiela", azaldu du. Segurtasuna ematen die, halaber, hizkuntza paisaiaren lanketa egin eta askotariko tresnak —kartelak kasu— euskaraz agertzea. "Pentsatzen dut horrek ere bezeroekin hartu-emana hobetu egiten duela".