BSH konpainia alemaniarrak Ezkirozen duen lantegia itxiko du
660 bat langilek egiten dute lan bertan, eta bi urte daramatzate aldi baterako enplegu erregulaziozko espedientean. Fabrika ez dela errentagarria argudiatu du BSHk
Hozkailuak eta garbigailuak ekoizten dituen BSH enpresak Ezkirozen duen lantegia itxiko du. Bosch, Siemens eta Balay marken ekoizlea da BSH talde alemaniarra eta itxiera prozesua sei hilabeteetan egin nahi dutela adierazi du, Nafarroako fabrika dagoeneko ez dela errentagarria argudiatuz.
660 bat langilek ditu egun Ezkirozeko lantegiak. Pasa den martxoan, enpresaren egoera iraultzeko plan bat eskatu zuten eta Nafarroako Gobernuarekin elkartu ziren. Langileen arabera, BSHk Turkian eta Polonian dituen lantegiek lana kentzen zioten Nafarrokoari. Gainera, ekainean, langileek salatu zuten taldeko zuzendarita ez zela lantegiko lan karga betetzeko konpromisoak betetzen ari, eta bi urte zeramatzatela aldi baterako enplegu erregulaziozko espedientean.
Taldearen zuzendaritzak azaldu du lantegia jada ez dela lehiakorra. Hala, gutun bidez jakinarazi die sindikatuei eta Nafarroako erakundeei erabakiaren berri. Langileen ordezkariek elkarretaratzea deitu dute eguerdirako.
Orain hasiko da enpresa ixteko negoziazio prozesua eta talde alemaniarrak ekainaren 15erako itxi nahi du lantegia. Epe horretara arte garbigailuak eta hozkailuak egiten jarraituko du enpresak.
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi du ustekabean iritsi zaiela berria, eta gobernuarentzat langileak direla orain kezka iturri nagusia. Mikel Irujo Industria eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilariak, bestalde, bilera eskatu dio BSHren zuzendaritzari.
Gogoratu behar da 2014an BSHk Nafarroan zuen beste lantegi bat itxi zuela, Villatuertan. Halaber, 2015era arte, BSHk Uharten zuen egoitza, baina orduan lekualdatu ziren Euskal Herritik kanpora.