Argazkia: CAF

ENPRESAK GAUR

CAFek bi hitzarmen berri lortu ditu merkatu italiarrarekin

Boloniarako 60 tranbia prestatu beharko ditu, eta Erromarako, beste 20

CAF konpainia euskaldunak bi hitzarmen berri sinatu ditu: bata Boloniarekin eta bestea Erromarekin. 200 milioi euroak gainditzen ditu bi kontratuen baturak. CAFek adierazi du “arrakasta berriak” direla kontratu horiek, jada badituelako hitzarmenak italiar merkatuan. Izan ere, tranbia, metro, eta bestelakoak ekoitzi ditu konpainiak Palermorako, Napoleserako, Veneziarako eta Milanerako, besteak beste.

Boloniaren kasuan, kontratu orokor bat esleitu dio udaletxeak CAFi 60 tranbiaz hornitzeko hiria. Gainera, tranbia horien mantenuaz arduratu beharko da CAF ondorengo lau urteetan. Hala ere, sinatutako kontratua 33 tranbiakoa izango da hasiera batean, 130 milioi eurotan balioztatutakoa. Urteak pasa ahala, hitzarmena 60 tranbiara handituko da, eta 72 tranbia izatera ere iritsi daitezke. Ekoitzitako tranbia bakoitzak bost modulu, 200 bidaiariko edukiera eta 35 metroko luzera izango ditu.

Bestalde, Erromarekin hitzartutako kontratuaren arabera, iaz sinatutako kontratu orokorra handiagotzea proposatu da. Zehazki, ATAC S.p.A operadore italiarrak (Erromako garraio publikoa kudeatzen duen enpresak) erabaki du CAFekin sinatutako hitzarmenari 20 tranbia gehitzea. Horien mantenuaz ere arduratu beharko da konpainia ondorengo bost urteetan zehar. CAFek adierazi duenez operadore erromatarrak flotako unitate zaharrenak berritu nahi ditu, baita linea berriak sortu ere.