Buenaventura, gaur goizeko agerraldian | Argazkia: Fernando Sánchez/Europa Press

ENPRESAK GAUR

CNMVk esango du noiz den "une optimoa" BBVAren Sabadellen gaineko erosketa publikoa gauzatzeko

Erabakia hartzeko ezinbestekoa izango da lehiaren batzordearen ikuspegia

Rodrigo Buenaventura CNMV balore merkatuaren Espainiako batzordeko presidenteak jakinarazi du erakundea "berrikusten" ari dela BBVAk Sabadell erosteko eginiko eskaintza publikoko liburuxka, eta ziurtatu du, behin liburuxka hori osorik berrikusita finkatuko duela zein den une "egokiena"  operazioa onartzeko.

Buenaventura Diputatuen Kongresuko Ekonomia, Merkataritza eta Eraldaketa Digitalerako Batzordean izan da gaur goizean, 2023ko urteko txostena aurkezteko, eta diputatuek eginiko galderei erantzun  die operazioari dagokionez. Dioenez, politika publikoaren bi helburu legitimoren arteko gatazkari egin behar dio aurre. Lehena, Banc Sabadelleko akziodunen eskubidea dago, eskaintza "lehenbailehen" jasotzekoa. Alegia, "bizkortasun betebeharra". Bigarrena, erabakia hartzeko informazio ahalik eta gehien izatea, CNMC merkatuen eta lehiaren Espainiako batzordearen epaia barne. Izan ere, lehia batzordetik ezartzen zaizkion baldintzak "oso garestiak" badira, eta talde bateratuaren emaitza asko aldatzen badute, akziodunek erabaki bat hartzeko izan dezaketen informazioa oso desberdina da.

Denbora eta informaziorako gaitasuna daude alde banatan, beraz.

Prozesua CNMCren mende dagoenean horrelako eragiketetan jarraitu ohi den jardunbidea ere aipatu du. Zehazki, azaldu du, historikoki, oso txikia izan dela Lehiaren analisia bigarren fasera eraman duten duten erosketa publikoko eskaintza kopurua. Bigarren fasera igarotzeak esan nahi du beharrezkoa dela azterketa xeheagoa gauzatzea bateratzeak eragin dezakeen arazoei buruz. Alegia, dagoen informazioarekin ez dela nahikoa finkatzea kausa artxibatu edo aurrera egiteko modukoa den.

Hala ere, pare bat aldiz errepikatu du CNMVren lehentasuna inbertitzaile minoritarioaren defentsa dela, eta erakundearen analisiari eta kudeaketari loturiko "lasaitasun eta konfiantza" mezua helarazi du.