La Cocina de Senén, Goxorrubi eta Casa Eceiza saritu dituzte elikagaien berrikuntzako sarietan
Produktua, prozesua, eta merkatuetako berrikuntza sariak lortu dituzte, hurrenez hurren
BTEM Euskadiko elikagaien berrikuntza sariak baditu 2022ko irabazleak. Basque Food Clusterrek eta Aztik antolatutako merezimenduak hiru irabazle izan ditu: lehenengoa, berrikuntza teknologiko kategoriakoa, La Cocina de Senén prestatutako plateren enpresa gasteiztarra, tortilla bidaiaria delakoagatik —metalezko pote baten barruan merkaturatzen den patata tortilla, alegia—; bigarrena, enpresa berrikuntza kategoriakoa, Goxorrubi marrubi eta bestelako fruta ekologikoko familia enpresa donostiarra, 0 kilometroko eta ekonomia zirkularraren aldeko apustuagatik; eta hirugarrena, merkatuetako berrikuntza kategoriakoa, Casa Eceiza gozogintza enpresa tolosarra, Donostiako benetako gazta tarta delakoa retailean eta online saltzeko egindako lanagatik.
Sari banaketa atzo egin zen, Food 4 Future azokaren testuinguruan, BECen. Bi urtean behin ematen dira, eta aurtengoa hirugarren edizioa da. BTEM sariek helburu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako berrikuntzak aitortu eta aintzat hartzea elikagaien balio-kate osoan jarduten diren enpresetan. Horregatik ditu aipatutako hiru kategoriak: berrikuntza teknologikokoa, kontsumitzaileen behar berriak identifikatzeko gaitasuna saritzen duena; enpresa berrikuntza, prozesuetan berrikuntzak txertatzeko gaitasuna saritzen duena; eta merkatuetako berrikuntza, negozio aukera berriak identifikatzeko gai direnentzat.