Izan zirelako
Egunkari Berria
Euskaldunon Egunkariaren itxieraren urteurrena igarota, Berria sortu zela hogei urte beteko dira ekainean. Bi hamarkadatan zenbait aldaketa jasan ditu hedabideak, eta aurrera begira ere berrikuntzak iragarri ditu
Aste honetantxe bete dira hogei urte Euskaldunon Egunkaria itxi zutenetik. Hogei urte euskara hutsean informazio orokorra eskaintzen zuen egunkari bakarra itxi zutenetik, zuzendaritzako hamar kide atxilotu zituztenetik, eta Donostian inoiz izan den manifestaziorik jendetsuena izan zenetik. 2003ko otsaila izan zen etapa bati amaiera eman zion hila, eta urte bereko ekaina, berriz, beste fase berri bati hasiera eman ziona, Berriari ongietorria eman ziona.
2003ko otsailaren 20a tristura handiz oroitzen du Amagoia Mujika Tolaretxipik, Berriako zuzendariordeak. 1995ean iritsi zen Euskaldunon Egunkariara lanera, eta azken egunera arte egon zen hedabidean beharrean. “Del Olmo epailearen ixteko aginduaren ondotik Guardia Zibila egoitza ixten ikustea sekulako kolpea izan zen, sentitze handi bat. Ilusio handiz ari ginen lanean, izugarrizko proiektua zen, lankideen artean giro ona zegoen eta erredakzioa etxe bat izatera iritsi zen guretzat”, gogoratzen du Mujikak. “Euskaldunon Egunkaria sendoen zegoen unean itxi zuten, gero eta orri gehiago egiten genituen, kalitatea ere hobea zen, eta esperientzia handia ari ginen hartzen”, gaineratu du. Izan ere, 1990eko abenduaren 6ko lehen alea 32 orrialdekoa izan bazen, 2003ko otsailaren 20ko 3.789.a, azkena, 70 orrialdekoa izan zen. Ordurako, egunean 15.000 aleko salmentak izaten zituen, 44.000 irakurle, bere webgunea ere bazuen, eta beste edozein egunkarik adinako kalitatea ere bai.
Amagoia Mujika Tolaretxipi: “Euskaldunon Egunkaria sendoen zegoen unean itxi zuten, gero eta orri gehiago egiten genituen, kalitatea ere hobea zen, eta esperientzia handia ari ginen hartzen”
Baina ez zuten etsi. “Behin itxita argi genuen hurrengo egunean ere kioskoan egon behar genuela” eta halaxe sortu zen Egunero, itxieraren inguruan lau hilabetez informazioa eman zuen egunkaria. Mujikak gogoan du lanak banatu egin zituztela, egunkaria argitaratzeaz gain, batzarrak, sindikatuekin bilerak, edota kultura eragileekin ekitaldiak ere antolatu beharra zegoelako. “Argi genuen Egunero trantsizioko egunkari bat zela, Berria sortu bitartekoa, eta lan asko zegoen egiteko”. Hala, 2003ko ekainaren 20an argitaratu zen azken aldiz, Berria lehen aldiz argitaratu bezperan.
Esperantza Berria
2003ko ekainaren 21ean kaleratu zen Berriaren lehen alea, eta Donostiako Belodromoan ospakizun giroan banatu zitzaien bertaratu zirenei. Zuzendariordearen hitzetan, “Berria garaipen bat izan zen, Euskaldunon Egunkaria itxi eta jendearen babesari esker sortu eta posible izan zelako. Eskerrak emateko egin genuen Belodromoko festa hura”. Baina jai giroaz gain, beldurrak ere astintzen zien gorputza garai hartan: “Aznarren gobernua zen eta euskal kulturaren kontrako bidea hartua zeukanez, edozer gerta zitekeen. Beldur ginen ea berriro norbait atxilotuko ote zuten, ea egunkari berria ere itxi egingo ote ziguten… Denbora asko pasa genuen beldur hori gainetik ezin kenduta”.
“Berria garaipen bat izan zen, Euskaldunon Egunkaria itxi eta jendearen babesari esker sortu eta posible izan zelako”
Aldiz, aurrera egin zuen Berriak eta, egun, informazio orokorra eskaintzen duen, euskara hutsean argitaratzen den, eta Euskal Herri osoan irakurgai dagoen egunkari bakarra da. Euskaldunon Egunkariaren nortasuna mantendu duela dio Mujikak, “talde lana edota euskara bezalako printzipioak galdu ez dituelako”. Hala ere, denborak aurrera egin ahala “nolabaiteko bilakaera” izan duela dio, bereziki, “digitalizazioaren eta gizarte ohituren eraginez”.
Ibilbide Berria
Euskaldunon Egunkariako langile izandakoek Euskarazko Komunikazio Taldea (EKT) sortu zuten, euskarazko egunkari nazional berria sortzearekin batera, eskualdez eskualde tokian tokiko herri egunkariak sustatu asmoz. Ildo horretan, Euskarazko Komunikazio Taldea S.A enpresaren baitan dagoen Euskal Editoreak S.L. da Berria egunkariaren jabea. EKT, beraz, sozietate anonimo bat da eta jabetza akzioetan banatuta du. 23.000 akziodun ditu. Berria Taldeak hainbat enpresa ditu (gehienak sozietate mugatuak) eta horietako bakoitzaren bidez bideratzen ditu jarduera nagusiak. Gainera, tokian tokiko hainbat hedabide ere baditu bere gain, Bertako Hedabideak S.L. enpresaren bitartez antolatuak. Halaxe sortu ziren hainbat eskualdetan Hitza egunkariak, tokian tokiko euskara elkarteen eta gizarte eragileen laguntzarekin. Gerora, 2010ean, lurralde bakoitzeko Hitzak jarri zituzten abian. Hala, Euskal Herri osoarentzat edizio bakarra egiten duen arren, Berriak tokian tokiko edizioak ere baditu.
Elene Barandiaran Amillano: “Gure komunitatea sostengu ekonomikoaren zutabe garrantzitsua da eta erronka handia dugu beraiek ezagutzen, beraiek aktibatzen eta beraien konpromisoa mantentzen”
Baina, enpresaren egitura zehaztuta izanagatik ere, erronka bat baino gehiagori egin behar izan die aurre Berriak. Gauzak horrela, 2008ko krisi ekonomikoa gaindituta, digitalizazioaren erronka sortu zitzaiela adierazi du Elene Barandiaran Amillano Berriako antolaketako arduradun eta estrategia taldeko kideak. Amaierarik ez duen erronka dela ohartarazi du, garaian garaikoa eskaintzea beharrezkoa delako: “Eginkizuna aldatu ez bada ere, komunikabidearen testuingurua guztiz ezberdina da. Zerbitzu aldaketak egon dira, eta eskaintza digitalera doan lana izugarri handitu da”.
Era berean, Berriaren komunitateak duen garrantzia azpimarratu du: “Gure komunitatea sostengu ekonomikoaren zutabe garrantzitsua da eta erronka handia dugu beraiek ezagutzen, beraiek aktibatzen eta beraien konpromisoa mantentzen”. Kontuan izan behar da kontsumitzaileen borondatezko ekarpen ekonomikoak jasotzen dituela Berriak (Berrialagunaren bidez), trukean abantaila batzuk eskainiz. Ondorioz, Berrialagunak, harpidedunak, publizitatea eta ordainpeko paperezko edizioa dira egunkariarentzat diru-iturri, finantzazio publikoarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak ere jasotzen baititu.
Berrialagunak, harpidedunak, publizitatea eta ordainpeko paperezko edizioa dira egunkariarentzat diru-iturri, finantzazio publikoarekin batera, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzak ere jasotzen baititu
Hori dela eta, komunitateari arreta berezia jarriz eta digitalizazioaren aldaketetara moldatuz, idatzizkoaz gain, bestelako eskaintza bereziak ere sortu dituzte. Berria Telebistaren sorrera izan da horietako bat, zenbait kanal eta podcastekin batera. Hala ere, sare sozialek berebiziko eraldaketa ekarri dute Barandiaranen iritziz: “Berria.euseko lan taldea handituz joan da, besteak beste, funtzio berriak sortu direlako. Edizio jarraitua elikatzeaz gain, sare sozialak ere kudeatu egin behar dira, gizarteak horretara behartzen gaituelako”. Kazetariek papererako zein webgunerako idazten dute, baina badago beste talde bat ataria editatzeaz arduratzen dena, eta talde jakin hori da Berriaren sare sozialez arduratzen dena.
Berria “berria”
Elene Barandiaranek argi dio: “Erronkak aldiro berritu behar ditugu, Berria ere etengabe berritzen ari delako”. Momentuz, zehaztuta dituzten helburu nagusien artean daude egungo garaietara egokitzeko beharra (digitalizazioari lotuta), komunitatearekiko konpromisoa, eta lan taldearen baldintzak hobetzea, lan talde feminista bat izatearekin batera. Hala, epe motzera begira, 2023a berrikuntzaren urtea izango dela jakinarazi du Barandiaranek, “20. urteurrenari begira, ziklo bat itxi ez baina berri bat irekiko delako”. Berria berritu egingo dutela dio, eskaintza oro berritu egingo dutelako, eta etxe barrura begira ere funtzionamendu osoa aldatuko dutelako. “Taldeari beharrezko dituen lan-baldintza duinak eskaini nahi dizkiogu, bai lana era egokian antolatzeko, baita eskaintza digitala sortzeko eta eskaintza hori hobetzeko ere”. Badator, beraz, Berria “berria”.