Ferreira, EHUko errektoretzarako hautagaitza aurkezten | Argazkia: Oskar Matxin/Foku

EHUko hauteskundeak

EHUko errektore-hauteskundeak: Eva Ferreiraren programa

Agintaldian zehar jasotako kritika eta erreguei partzialki erantzuteko asmoa agertu du Ferreirak programa berrian

Urtetan piztu izan ez duen interesa piztu du Euskal Herriko Unibertsitateko errektore berriaren aukeraketak, azken 16 urteetan gertatu ez bezala, 2024ko hauteskundeetarako bi hautagai aurkeztu baitira. Alde batetik, egun errektore den Eva Ferreirak bigarren agintaldi baterako hautagaitza aurkeztu du. Bestetik, Joxerra Bengoetxea zuzenbidearen filosofian katedraduna izango da bigarren hautagaia. Biek ala biek unibertsitate-bizitzako esparru guztiak kontuan hartzen dituzten programak aurkeztu dituzte. Programa mardul eta mamitsuak izaki, publikoarentzat aletzeko eta laburtzeko denbora hartu dugu, kanpaina hasi zenetik izan diren polemikak alde batera utzita.

Hauteskundeei buruzko lehen artikulu honetan Eva Ferreiraren proposameneko ideiarik garrantzitsuenak azalduko ditugu. Ferreira matematikan lizentziaduna, ekonomian doktorea eta ekonomia aplikatuko katedraduna da. Bigarren aldia da errektore izateko hauteskundeetan hautagaitza aurkezten duena; 2020ko hauteskundeetan, hautagaitza bakarra aurkeztu zenez, errektore kargua erdietsi zuen. Ez du agintaldi lasaia izan: pandemian hartu zuen kargua eta kritika zorrotzak jasan ditu unibertsitateko murrizketen eta lanaren prekarizazioaren harira. Bereziki nabarmentzekoak dira energia aurrezteko hartutako neurri drastikoak, langileekin negoziatu gabe agindutako zentro itxierak, jubilazio-akordioaren alde bakarreko deusestatzea eta lanaldi partzialeko ordezkoen egoeraren prekarizazioa.

Ikasketei dagokienez, formakuntza duala sustatzeko proposamena da nabarmen, baita nazioartekotzerako beharra ere

Agintaldian zehar jasotako kritika eta erreguei partzialki erantzuteko asmoa agertu du bere programa berrian. Ikasleei dagokienez, Jaurlaritzarekin matrikulen prezioa negoziatzeko asmoa agertu du, eta tokian tokiko garraiobide publikoen arduradunekin campusen arteko komunikazioa hobetzeko harremanetan jarriko dela dio. Gazteei bereziki eragiten dien etxebizitzaren arazoari erantzuteko, ikasleentzako egoitzetan 900 plaza berri sortzeko plana ere aurkeztu du. Era berean, unibertsitate-bizitzan ikasleen ongizatea bultzatzeko laguntza eta ekimen proposamen zerrenda luzea aurkeztu du, esaterako, irekiera ordutegiak zabaltzea. Ikasketei dagokienez, formakuntza duala sustatzeko proposamena da nabarmen, baita nazioartekotzerako beharra ere. Ingelesez irakasten diren ikasgaien kopurua handituko da, baina euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko ere aurrerapausoak emango dira.

Informazio gehiago EHUko errektore-hauteskundeak: Joxerra Bengoetxearen programa

Irakasle eta ikertzaileei dagokienez, ordainsari osagarrien eguneraketa da interes handiena piztu duen neurria. Horiek ez dira 2006tik eguneratu, eta egun ez dira soldata duintzeko tresna eraginkorra. Era berean, ordutegia malgutzeko eta burokrazia murrizteko proposamenak ere aurkeztu ditu, irakasle-ikertzaileen jarduna arintzeko asmoz. Irakasle berrientzako laguntza eta egonkortze prozesua bizkortzeko asmoa ere adierazi du. Horrekin loturik doa ordezko irakasleen duintzearen afera, horiek baitira normalean lan-karrera hasieran dauden eta egoera prekarioena duten irakasleak. Lanaldi osoko ordezkapenak bultzatzea du helburu, nahiz eta egun formula hori inplementatzeko traba errealik ez egon.

Irakasle eta ikertzaileei dagokienez, ordainsari osagarrien eguneraketa da interes handiena piztu duen neurria. Horiek ez dira 2006tik eguneratu

Administrazioko langile eta teknikarientzako lan kargaren berrazterketa da punturik esanguratsuena. Kolektibo horietako plantilla %50 handitzeko asmoa dago, eta egungo langileen lan-kargak berraztertzeko, burokrazia murrizteko eta plantilla berrantolatzeko proposamenak ere ageri dira programan. Halaber, telelana sustatzeko eta etengabeko formakuntzarako proposamenak ere aipatzen dira. Ordutegiak berrikustea ere mahai gainera ekarri du Ferreirak. Hala ere, ikusteke dago nola uztartuko duen hori ikasleei egindako ikastegiak luzeago zabalik izateko promesarekin.

Neurri horiek ezin inplementa daitezke unibertsitatearen finantziazioa handitu ezean. 2030ean BPGaren %1eko aurrekontuak erdietsi nahi ditu Ferreirak. Horretarako, Jaurlaritzaren diru sarrerez gain, beste erakunde batzuen mezenasgoa ere aztertzea proposatu du. Europako proiektuak erakartzearen garrantzia ere adierazi du. Baliabideak hobeto kudeatzeko, zentroei askatasun handiagoa emango die eta energia kontsumoa %35 murrizteko plana ere aurkeztu du. Ikusteke dago, ordea, etorkizuneko aurrekontuak behar handiena dagoen tokietara bideratzen diren, fakultate eta zentro berriak eraikitzeko asmoari garrantzi handia ematen baitzaio programan. Ikusi beharko da, halaber, nola uztartzen den hori soldaten duintze eta langileen egonkortze programekin eta ikerkuntzarako aurrekontua bikoizteko asmoarekin.

2030ean BPGaren %1eko aurrekontuak erdietsi nahi ditu Ferreirak. Horretarako, Jaurlaritzaren diru sarrerez gain, beste erakunde batzuen mezenasgoa ere aztertzea proposatu du

Datozen egunetan EHUko hainbat zentrotan agerraldiak egingo ditu Ferreirak programa aurkezteko eta komunitatearen galderei erantzuteko.