EHUko irakasle talde batek soldatak duintzeko kanpaina abiarazi du
EHUko irakasleen soldatak Eusko Jaurlaritzako maila bereko langileen soldatekin berdintzea eskatu dute
Irakasleak "aktibatu" eta errektoretza "urduritu" duen komunikatu batekin esnatu da Euskal Herriko Unibertsitatea. Asteburutik mezularitza zerbitzuetan eta sare sozialetan bolo-bolo zabaldu den mezu batek EHUko irakasleen eta ikertzaileen soldatak perspektiban jartzera gonbidatu du.
Aurreko astean unibertsitate aurreko irakaskuntzako irakasleen soldatak izan ziren hizpide Eusko Jaurlaritzak eskola kontzertatuetako irakasleen soldatak hezkuntza publikokoen soldatekin berdindu nahi eta gainditu zituelako. Eskola publikoaren aldeko aldarriak entzun ziren nonahi eta kontzertuak amaitzeko eskatu zuen baten batek. EHUko irakasleek, ordea, beste irakurketa bat egin zuten: Eusko Jaurlaritzaren menpeko irakasle guztiengandik EHUko unibertsitate-irakasleak dira soldata baxuena daukatenak, nahiz eta unibertsitateko irakasle izateko gaur egun nahitaezkoa den doktore titulua izatea eta plaza lehiaketa publiko batean erdiestea.
EHUko soldata duinen aldeko plataformako irakasleak ez dira aurreko asteko albiste horren gainean eraitzeko antolatu. Zuzenean interpelatu dute Eusko Jaurlaritza eta maila bereko funtzionarioen soldatak eskatzen dituzte. Izan ere, EHUko irakasleak A1 taldeko langileak dira eta 26-29 mailetan aritzen dira. Analisian azaldu bezala, egun jasaten duten soldata diskriminazioak Eusko Jaurlaritzako maila bereko langileek baino %60 gutxiago irabaztea dakar, kasurik onenean, irakasle doktore laguntzaileen kasuan (irakasle karreraren hasieran) alde hori %90ekoa ere izan baitaiteke. Adibide baten bidez argi ikusten da: EHUko irakasleen gehiengoa A1 27 mailako langilea da. Eusko Jaurlaritzako maila bereko langile batek 66.347,11 euro irabazi zituen 2023an, EHUko irakasleek 34.144,27 euro edo 37.938 euro irabazi zuten artean.
Eusko Jaurlaritzak badaki soldata arrakala hori dagoela eta 2006an hori murrizteko soldata-osagarriak sortu zituen EHUko irakasle eta ikertzaileentzat. Hala ere, irakasleek nabarmendu dute 18 urteko ibilbideak "argi utzi duela soldata-osagarri horiek ez direla nahikoa soldata duintzeko". Lortuz gero, 2000 euro inguruko urteko soldata hobekuntza dakar osagarri bakoitzak eta ezta denak batuta ere ez da Eusko Jaurlaritzako maila bereko langileen soldata lortzen. Horri gehitu behar zaio osagarriak sortu zirenetik KPIak %43 egin duela gora, baina osagarriek ez dutela inolako eguneraketarik jasan.
Horregatik guztiagatik, baita azken urteetan EHUn gertatu den plantilla murrizketagatik eta irakasleei esleitzen zaizkien kudeaketa-lanen biderkaketagatik, irakasle plataformak “aski da!” ozenki oihukatzeko unea dela erabaki du. EHUko irakasle izateko formakuntza luzea da, "epaile edo fiskal batek izan dezakeena bezain luzea. Zergatik ez orduan maila bereko ordainsaririk jaso?"
Analisi osoa hemen irakur daiteke baita atxikimendua adierazi ere. Datorren astean hasiko da EHUko errekoretza berrizteko hauteskunde kanpaina eta ikusteko dago soldata duintasunaren aldeko borrokak bertan izango duen eragina.