Bengoetxea aste honetan emandako hitzaldi batean | Argazkia: Oskar Matxin/Foku

EHUKO HAUTESKUNDEAK

EHUko errektore-hauteskundeak: Joxerra Bengoetxearen programa

Bengoetxea errektoregaiaren programak unibertsitateak gizartean duen eragina du bizkarrezur

Hamasei urtean lehenengoz bi hautagaitza aurkeztu dira Euskal Herriko Unibertsitateko errektoretzara. Uda zen eta hauteskundeak urrun zeuden Joxerra Bengoetxeak bere hautagaitza aurkeztu zuenean. Orduko agerpenetan, unibertsitateko langileen baldintzak hobetzeko asmoa adierazi zuen. Egun, kanpaina hasita, unibertsitateko esparru guztietara zabaltzen den programa zabala aurkeztu du.

Joxerra Bengoetxea Zuzenbidearen Filosofian katedraduna da eta, EHUn irakasle eta ikertzaile gisa egindako lanaz gain, ibilbide luzea izan du nazioartean ere. Bengoetxeak eta bere hautagaitzarako taldeak unibertsitatearen egoeraren analisi-diagnostikotik jaiotako programa aurkeztu dute. Hauteskundeetarako prestatutako txostenean, diagnosia zein analisitik ateratako ondorioak eta etorkizunerako erronka eta ekintza espezifikoak irakur daitezke. Miaketa sakon horren emaitza aztertu eta hona ekarri dugu laburtuta.

Bengoetxearen taldeak datozen urteetarako programa bost ardatz nagusitan egituratu du. Lehen ardatza unibertsitatearen antolakuntza eta gobernantzari eskaini dio eta bertan EHUren etorkizuneko formarako proposamenak aurkeztu ditu. Bengoetxearen taldeak irudikatzen duen unibertsitatea autonomian oinarrituko da, bai entitate mailan, baita ikastegi mailan ere, hurbileko kudeaketaren onurak esplotatzeko. Horretarako Eusko Jaurlaritzarekiko negoziazio ahalmena erabiltzeko asmoa eta unibertsitateko estamentu guztien ahotsa entzuteko mekanismoak sortzeko asmoa agertu ditu. Era berean, unibertsitatea bere hurbileko testuinguruan garatu nahi du, Euroeskualdeak ematen dituen abantailak aprobetxatuz eta euskal gizarteak dituen erronkei erantzunez, hala nola, genero arrakala murriztea, euskarari dagokion lekua bermatzea eta datuen burujabetasuna software librearen bidez bermatzea.

Bengoetxearen taldeak irudikatzen duen unibertsitatea autonomian oinarrituko da, bai entitate mailan, baita ikastegi mailan ere, hurbileko kudeaketaren onurak esplotatzeko

EHU 50.000 kideko komunitatea den heinean, bertako ikas- eta lan-baldintzei ere tarte zabala eskaini zaie programan. Ikasleei dagokienez, era autonomoan antolatzeko eta ekintzak garatzeko tresnak emateko asmoa agertu dute. Bizi-baldintzei dagokienez, ikasle-egoitzetako postu kopurua handitzea eta udalekin batera alokairua kudeatzea da adarretako lehena eta campusetarainoko garraio publikoa hobetzea eta campusetako kirol eta aisialdi instalazioak eguneratzea, bigarrena. Era berean, ikasle guztien aukera berdintasuna bermatzeko, ikasteko baliabideen erabilera eta ikasteko gelen ordutegia berraztertzeko asmoa dute. Irakasle eta ikertzaileei dagokienez, oinarrizko soldaten eguneraketa oinarri hartuta, osagarriak eguneratzea, lanaldi osoko ordezkapenak bultzatzea, jubilazio akordioa errebisatzea eta bereziki prekarioak diren doktoretza aurreko ikertzaileen soldatak duintzea proposatzen dute. TEKAZELei dagokienez, kategoria baxuenetako langileen soldatak Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzea proposatzen du, baita plantilla zabaltzea ere, lan kargak berrantolatu eta arintzeko asmoz. Horretarako, EPEak maiz izatea ezinbestekoa dela uste dute. Halaber, kolektibo guztientzako etengabeko formakuntza eta lana era duinean egiteko neurriak ere proposatzen dituzte. Baldintza hobekuntza hori egingarria izateko, 2030erako EHUren finantziazioa BPGaren % 1aren parekoa izan behar dela aldarrikatzen dute.

Informazio gehiago EHUko errektore-hauteskundeak: Eva Ferreiraren programa

Ikas-irakaskuntzari dagokionez, asmorik nabarmenena ikasketa-ibilbidean suerta daitezkeen oztopo eta trabak saihestea da. Hala, egutegia eta matrikula tasak berraztertzeko eta ikas-ibilbidean zehar ikasleen ahotsa entzuteko eta laguntza emateko konpromisoa agertu du Bengoetxeak. Irakasleentzat ere harrera eta laguntza erremintak garatzeko asmoa ere badu. Izan ere, unibertsitatea modernotzeko bidean, etengabeko prestakuntza beharko dela uste dute adimen artifiziala eta teknologia berriak ikas-irakaskuntzan txertatzeko eta ikasleen enpleagarritasuna bermatzeko.

Ikerketak EHUn duen garrantzia azpimarratuta, hori kalitatez gauzatu ahal izateko behar diren baliabide administratiboetan ere jarri du Bengoetxeak fokoa. Ikerketaren finantzazioa egonkortzeko eta ikerketaren kudeaketan diharduten administrazioko langileen kopurua handitzeko asmoa du. Era berean, ikerketa-karrera osoan laguntzeko mekanismoak, genero arrakala txikitzeko emakumezkoen ikerketa-merituen azaleratzea eta nazioartean EHUren posizioa aintzatestea ere azpimarratu dituzte programan zehar. Ikerketa modernotze aldera, ebaluazio irizpide berriak inplementatzea eta dibulgazioak duen balioa aintzatestea dira helbururik nabarmenenak hautagaitza honentzat.

Ikerketaren finantzazioa egonkortzeko eta ikerketaren kudeaketan diharduten administrazioko langileen kopurua handitzeko asmoa du

Bengoetxearen programaren azken atala da ziurrenik bere hautagaitza ondoen definitzen duena. Unibertsitateak gizartearekiko eta kulturarekiko duen konpromisoa azpimarratu nahi izan dute bertan. Bengoetxearen taldeak EHUk inguruko errealitatean agente aktibo eta eraldatzaile gisa duen ardura azpimarratu du, baita nazioartean eta diasporan duen eragina ere. Horretarako, transferentziari eta dibulgazioari indar berezia emateko asmoa dute. Argitalpenen kopurua handituz, EHUko ikertzaileen presentzia medioetan eta erabakiguneetan handituz eta ikasleak zientzia zein kultura ekoizpenean engaiatuz, EHUtik sortutako jakintza gizarteratzeko asmoa adierazi dute. Enpresekiko harremana bultzatzeko interesa ere badago, tesi industrialen eta ikasleen enpleagarritasunaren lanketaren bitartez. Alderantzizko norantzan, unibertsitatetik kanpo egindako lana eta boluntariotza aitortzeko asmoa ere agertu dute.

Datozen asteetan, EHUko campusetan aurkezpenak egingo ditu Bengoetxearen taldeak hautagaitza-programa azaltzeko eta komunitatearen galderei erantzuteko. Era berean, azaroaren 19an Joxerra Bengoetxeak Eva Ferreirarekin hartuko du parte hauteskunde-eztabaidan.