Elektronikaren azken zirkuituan biraka
Fagor taldeko zortzi kooperatibetako bat da Arrasateko Fagor Electronica. Azken hilabeteetan merkatu berrietan sartzeko urratsak eman ditu; horren erakusle Fagor Multimedia Solutions proiektua.
Astigarragako Triax Digital Solutions (TDS) enpresa erosi zuen pasa den martxoan Fagor Electronicak. Erosketa hartatik Fagor Multimedia Solutions enpresa sortu dute, eta kooperatiban integratzeko prozesua azkentzen dabiltza urte amaiera honetan. Eragiketa horrek egoitzen eta zerbitzuen sektorean “bolumen handiagoa” eta multimedia soluzio konektatuetan “eskaintza osatuagoa eta balio erantsi handiagokoa” izatea ahalbidetuko diela iritzi dio Gorka Guerra Fagor Multimedia Solutionseko zuzendariak.
Azken hilabeteetan negozio berrietan murgiltzeko urratsak eman ditu Fagor taldeko kooperatibak; Fagor Multimedia Solutions da horren erakusle. Guerraren esanetan, enpresa berriaren bidez azpiegitura teknologikoan, konektagarritasunean eta multimedian dituzten gaitasunak uztartuko dituzte, eta irtenbide “integralagoak” eskaini, merkatuaren egungo eskarietara egokitzeko. “Telebista eta multimedia teknologien sektoreko Txapeldunen Ligan sartu gara eta epe ertainera begira, multimedia-soluzioetan eta konektibitatean Europako erreferente gisa sendotu nahi dugu”.
Dagoeneko Edge to cloud (bazterretik hodeira) ekosistemetan inbertitzen ari dira, bezeroari malgutasun eta eskalabilitate gehiago eskaintzeko asmoz. Datu kopuru handien prozesaketa errazten duen teknologia da Edge to cloud, latentzia (informazioak toki batetik bestera joateko behar duen denbora) murrizten baitu eta datuek ez direlako datu zentrotara bideratzen.
“Gure sektoreak duen bilakaera segitzen ari gara, non estandar berriek, segurtasunak eta esperientzia hobeagoen eskaerak geroz eta garrantzia handiagoa duten. Gure ikuspegia da joera horiei aurrea hartzea eta gure bezeroen ekosistema digitalaren parte izatea”, gehitu du Guerrak.
Jaiotzez, Ulgor kooperatibaren elektronika dibisioa
Merkatuko azken berritasunak begiz jota ditu Fagor Electronicak, baina aldagai elektronikoen merkatuan aspalditik dihardu. Automozioa, etxetresnak, energia eta telekomunikazio sektoreetan batik bat. Fagor taldeko zortzi kooperatibetako bat da. 1966an sartu zen taldean, nahiz eta enpresa 1959an eratu zen Ulgor kooperatibaren elektronika dibisio bezala. “Fagor taldearen parte izateak egonkortasun finantzarioa bermatzen digu. Taldeko beste dibisioekin sinergiak garatu eta berrikuntza eta banaketa sare orokor batera sarbidea errazten digu”, kontatu du Txema Otero kooperatibako zuzendari komertzialak.
Erdieroaleak ekoizten dituzte; potentzia handiko eta kontsumo adimenduna duten diodo eta tiristoreak. EMS zirkuitu elektronikoak ere fabrikatzen dituzte eta baita multimedia zerbitzuak eskaini ere. Hori gutxi balitz, telebista seinalea jaso, prozesatu eta banatzeko teknologia emateaz ere arduratzen dira.
Txema Otero: “Fagor taldearen parte izateak egonkortasun finantzarioa bermatzen digu. Taldeko beste dibisioekin sinergiak garatu eta berrikuntza eta banaketa sare orokor batera sarbidea errazten digu”
Arrasaten dute egoitza nagusia eta bulego bana Astigarragan eta Santanderren (Espainia). Halaber, lantegiak dituzte Tailandian, Turkian eta Mexikon eta merkataritza bulegoak Alemanian, Singapuren, Hong Kongen, Txilen eta Kolonbian. Nazioartekotzea da, beraz, Fagor Electronicaren estrategia nagusienetako bat: “gure merkatu garrantzitsuenak Europa, Amerika eta Asia dira, eta Espainian, Alemanian eta Estatu Batuetan saltzen du gehien”, nabarmendu du Oterok.
Iaz 90 milioi euroko fakturazioa izan zuen eta aurten 95 milioi eurokoa izatea espero dute. 2025era begira, kooperatibak aurreikusten du 100 milioi euroko langa gainditzea, batik bat, energia berriztagarrien eta digitalizazio industrialaren sektoreen hazkundea dela eta.
Merkatuko fluktuazioak orekatuz
Azken urteotako fakturazioak gorantz egin du, baina nazioarteko geopolitika ezegonkorrak izan du inpaktua kooperatibaren jardueran. Zuzendari komertzialak aitortu du sumatu dutela eragina euren “horniketa katearen egonkortasunean”, baita lehengaien kostuen “fluktuazioan” ere. Gure hornitzaileak dibertsifikatzeko eta logistika indartzeko estrategiak ezarri ditugu, eragin horiek arintzeko”.
Automozioaren krisia ere sumatu dute, nola ez. “Ziurgabetasun handia dago, eta gure presentzia dagoen proiektu asko moteldu egin dira. Mendebaldeko enpresa fabrikatzaile handiak ibilgailu elektronikoaren gaineko estrategiak birplanteatzen ari dira”, azaldu du.
Otero: “Dibertsifikazioak merkatuko fluktuazioak orekatzen lagundu digu. Sektore bat gainbeheran dagoenean, beste bat hazten ari da. Honek nolabaiteko egonkortasuna eman digu eta berrikuntzan inbertitzeko aukera"
Enpresak 2024rako aurreikusitako salmentak apur bat murriztuko dira aurreko urtearekin alderatuta, baina 2025erako aurreikuspenak baikorragoak direla argitu du Oterok. Era berean, gaineratu du dibertsifikazioak lagundu diela nazioarteko egoera ekonomiko ziurgabeari aurre egiten. “Merkatuko fluktuazioak orekatzen lagundu digu. Sektore bat gainbeheran dagoenean, beste bat hazten ari da. Honek nolabaiteko egonkortasuna eman digu eta berrikuntzan inbertitzeko aukera”.
Bazkideak, konpromisoaren sostengu
600 bat langile dira guztira kooperatiban, eta horietatik %65 bazkide. Oteroren ustetan, ehuneko horrek indartu egiten du Mondragon korporazioko kooperatibaren eredu parte-hartzailea eta enpresak dituen helburuak betetzeko konpromisoa areagotzen du.
Horrekin batera, talentua kudeatzeko eta profil profesional egokiak bilatzeko unibertsitate eta zentro teknologikoekin kolaboratzeko apustua egin du. “Talentua identifikatu eta formatu nahi dugu adin goiztiarrenetan”. Gainera, diotenez, kooperatiba barnean, “oso sentsibilizatuta” daude lan-harremanen esparru berria zehazteko. “Lan-ildoak garatzen ari gara, egoera berrira arinago eta eraginkorrago egokitzeko”.
600 bat langile dira guztira Fagor Electronican, eta horietatik %65 bazkide
Etorkizunera begira, erronka ugari ditu Fagor taldeko kooperatibak. Funtsean, baina, “teknologiaren abangoardian” jarraitu nahi du, eta horretarako ezinbestekoa jotzen du geroz eta ingurune lehiakor eta jasangarriago batera egokitzea eta nazioarteko presentzia are gehiago hedatzea. Aldi berean, estrategikotzat dituzten mugikortasun elektrikoaren eta energia berriztagarrien sektorean berrikuntza gaitasuna indartu nahi dutela azpimarratu du Oterok.