Argazkia: iStock

ENPRESAK GAUR

Enpresen sorrerak gora egin du Nafarroan, baina behera EAEn

82 sozietate berri sortu dira foru erkidegoan, eta 3 disolbatu; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa artean, berriz, 162 berri daude eta 62k eten dute jarduna

Enpresen sorreran eta disoluzioan alde nabariak ikusi dira Hego Euskal Herrian. Abuztuko datuak partekatu berri ditu INE Espainiako estatistika institutuak, eta, urte arteko tasari erreparatuz Nafarroan %60,7ko hazkundea izan den bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoan %18,6 egin du behera. Izan ere, Nafarroan 82 merkataritza-sozietate berri sortu dira, eta bakarrik 3k eten dute jarduera, EAEn 162 sortu eta 62 disolbatu diren bitartean.

Enpresa berrien sorrerarako kapitala 5,15 milioi eurokoa izan da foru erkidegoan, iaz 929.000 izan ziren bitartean. Batez beste 62,8 milioi euro erabili dira enpresa bat sortzeko. EAEri dagokionez, 11,2 milioi euro erabili dira sozietate-merkantilak abiarazteko, iaztik %115,32 hazita.

Izan dira, era berean, kapitala zabaldu duten enpresak ere, bai EAEn, bai Nafarroan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan %34 gutxiagok egin dute, 54 enpresak, zehazki, eta 20,61 milioi euroko kapital-zabalkuntza izan da guztira. Foru erkidegoan, 17 izan dira kapital-zabalkuntza gauzatu dutenak —iaz baino lau gutxiagok—, eta 3,298 milioi eurokoa izan da.