Eroskik 66,3 milioi euroko irabaziak izan ditu hirugarren hiruhilekoan
Fakturazioa %2,4 handitu du, salmenta gordinak 4.367 milioi euroraino igo baitira
Eroskik “emaitza positiboak” izan ditu 2024ko otsailaren 1etik urriaren 31ra bitarteko salmentei dagokionez. Izan ere, taldeak argitaratu dituen datuen arabera, %2,4an handitu dute euren salmenta gordina, alegia, 4.367 milioi eurotara iritsi dira. Hala, 66,3 milioi eurokoak izan dira irabaziak.
Elikagaien arloko salmentak azpimarratu ditu Mondragon taldeko kooperatibak, 4.149 milioi euroraino iritsi baitira. Zifra hori 2023ko lehen bederatzi hilabeteen aldean, %3,1 handiagoa da. Hazkunde hori, Rosa Carabel Eroskiko zuzendari exekutiboaren esanetan, “prezio politika berriak bultzatu du”, eta taldeak “kontsumitzaileei arnasa emateko” egin duen eginahala azpimarratu du.
Izan ere, adierazi dutenez urteko lehen sei hilabeteetan 33 milioi eurotik gorako aurrezkia bildu du Eroskik, eta Eguberrian beste 22 milioi euro inbertituko ditu promozio berezietan, Gabonetako eskaintza handia izeneko kanpaina dela eta.
Oraindik amaitu ez den urteko azken hiruhilekoari dagokionez, Eroski taldeak “perspektiba onak” ditu: “hazkundea sendotzen saiatuko da, eta errentagarritasuna egonkortzen”.