Marta Carazo Eroskiko Berdintasun Behatokiko arduraduna eta Teresa Romero Gurutze Gorriko enplegu arduraduna | Argazkia: Europa Press / Mitxi Miguel Calvo Alejo

ENPRESAK GAUR

Eroskik eta Gurutze Gorriak akordioa sinatu dute genero indarkeriaren biktimen laneratzea sustatzeko

“Lan merkatu justu eta berdinzale bateranzko aldaketak sustatu” nahi dituztela azaldu dute taldeek

Eroskik eta Espainiako Gurutze Gorriak hitzarmen bat sinatu dute genero indarkeriaren biktima diren emakumeen laneratzea sustatzeko. Tratua sinatu dute Teresa Romero Gurutze Gorriko enplegu arduradunak eta Marta Carazo Eroskiko Berdintasun Behatokiko arduradunak.

Azaldu dutenez, elkarren arteko lankidetza bultzatuko dute “enplegua lortzeko aukera gutxi” dituztenak lagunduta, eta “lan merkatu justu eta berdinzale bateranzko aldaketak sustatuta”. “Aurrerapauso” gisa definitu du Carazok hitzarmena. Bestalde, Romerok gehitu du enplegua “funtsezko elementua” dela pertsona horien erabateko integraziorako.

Eroski taldeak 2005. urtean jarri zuen martxan Berdintasun Behatokia, erakunde osoan printzipio hori betetzen dela kontrolatzeko erabiltzen duten tresna. Horrez gain, 2023. urtean “Eroski taldearen berdintasun plana” sortu zuten, Berdintasun Batzordearekin batera.