Esku pilotaren muina
Pilota bakoitzak bere berezitasunak dituen arren, pilotak egiteko prozesua oso oinarrizkoa da: kiskia, artilea, kotoizko haria eta larrua dira behar diren materialak
Esfera da jolas eta kirol aniztasun handiena sortu duen forma geometrikoa. Baloi eta pilotekin pentsatu besterik ez dago. Hain zuzen ere, azken hori da euskal kulturan errotuen dagoen elementuetako bat, herri hainbeste frontoi ere eraikiarazi dituena. Handiago zein txikiago, gogorrago zein bigunago, biziago edo motelago izan daitezkeela jakin badakigu, baina zein ezaugarri ditu pilota batek? Eskuekin harria jotzen deneko esamolde hori egia ote da? Pilotagileek argitu dizkigute zalantzak.
“Pilota baten sonoritatea, elastikotasuna, botea eta abiadura aldatu egiten dira fabrikatzeko erabiltzen diren materialen tamainaren, pisuaren eta kalitatearen arabera”, argitu du Ander Zulaika pilotagileak. “Gainera, pilota bera asko alda daiteke jotzen duen frontisaren, irristatzen den zoruaren, jokatzen den guneko tenperatura eta hezetasunaren, eta pilotariaren emateko moduaren arabera”, gaineratu du. 1990. urtean ekin zion Zulaikak pilotak ikertzeari eta fabrikatzeari. Aitaren ofizio eta afizioari jarraiki, piloten kalitatea hobetzeko teknika eta prozesu berriak garatzen ditu Atarrabian (Nafarroa) duen lantegian.
Ander Zulaika: “Pilota baten sonoritatea, elastikotasuna, botea eta abiadura aldatu egiten dira fabrikatzeko erabiltzen diren materialen tamainaren, pisuaren eta kalitatearen arabera”
Hormetako pinturak eta publizitateak ere piloten portaeran eragina izaten dutela adierazi du, margotutako frontis bateko pinturak, kolpearekin, pilota jan egiten duelako eta pilota hori gutxiago ateratzen delako. “Geruzak eta geruzak gehituz gero, pinturak kolpea jaten du. Logikoa denez, alde handia dago horma biluzi edo margotu bat kolpatu”. Halaber, aniztasun hori esku pilotaren berezitasunaren parte dela uste du.
Nola egin pilota bat?
Zulaikaren arabera, pilotako jokoak ez du zerikusirik lehengoarekin eta, ondorioz, pilotak ere ezberdinak dira. Hori bai, pilotak egiteko prozesua oso oinarrizkoa da: kiskia, artilea, kotoizko haria eta larrua dira behar diren materialak. Kiskiak pilotak botea egiteko balio du; artileak pilotari gorputza ematen dio; kotoizko hariak artile hori eusten du; eta larruak pilotak behar duen sendotasuna ematen dio, iraun dezan.
“Frontoiaren eta bezeroaren arabera aldatu egiten ditugu pilotak, moldatu egiten ditugu”
“Frontoiaren eta bezeroaren arabera aldatu egiten ditugu pilotak, moldatu egiten ditugu”, dio Zulaikak. Izan ere, egin nahi den pilota motaren arabera materiala jartzeko modua aldatu egiten da, material bakoitzetik kopuru jakin bat jarri behar delako. Hala, asko aldatzen da umeentzako pilota goxo bat egiteko prozesua, edota zesta puntako pilota bat egitekoa, bai materialean eta baita denboran ere. “Pilota goxoa momentuan egin liteke, baina profesionalentzako pilota bat, erremontekoa edota zesta puntakoa egun gehiagotako lana izaten da. Denbora askoko prozesua izaten da, eta pazientzia handia eskatzen du”, azaldu du.
Aitak pilota egitearen prozesu guztia eskuz egiten bazuen ere, zenbait berrikuntza txertatu dituzte Zulaika Pilotak-en lantegian: “Larrua jartzea ez beste guztia makinaz egiten dugu, eta horrela kontrolatzen dugu prozesu horren zehaztasuna eta denbora. Hori bai, larrua eskuz josten dugu”. Guztira bost langile aritzen dira Zulaikaren lantegian beharrean, era guztietako pilotak eginez. Egunean 60 bat pilota egiten dituzte, eta bakoitzak astero 60-90 pilota artean josten ditu, dituzten eskaeraren arabera.
Pilotaren merkatua
Prezioei lotuta, merkeenak pilota goxoak izaten direla dio Zulaikak, 12 euroko prezioan saltzen dituztelako. Garestienak, berriz, Jai Alaiko pilotak lirateke, 90 euroko kostua dutelako. Horren arrazoia, zesta puntako pilotaren %80a latexarekin egin beharra litzateke, lan, denbora eta pazientzia handia eskatzen duen prozesua izaki. Profesionalek erabiltzen dituzten pilotak, berriz, 31 euroan saltzen dituzte, eta palakoak, erremontekoak edo bestelakoak prezio tarte horretan leudeke, hau da, 12 eta 90 euro bitartean.
“Merkatua txikia da. Euskal Herrian dugu bezero gehien, Frantziara, Ipar Amerikara eta Hego Amerikara ere esportatzen dugun arren”, dio pilotagileak, “Frantziara %10 inguru esportatzen dugu, eta Mexiko eta Argentinara %3-%5 inguru. Gehiena Euskal Herrirako izaten da”.
“Frantziara %10 inguru esportatzen dugu, eta Mexiko eta Argentinara %3-%5 inguru. Gehiena Euskal Herrirako izaten da”
Azken urteetako eboluzioa ikusita, pilotari etorkizuna ikusten dio Zulaikak, baina ez du zalantzarik egiten pilotan gero eta gutxiago jokatzen dela esatean: “Lehen aldean oso gutxi jokatzen da pilotan orain, beste kirol batzuek indar handiagoa hartu dute. Mantenduko da, pilota gure herriko kirola da, eta aurrera egingo du. Hala ere, ez dut uste lehenago jokatzen zen bezainbesteko mailara inoiz iritsiko denik. Kostako zaio, behintzat, lehen zuen indarra berreskuratzea”.
Finalera begira
Aspe eta Baiko profesionaletako bi pilota elkarteek Punpa-rekin egiten dute lan, Donibane Lohizunen (Lapurdi) dagoen pilota lantegiarekin. Urtero 3.000 pilota inguru egiten dituzte bertan bi enpresentzat, eta bertakoak izango dira igande honetan jokatuko den buruz buruko finaleko sei pilotak ere. “Normalean pilotariek partidurako aukeratutako sei pilotak erabiltzen dituzte, ez intentsitate berarekin, baina pilotak gastatu egiten dira”, dio Ander Ugarte Punpako arduradunak.
Ander Ugarte: “Espektakulua da publikoak bilatzen duena eta pilotak joko horretara moldatu behar du”
Pilotak asko aldatzen dira partidu batetik bestera, eta baita Punpari enpresek egiten dizkioten eskaerak ere: “Frontoiaren arabera, pilotariaren arabera eta jokoan zer egongo den kontuan hartuta aukeratzen dira pilotak, taktika eta interesen arabera” gaineratu du. Hala ere, urteak igaro ahala pilota profesionaleko pilotak asko aldatu direla dio: “Eraso eginez jokatzeko ohitura dago orain, airez asko jokatuz eta pilotak hanketan bote egiten duenean eramatea zailduz. Espektakulua da publikoak bilatzen duena eta pilotak joko horretara moldatu behar du”.