Ereduak
Esperientziaz beteriko autobusak
40 urte baino gehiago daramatza Cuadra Bus talde arabarrak linea erregularretan zein pribatuetan autobus zerbitzuak ematen
1960ko hamarkadan Jose Luis Cuadrak bere jaioterriko baserria utzi, eta Amurrioko udaletxeak eskainitako taxi plaza bat eskuratu zuen. Taxiarekin gustura eta bere ekintzaile izaerari so eginez, beste urrats bat eman nahi izan zuen, eta 1968an autobus bat erosi zuen. Modu honetan hasi zen “bidea egiten”. Egun, hasierako autobus bakar hori, ibilgailu flota zabala eta hainbat nabe dituen Cuadra Bus enpresa taldea bilakatu da.
Idoia Cuadra Jose Luisen alaba da enpresako zuzendari nagusia. Cuadrak hainbat mugarri aipatzen ditu ia mende erdiko ibilbide honetan proiektuak izan duen hazkundea azaltzeko, hala nola Aiaraldearen garapen ekonomikoak zein industrialak, eta Eusko-Aragoiar autobidearen sorrerak sektoreari emandako bultzada. “Bilbotik Altube ingurura lanera zihoazen langile asko mugitzen ziren errepidez, eta autobus asko behar ziren, bai goizez, bai arratsaldez. Gainera, industria asko garatu zen zonaldean, eta horrek mugikortasun zerbitzuen eta azpiegitura berrien beharra ekarri zuen”, azaldu du.
Idoia Cuadra: “Bi linea erregular esleitzea lortu genuen: alde batetik, egun Bilman Bus dena, Bilbotik Valentziarainoko linea, eta bestetik, Euskal Herria, Vigo eta Bartzelona lotzen dituen linea”
Cuadra Busen beste une erabakigarri bat 1990ko hamarkadan iritsi zen. Izan ere, garai hartara arte sektore itxia zen mugikortasunarena. Konkurtso publikorik ez zen egiten, eta Iberiar penintsulako linea erregularrak enpresek modu pribatuan ustiatzen zituzten. Aitzitik, gobernuak lizitazioak konkurtso publikora ateratzea erabaki zuen. Cuadra Bus, beste enpresa batzuen laguntzarekin, hainbat konkurtsotara aurkeztu zen. “Bi linea erregular esleitzea lortu genuen: alde batetik, egun Bilman Bus dena, Bilbotik Valentziarainoko linea, eta bestetik, Euskal Herria, Vigo eta Bartzelona lotzen dituen linea”, adierazi du Cuadrak.
Gerora etorri zen beste mugarri garrantzitsu bat. Europar Batasunak sektorea erregularizatu zuen, eta honekin, enpresa pribatuek zituzten linea erregularren kontratuen luzatzeak debekatu ziren. Horrela, zenbait autonomia erkidegok lizitazioak atera zituzten, eta Cuadra Busek Bilbo-Logroño linea eskuratu zuen. “Honek guztiak merkatu-nitxo askotara gerturatu gaitu”, dio Cuadrak. Bost urte daramatzate jada Bilbo-Logroño linearen kudeaketa lanetan. Halaber, Bilbo-Iruñea linea ustiatzeko lehiaketa irabazi berri dute.
Hirietako mugikortasuna eta lineaz kanpoko zerbitzuak
Hiri zein herrietako mugikortasun zerbitzuak ematen ere jarduten du taldeak. Bergaran lortu zuten lehen aukera, eta egun, Zamorako, Oiartzungo, Legazpiko, Tolosako eta Bermeoko herrien mugikortasun zerbitzuak kudeatzen dituzte, besteak beste, betiere euren jatorriko zerbitzuak ahaztu gabe. Izan ere, hasiera batean, Cuadra Busen zerbitzuak lineaz kanpokoak izaten ziren. Hau da, eskoletakoak edota langileak enpresara eramateko autobus pribatuak. “Kontzesioak eta linea erregularrak beranduago iritsi ziren. Horrek eman digu egonkortasuna, eta lana egiteko beste modu bat erakutsi digu”, nabarmendu du enpresako zuzendariak.
Hasiera batean, Cuadra Busen zerbitzuak lineaz kanpokoak izaten ziren. Hau da, eskoletakoak edota langileak enpresara eramateko autobus pribatuak
Cuadra Busek eskaintzen dituen zerbitzu mota desberdinak nahiko modu orekatuan banatuta daude euren barne antolakuntzan. “Esango nuke negozioaren heren bat dela zerbitzu bakoitza: urbanoa, linea erregularrak eta lineaz kanpoko zerbitzuena”, argitu du Cuadrak. Dena den, euren hazkundea linea erregularretan dago.
Gizartearekiko konpromisoa eta trantsizio ekologikoa
“Mugikortasun mugatua duten pertsonei egokitutako garraioan lan asko egin dugu. Duela 20 urte ez zegoen hala egokitutako autobusik, eta gu lehenengoak izan gara horretan. Irizar eta Asturiaseko Ferqui karrozeriekin elkarlanean, erabiltzaileentzat irisgarritasuna oztopo ez izaten saiatu gara”, azpimarratu du Cuadrak. Irizar oso bazkide garrantzitsua izan da enpresarentzat. “Lizitazioetan aurkezteko beraiekin lan asko egin dugu, eta I+Garen garapenean ere asko lagundu digute”, gehitu du.
Cuadra Busen egoitza nagusia Amurrion dago. Dena den, badituzte beste bi egoitza, Bergaran eta Etxebarrin. “Administrazio Publikoarentzat lan asko egiten dugu. Zerbitzuak ematen genituen lurralde historikoan egoitza izatea garrantzitsua iruditzen zaigu. Bertan sortutakoa, leku berean berriro inbertitzeko nolabait. Zamoraren kasuan adibidez, enpresa bat sortu genuen bertan, nahiz eta gure enpresa arabarra izan”, esan du taldeko zuzendariak.
Gizarte erantzukizuna aipatutakoaz harago doa. Lanbiderekin elkarlanean, hiru ikastaro antolatu dituzte autobus ibilgailu gidarientzat. “Gizarte-inklusio proiektu garrantzitsu batean ari gara. 45-50 pertsona ditugu formatzen, eta uztailerako merkatura ateratzeko prest izango dira. Horietako batzuk Cuadra Busen egingo dute lan”, dio Cuadrak. ASAFES gaixotasun mentala duten pertsonen eta haien familien erakunde arabarrarekin ere lanean dihardute, baita kirol eta beste jardueratako zenbait elkarterekin ere.
Cuadra: “Etorkizuneko autobusak elektrikoak izango dira. Hiriko garraioan, elektrikoak ez diren ibilgailuekin lan egitea ez dugu planteatu ere egiten jada"
Trantsizio ekologikoarekiko ardura ere badu enpresak. Horren lekuko da Tolosan jarri berri duten lehen autobus elektrikoa. Bergarakoak ere GLP bidezko ibilgailu hibridoak dira. Cuadraren esanetan, “etorkizuneko autobusak elektrikoak izango dira. Hiriko garraioan, elektrikoak ez diren ibilgailuekin lan egitea ez dugu planteatu ere egiten jada”.
Etorkizunari begira
Martxan dituzten proiektuen artean, aipatu beharrekoa da Gasteizen eraikiko duten nabe berria. “Hirira gerturatzeko proiektua da, eta obrak aurten hasiko dira”. Iruñea-Bilbo linea berria ere sekulako aurrerapausotzat jo du enpresako zuzendariak, eta “ilusio handiz” hartu dute proiektua. “Nafarroan orain arte ez gara egon, baina Bilbo-Logroño lineak emandako eskarmentuak asko lagunduko digu proiektu berri honetan ezarritako helburuak errazago lortzen”, nabarmendu du Cuadrak.
Sektorearen bilakaerari dagokionez, baikor da zuzendaria, baina onartzen du bai pandemiak, bai azken hilabeteetako lehengaien inflazioak, kalte nabarmena egin diela. “Gure sektorea oso egonkorra da, baina ez da errentagarritasun handikoa. Pandemia oztopo handia izan da, eta sektoreari hausnarketa bultzatu du. Inflazioaren gorakadak ere sekulako eragina izan du. Zaurgarri sentiarazi gaitu, eta proiektu egonkorrak egitearen garrantziaz jabetu gara”, aitortu du zuzendariak.