Hamargarren urteurreneko ekitaldia pasa den apirilean | Argazkia: PuntuEUS

ENPRESAK GAUR

Euskal nortasun digitalaren lehen hamar urteak

2014ko apirilaren 15ean sareratu zen '.eus' amaiera zuen lehen webgunea. PuntuEUS fundazioa, domeinu horiek eskaintzeaz harago, beste hamaika proiektu gauzatzeaz arduratu da azken hamar urteotan, euskararen presentzia Interneten nabarmen handituz

Pasa den apirilaren 15ean, hamar urte bete ziren lehen .eus webgunean sareratu zenetik. Harrezkeroztik, milaka eta milaka webgune sortu dira euskaraz, eta egun ia 15.000 aurki ditzakegu Interneten. Euskarak behar zuen halako topaleku bat, eta “euskal nortasun digitala” garatu beharra zegoen Iñaki Goirizelaia PuntuEUS fundazioaren lehendakariaren hitzetan. Hizkuntza hegemonikoz inguratutako mundu honetan, Internet ere ez zen errealitate horretatik salbu, eta .com, .org edota .es webguneez beteriko sare erraldoiean, .eus-ek bere lekua egitea lortu du.

2014ko ekainaren 28an sareratu ziren lehenengo 92 .eus aitzindariak eta abendurako beste 1.292 ziren martxan. Horren aurretik baina, 2012an, .eus domeinuaren eskaria ICANN izen eta zenbakien esleipenerako interneteko korporazioaren aurrean egin zuen fundazioak. 2013an domeinua onartu eta ordutik arduratu da webgune hauek guztiak kudeatzeaz.

2012an, .eus domeinuaren eskaria ICANN izen eta zenbakien esleipenerako interneteko korporazioaren aurrean egin zuen fundazioak. 2013an domeinua onartu eta ordutik arduratu da webgune hauek guztiak kudeatzeaz

“Prozesu luze eta konplikatua izan zen, baino azkenean lortu genuen”, gogoratu du Goirizelaiak. Ingeniaritza Telematikoan graduatua, EHUko unibertsitatean katedraduna da, eta domeinuen munduan buru-belarri ari zen garai haietan. Are gehiago, Bilboko Goi Ingeniaritza eskolan Interneten oinarriak irakasten zituen. Iratxe Esnaolarekin bat egin, eta euskarak Interneten zuen “hutsunea” ikusita abiatu zuten abentura. Egun, bost laguneko lantaldea du fundazioak eta bertatik ikasle ugari ere pasatzen dira.

Nolakoa litzateke Internet .eus gabe?

Ekin eta berehala, hartutako erabakia "egokia zela" konturatu zirela adierazi zuen Goirizelaiak orain hilabete pasatxo egindako urteurren ekitaldian. Izan ere, nolakoa litzateke egungo Internet .eus domeinurik gabe? “Horrelako proiektu batekin hastean, zalantza asko sortzen dira, ez baitakizu instituzio, erakunde eta pertsonen babesa nolakoa izango den. Proiektu erakargarria egitea lortu genuen, eta eragile guztien partetik erantzun zabala jaso dugu”, azaldu du.

Erakargarritasun horren emaitza da egungo .eus domeinu kopurua, eta orain arteko etengabeko hazkundea. Josu Waliño zuzendariaren hitzetan, “.eus ia 15.000 enpresa, erakunde, proiektu eta norbanakoren espresio digitala da. Ingurune digital ziberseguru eta euskaldun baten hautua egin dutenen domeinua”. Bete-beteko eraldaketa digitaleko testuinguruan, “punta-puntako teknologia eta komunitate- eta partaidetza-sentimendua” du proiektuak, “enpresa eta ekintzailetza-proiektu berri askoren lehen hautua” delarik.

Iñaki Goirizelaia: "Proiektu erakargarria egitea lortu genuen, eta eragile guztien partetik erantzun zabala jaso dugu”

Dena den, domeinu kopuruaz harago doa PuntuEUSen jarduna. Izan ere, Goirizelaiak argi du garrantzitsuena dela lortzea, domeinua sortzea baino, horiek denboran iraun dezaten. “Askotan domeinuak sortzen dira, baina segituan desagertu. Gutxitan gertatzen zaigu hori guri, eta desagertze tasa oso txikia dugu, .cat eta .gal-ekin alderatuz gero, esaterako”.

Domeinu galiziarra .eus-ekin batera jaio zen orain hamar urte eta 7.000 domeinu inguru ditu egun. .cat, ordea, askoz lehenago sareratu zen, eta egun 112.000 webgune dauzka, mundu mailan erreferentziazko domeinua bilakatu delarik.

Ekosistema oso bat

“Bezeroarengandik oso hurbil egoten gara; gainean gaude, lagundu egiten diogu”, gehitu du Goirizelaiak. Fundazioaren baitan nolabaiteko ekosistema eraiki dute, eta domeinuez haragoko zerbitzua eskaintzearen ondorioz hainbat proiektu abiatu dituzte hamar urte hauetan. Behatokia izeneko plataformak, esaterako, euskarak Interneten duen egoera aztertzen du, eta domeinuaren azterketa kuantitatiboa egin daiteke bertan. Hala, gaur-gaurkoz, domeinuaren berritze tasa %90ekoa da eta hazkunde tasa %4koa.

Kaixomundua izeneko webguneen garapen lehiaketa ere antolatzen dute, DBH, Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasleentzat, eta Gladys Sarien bidez, ingurune digitalean ari diren emakume euskaldunen ibilbide eta jarduna aitortzen dute. Hori gutxi balitz, PuntuEUSek kudeatzen ditu: sarean.eus hedabibide digitala; labur.eus URL luzeak esteka labur eta erraz bihurtzen eta pertsonalizatzen laguntzeko tresna; edota Mastodon egitura deszentralizatuan eta software librean oinarritzen den euskal komunitatearen gizarte-sare eta mikroblogintza zerbitzua. “Gizarteari zerbitzu bat eskaintzen diogu, eta jendeak beste modu batera ikusten gaitu. Edonork gurekin proiektuak egiteko ateak zabalik ditugu”, kontatu du Goirizelaiak.

PuntuEUSeko lantaldea | Argazkia: PuntuEUS

Zibersegurtasunaren erronka

Bizi dugun urrezko aro digitalean, ziberasoak eta mehatxu digitalak geroz eta ohikoagoak dira, eta horiekiko kezka areagotu egin da. PuntuEUSek eman beharreko beste zerbitzu garrantzitsuenetako bat, hortaz, zibersegurtasunarena da. Webguneak egunero monitorizatu eta jarduera maltzur nahiz ziberasoak hautematen dituzte, .eus komunitate osoaren segurtasuna digitala bermatuz. “Gure domeinua segurua izatea nahi dugu, eta horretan ahalegin berezia egiten ari gara. Beste domeinu batzuekin konparatuz gero, gurea goi mailakoa da segurtasun aldetik”.

Orain urtebete inguru Grame Bunton mundu mailako domeinuen zibersegurtasun arloko adituaren bisita izan zuen fundazioak, eta .eus segurtasun arloan erreferentziazko domeinua zela ondorioztatu zuen. DNS Abuse Institute erakundeko zuzendari exekutiboak domeinu askorekin lan egin zuela adierazi zuen, eta .eus-en barruan segurtasun oso handia zegoela nabarmendu zuen.

“Gure domeinua segurua izatea nahi dugu, eta horretan ahalegin berezia egiten ari gara. Beste domeinu batzuekin konparatuz gero, gurea goi mailakoa da segurtasun aldetik”

Iaz, esaterako, fundazioak antzemandako erasoen %43 phishing erasoak izan ziren, alegia, identitatea ordeztuta biktimen datuak lortzen saiatzen ziren erasotzaileek egindakoak. 2022arekin alderatuta, erasoek nabarmen egin dute gora. 29 phishing eta pharming —webgune faltsu batera bideratzea biktika— kasuri aurre egin behar izan zien fundazioak, eta bere monitorizazio zerbitzuari esker, antzemandako arrisku kasuen %100 indargabetu ahal izan zituzten. PuntuEUSek prebentzio estrategia berriak ezarri ditu, etorkizuneko erasoen aurka babesteko, mehatxuak identifikatzeko eta era berean, ebazpenak arintzeko prebentzio-neurriak garatu ditu. “Garrantzitsua da bai erakunde eta bai pertsonek gure domeinua fidagarria, segurua eta erakargarria dela ikustea”, azpimarratu du lehendakariak.

Euskaratik gizarte digitala eraikitzen jarraitu

Euskaratik gizarte digitala eraikitzen jarraitzea erronka handia dela dio Goirizelaiak. “Interneten oinarriak hor daude, ez dira asko aldatzen, baina Interneten gainean eraikitzen ari den guztia izugarria da, eta ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean”. Halaber, etorkizun horretan, “euskal nortasun digitalak” behar duen garapenerako, fundazioa giltzarri dela uste du katedradunak.

“Interneten oinarriak hor daude, ez dira asko aldatzen, baina Interneten gainean eraikitzen ari den guztia izugarria da eta ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean”

Domeinu kopuruari dagokionez, hazkunde tasa mantentzea zaila ikusten du. “Urtero 1.000 domeinu gehiago lortzen ditugu, baina egia da hazkunde tasa hasierako urteetan askoz altuagoa izan zela eta orain moteltzen hasi dela”. Baina, hazkundeaz harago Goirizelaiak arestian aipatutako desagertze tasa ahalik eta txikiena izatea nahiko luke. “Guretzako mantentzea da garrantzitsuena eta .eus domeinu bat sortzen baduzu, domeinu hori denboran zehar bizirik egotea. Hori da gakoa eta horri aurre egiteko seguruak eta erakargarriak garela erakutsi dugu”.

.com, .org eta .es-ez osatutako sare lehiakorrean, Euskal Herriko hirugarren domeinua izatea gustatuko litzaiokeela ere aitortu du, baita hemendik urte batzuetara bigarrena izatea ere.