Soraluceko zulagailu zaharrak | Argazkia: Soraluce

Izan zirelako

Ezagutza eta konbentzimendutik, makina-erremintara

1962an sortu zen Soraluce, makina-erremintaren sektorean aritzeko asmoz. Aurretik izandako esperientzia baliatuta eta justizia sozialaren oinarripean sortu zuten langileek

"Soraluceren historia 1962tik dator, 52 bazkide sortzailek Talleres Soraluce Sociedad Cooperativa makina-erremintaren fabrikatzaile gisa txertatzeko dokumentua sinatu zutenean", dio Rafa Idigoras egungo zuzendari nagusiak. Ordurako, makina-erremintaren industriak bazuen ibilbidea Hego Euskal Herrian —XX. mende hasieran hasi ziren lehen fabrikak sortzen, besteak beste, Eibarren—. Sektorea indarra hartzen ari zen nazioartean, eta Soraluze herrian bertan ere baziren horri lotutako enpresak. Gainera, sektorea teknologia garatzeko prozesuan zegoen, 1960 eta 1970eko hamarkadetan ikusiko zen bezala. Horregatik, une egokia zirudien halako enpresa sortzeko.

"Hasiera-hasieratik, Soraluceren sortzaileak konbentzituta zeuden enpresak makina-erreminta ekoiztu behar zuela", azaldu du Idigorasek. Beraientzat ez zen sektore ezezaguna; aurretik horretan lan egindakoak ziren. Profilak, askotarikoak: tornu-operatzaileak, zulatzaileak, errotatzaileak, muntatzaileak, arraspatzaileak eta arteztekoak ziren. Era berean, produktu propioak sortzeko helburua zuten buruan, beste inoren menpe egoteko beharrik gabe. "Ideia zen metalak lantzeko makinak ekoiztea, zehazki, zulatzeko eta mandrinatzeko", dio zuzendari nagusiak. Bokazioa hori izanik ere, hasiera baten produktu propiorik gabe jaio zen, eta lizentziapean fabrikatzen zituen zulagailu erradialak.

Enpresarentzat aukeratutako forma juridikoa ere ez zen edonolakoa izan. "Denak ginen oso gazteak, eta gugan nagusi zen justizia sozialaren nahia gauza guztien gainetik. Batera ugazaba eta langile izateko enpresa sortu nahi genuen", jasotzen da 50. urteurrenagatik argitaratutako Soraluce 1962-2012 liburuan. Horregatik, kooperatiba forma hautatu zuten, "enplegua sortzeko eta tokian tokiko sustraiekin", gaurdaino iritsi dena.

Produktu propioa eta Danobatgroup

Enpresa hazten joan zen, eta 1980ko hamarkada bukaeran euren teknologia propioa garatzen hasi ziren: "fresatzeko apustuarekin, argi ikusi genuen epe luzera lehiakorra izateko bide bakarra teknologia propioa garatzea zela, hori ere aurreratuena eta bereizgarriena izan behar zela. Hori izan da egungo posizioa, errekonozimendua eta emaitzak lortzeko aukera eman digun helburu handietako bat", azaldu du Idigorasek. Urte batzuk lehenago, 1983an Debako taldearen parte izatera igaro zen, Danobat S. Coop, Goiti eta Txurtxil enpresekin batera. Talde hori 1992an Danobatgroup izenekoan bilakatu zen —egun ere taldearen parte izaten jarraitzen du Soralucek—, eta Mondragonen parte izatera igaro zen aldi berean.

Bidea erraza izan ez bada ere, testuinguruaren beharretara egokitzen joan da entitatea. "Hamarkadaz hamarkada hainbat erronka gainditzen joan gara, hala nola gure makinen tamaina handitzea gero eta pieza handiagoak egiteko, automatizazio soluzio aurreratuenak garatzea, eta DAS Dynamics Active Stabiliser sistema bezalako teknologia bereziak patentatzea", kontatu du zuzendari nagusiak. Une honetan, "fresatzeko makinak, mandrinatzeko makinak, tornu bertikalak, funtzio-anitzeko makinak eta automatizatutako sistemak eta lineak eskaintzen ditu".

Soraluceko lehen bazkide-langileak | Argazkia: Soraluce

Merkatuak Europatik Asiara edo AEBra zabaltzea izan da enpresaren beste apustuetako bat historian zehar. Alemanian eta Italian berezko ordezkaritzak ditu, eta Danobatekin filial bateratuak Txinan eta Indian. 100 bat langile dira munduan sakabanatuta. Egoitza nagusia, aldiz, Bergaran (Gipuzkoa) du, Osintxu auzoan, 275 langilerekin.

Ospatzeko urteurrena

"Edozein enpresarentzat, 60 urte betetzea mugarri bat da, dudarik gabe, baina enpresaren fakturazio historikoa eta enplegu-erregistro historikoak ekarriko dituen urte batean egiteak, ahal bada, are bereziagoa bihurtzen du", esan du Idigorasek. 2022an 130 fakturazioa espero dute, eta I+Gn 4 milioi euro gastatzen ditu taldeak urtean.

Hain zuzen, berrikuntzaren aldeko apustuaren parte da Bergaran eraikitzen ari diren planta berria, 2.000m2koa, 2023ko martxorako aurreikusita dagoena. 7 milioi euro inbertitu dituzte horretan, eta bertan garatuko dira gama berriko produktuak, urte amaieran aurkeztuko direnak. "Oinarrizko produktu-eskaintza zabaltzeko konpromisoa hartu dugu, makina txikiagoekin, fakturazioan eta enpleguan hazi ahal izateko, pieza ertainen beharrak estaltzeko", gaineratu du Idigorasek.