Fagor Automation, makina-erremintaren bidetik mundura
Aeronautika, energia edo erdieroaleen sektorean ere murgilduta dabil Fagor Taldeko kooperatiba. Salmenten %90 atzerrian egiten du egun. Fabrikazio aurreratuko saria jaso berri du BIEMHn
Gaur amaituko den BIEMH Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoan izan da Fagor Automation. Sektore askotan ibilita ere, makina-erreminta da Fagor Taldeko kooperatibaren —Mondragonen parte dena— merkatu garrantzitsuena, eta ezinbesteko hitzordua da eurentzat BECeko azoka. Rafa Aranzabal kooperatibaren atzitze sistemen negozioko arduradun komertziala bertan izan da egunotan, eta azaldu digunez, atzerritik etorritako bezero ugari jaso dituzte, eta pozik dira, aurreikusitako bisitari kopurua izan baita euren standean. "Mugimendu asko izan dugu eta kontsulta asko egin dizkigute. Gero ikusi beharko da zenbat kontratu sinatuko ditugun, baina inpresioa ona da".
Kooperatibak fabrikazio aurreratuko berrikuntza saria jaso zuen atzo, 4.0 kontzeptuaren kategorian, HMIelite: Gizaki-makina interfaze sistema (HMI) izeneko proiektuagatik. "Sari batera aurkeztea eta saria jasotzea beti poztekoa da", dio Aranzabalek
Europako merkatua (Alemania eta Italia batik bat) oso indartsu ez dagoen garaian heldu da aurtengo Biurtekoa, eta horrek nolabaiteko kezka eragiten ziela aitortu du Aranzabalek. "Zorionez ez dugu geldialdirik sumatu", azaldu du. "CNC sistemen negozio aldetik, produktu familia berria eraman dugu, Elite eta Optima. Kaptazio aldetik, Series 3 deitzen dioguna, kode linealak eta rotatiboak”.
45 urteko ibilbidea
Biurtekoan ohiko parte-hartzailea izan da Fagor Automation, eta ez da gutxiagorako. Jada 45 urteko ibilbidea ondu du Fagor taldeko enpresak. Teknologia, sendotasuna, egokitzapena eta hurbiltasuna oinarri harturik, makineria automatizatu eta kontrolatzeko produktuen garapenaz eta fabrikazioaz arduratzen da. Besteak beste, arestian aipatutako CNC eta atzitze sistemak egiten dituzte, baita horiei loturiko zerbitzuak eman ere.
“CNC sistemak kontrol numerikoa, motorrak eta erregulazioa dira, makina-erremintaren garuna. Atzitze sistemak neurgailuak dira, eta linealak edo rotatiboak izan daitezke”, dio Aranzabalek. Zerbitzuei dagokionez, “azken urteetan negozio bezala” ikusi dute. Konponketaz gain, makina zaharren eguneratzea ere gauzatzen dute, eta digitalizazioari lotuta, Fagor Digital Suites soluzioa merkaturatu dute. “Makinak konektatzeko soluzio bat da. Honen bidez, zure makinak lanean ari diren edo ez, zer lan karga duten edota mantenua behar dute edo ez jakin dezakezu”.
Munduko txoko guztietan
Espainiako merkatuan hasi baziren ere, gaur egun salmenten %90 atzerrian egiten dute. “Barne merkatutik atzerrirako eboluzioa egin dugu”, dio Aranzabalek. “Orain 35 urte kanpora begira hasi ginen, Estatu Batuetara edo Txinara esaterako, eta filialak sortu genituen. Orain dela 38 urte Hong Kongen ireki genuen filial bat, eta orain 35 urte Estatu Batuetan, Chicagon”.
Egun 28 bulego dituzte 15 herrialdetan banatuta (Europan 6, Asian 13 eta Amerikan 9), eta beste 35 herrialdeetan ere presentzia dute hainbat banatzaileren bidez. Hartara, 50 herrialdeetara hedatzen da Fagor Automationen sare komertziala eta guztira 30 ordezkaritza dituzte mundu osoan.
Ekoizpen platei dagokionez, gehienak Euskal Herrian dituzte: Arrasaten, Usurbilen eta Eskoriatzan. Laugarrena Txinan dute, Pekinen, bertako merkatura zuzendutako produktuak egiteko.
Rafa Aranzabal: "Orain dela 38 urte Hong Kongen ireki genuen filial bat, eta orain 35 urte Estatu Batuetan, Chicagon”
700 langile inguru dira denera eta horietatik 500 bat Euskal Herrian ari dira lanean. Iaz 90 milioi euro inguruko fakturazioa eskuratuta, aurten 100 milioi eurora iristea aurreikusten dute. “Pandemia hasieran geldiera txiki bat izan genuen, eta hornitzaileekin arazoak izan genituen, baina hortik aurrera hazkundea oso konstantea izan da”.
Aitzitik, bilakaera merkatu guztietan bera ez dela ere aitortu du Aranzabalek. “Adibidez, Asia eta Ipar Amerikan nahiko sendo ari gara hazten, baina azkeneko urtean Europako merkatua motelago dago”. Finean, Errusia eta Ukrainaren arteko gerrak eragina izan du, Alemania merkatu garrantzitsua baita Fagor Automationentzat, eta oro har taldearentzat. “Alemaniako merkatua ahulago dago azken bi urteetan. Txina hazten ari da eta gu Txinarekin hazten ari gara”.
Berrikuntzarekiko konpromisoa
“Berrikuntza zentro propio bat ere badugu” gehitu du Aranzabalek. Izan ere, nazioartekotzea eta merkatuen dibertsifikazioaz gain, berrikuntza kooperatibaren jardueraren zutabe nagusietako bat izan da. “Gure fakturazioren %10 I+Gra bideratuta dago, eta ikerketan inbertitzeari garrantzia ematen diogunez, momentu honetan 36 patente ditugu munduan”.
“Gure fakturazioren %10 I+Gra bideratuta dago, eta ikerketan inbertitzeari garrantzia ematen diogunez, momentu honetan 36 patente ditugu munduan"
Aotek du izena berrikuntza zentroak eta Eskoriatzan dago kokatuta. Era berean, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat I+G proiektuetan parte hartzen dute. Besteak beste, Espainiako CDTI erakundearekin sistema industrialetako zibererasoak neutralizatzeko NCIS proiektua bultzatu dute, Horizonte Europa programaren baitan Europa mailako proiektuak gauzatu dituzte eta Hazitekekin Infocus, Orkestra, R2M edota Adiera proiektuak ere burutu dituzte.
Dibertsifikazioa gako
Makina-erreminta da Fagor Automationen sektore garrantzitsuena. Dena den, azken urteotan dibertsifikatuz joan dira, beste hainbat merkatutan sartuz, hala nola, aeronautika, automozioa, energia, fabrikazio aditiboa edota metrologia. “Azkeneko urteetan saiatu gara dibertsifikatzen eta energian ere bagaude, baina makina-erreminta bidez sartzen gara. Haize erroten merkatuan mundu mailan inbertsio handiak egin dira. Guk saltzen ditugun osagaiak makina-erremintara doaz eta makina-erreminta horiekin gaude energia sektorean, trenbideetan, eta azkenaldian erdieroaleen sektorean”.
"Merkatu aldetik dibertsifikatua egotea sekulako abantaila da guretzat”
Dibertsifikazio horrek nolabaiteko segurtasuna ematen dio kooperatibari. “Adibidez, Europara krisi bat ailegatzen denean, beste merkatu batzuek bermatzen dizkizu salmentak. Azkenean, makina-erreminta sektorea zikloka joaten da, asko saltzen den garaiak daude eta gero atzeraldian sartzen da. Merkatu aldetik dibertsifikatua egotea sekulako abantaila da guretzat”.
Bide beretik jarraitu
Orain arteko bide beretik jarraitzea du erronka Fagor Automationek. Nazioarteko sare komertziala sendotzen jarraitu eta negozio berrietara sartzea dute helburu. “Azken bi urteetan apustu handia egiten ari gara erdieroaleen sektorean, eta produktu berriak atera behar ditugu”. Energia sektorea, aeronautika eta bestelako sektoreak begiz jota dituzte, baina betiko makina-erreminta tradizionala ahaztu gabe.