Izan zirelako
Fagor: krisialdia 10 urteko ikuspegitik
2013ko urriaren 16an hartzekodunen konkurtsora joateko lehen pausoa eman zuen Fagor Etxetresnakek. Krisi bete-betean, baita ostean eta etorkizuna eraikitzean ere, "erresilientzia-gaitasuna" gako izan zela uste dute Mondragon zein Fagor Taldeetako iturriek
10 urte asko edo gutxi izatea hizketagai dugun horren araberakoa izango da. Enpresa krisi baten, 10 urteko ikuspegiak gertaturikoari distantziaz erreparatzeko, eta etorkizunera begirako ikasketez hausnartzeko parada eskaini dezake. Gaurko egunez 2013an Fagor Etxetresnak hartzekodunen aurrekonkurtsoan sartu zen, eta enpresaren beraren beherakadaz eta hori kudeatzeko zailtasunez harago, Fagor Taldearen eta modu zabalagoan Mondragon Taldearen eraldaketa prozesua abiarazi zuen zentzu baten, gaur egun dena bilakatzeraino.
Fagor Etxetresnak, beste ezer baino lehenago, etorkizun baten Mondragon Taldea izango zenaren lehen enpresa izan zen. Aitzitik, beste izen baten pean jaio zen, 1956ko azaroaren 12an: ULGOR. ULGOR izen horren zergatia bost fundatzaileen abizenen lehen hizkian topa daiteke: Luis Usatorre, Jesús Larrañaga, Alfonso Gorroñogoitia, Jose María Ormaetxea eta Javier Ortubay. Den-denak Mondragon Eskola Profesionalean aritutakoak ziren, Jose Mari Arizmendiarrietak sustaturikoa. Haren ideiei jarraiki, 1959. urtean enpresa kooperatiba bihurtu zuten, eta orduan hartu zuen Fagor izena. 1964an, beste lau kooperatibekin, Ularco taldea sortu zuten, ondoren Fagor Taldea bihurtuko zena.
Fagor Etxetresnak etorkizun baten Mondragon Taldea izango zenaren lehen enpresa izan zen
Mundu mailan konpainia erreferente bilakatu zen etxetresna elektrikoen sektorean, hainbat markekin —Fagor, Brandt edo Edesa tarteko— eta berrikuntzak sustatuz. Guztira 5.600 langile izatera iritsi zen, 1.800 baino gehiago Euskal Herriko bost lantegietan, eta horietatik 1.736 bazkide langileak. Basauriko Edesan eta Bergarako Geyserren zeuden soldatapeko langile gehienak. 2007ko ekitaldia 13 milioi euroko irabazi garbiekin itxi zuen.
2013ko urte erabakiorra
2008ko krisiak, ordea, gogor kolpatu zuen etxetresnen sektorea. Eraikuntzaren krisiak etxe gutxiago saltzera eraman zuen, eta hain zuzen ere horregatik, etxetresnen salmentak ere behera egin zuen. Ordura arte Fagor Etxetresnakek izandako mozkinak desagertzen joan ziren, harik eta hartzekodunen konkurtsoan sartu behar izan zuen arte. Zorra 860 milioi eurokoa zen, taldearena kontuan hartuz gero 980 milioikoa. "Krisi latzean murgildu zen Fagor. Taldeak zituen zortzi kooperatibetako batek, handienak eta ezagunenak, bueltarik gabeko beherakada izan zuen", plazaratu dute Fagor Taldetik, aste honetan argitaraturiko ohar baten.
Azkenean CNA talde katalanaren Catak eskuratu zituen Fagorren ekoizpen aktiboak, Fagor eta Edesako lantegiak barne. CNAren planak, baina, ez zuen espero zituen emaitzak eman, eta ixten amaitu zuen. Fagor etxetresna-markaren ustiapen eskubidea, ordea, Fagor Taldearen esku geratu zen. 2019an taldea Poloniako Amica enpresarekin akordio batera iritsi zen datozen 15 urteetan Fagor izena etxetresna handietan erabiltzeko.
Fagor Taldea: "Krisi latzean murgildu zen Fagor. Taldeak zituen zortzi kooperatibetako batek, handienak eta ezagunenak, bueltarik gabeko beherakada izan zuen",
Sektorea bera, dena den, aldatu egin da. "Eraldaketa izugarria izan du, itxiera askorekin, kostu txikiko herrialdeetako fabrikatzaileak erabat nazioartekotutako merkatuan sartu direlako. Dimentsio askoz handiagoko playerrekin lehiatu behar zen, erosteko eta berritzeko gaitasun handiagoarekin", diote Mondragon Taldetik.
Fagor Etxetresnakez harago, Eroski izan zen krisiaren kolpea astindu zuen Mondragon taldeko beste kooperatiba. 3.000 milioi euroko zorra izatera iritsi zen, baina kasu horretan murrizketen eta bestelako neurrien bitartez bizirautea lortu zuen. Leire Mugerza Eroskiko Kontseilu Errektoreko presidentearen ustez, "nahiz eta bizipen pertsonalak eta gertatutakoak oso gogorrak izan, egin beharrekoak egin genituen".
Elkartasun mekanismoen aktibazioa eta egokitzapena
Fagor Etxetresnaken itxierak eragin ugari izan zituen: "Galera ekonomiko garrantzitsuak, konkurtsoari lotutako prozedura legal guztiari aurre egin beharra, eta, bereziki, ziurgabetasun egoeran geratu ziren bazkideen egoera kudeatzeko betebeharra", jaso du Fagor Taldeak aipatutako prentsa-oharrean.
Langile bazkideen birkokapenean laguntzeko, LagunArok bazkide kooperatibisten gizarte babeserako zuen sistemako "elkartasun mekanismo guztiak" jarri ziren abian. "Finean, aurrekaririk bariko egoera hari aurre egiteko, arauak moldatu beharra izan zuen LagunArok". Esaterako, langabezia sariak finantzatzeko kuota bikoiztu zitzaien taldeko bazkideei.
Fagor Etxetresnakek zituen 1.736 bazkideetatik 1.405ri —%81i— "behin betiko" soluzioa eman zaie, alegia, birkokatzea, aurretiko erretiroa eskuratzea, kalte-ordainak jasotzea...
Gaur arte, Fagor Etxetresnakek zituen 1.736 bazkideetatik 1.405ri —%81i— "behin betiko" soluzioa eman zaie, alegia, birkokatzea —asko Fagor Taldean bertan— , aurretiko erretiroa eskuratzea, kalte-ordainak jasotzea... Horietatik, behin betiko birkokatutako 577 beste kooperatiba baten bazkide bilakatu dira, %60 Fagor Taldean bertan. Zehazki 196 azken bost urteetan egin dira bazkide, eta 2023an 25 bazkide gehiago izatea aurreikusi dute Fagor Taldetik.
"Kooperatiben berezko elkartasun mekanismoak baliozkoak direla frogatu da, mekanismo horiek aurrekaririk gabeko elkartasun-ariketa batean aktibatu baitziren", nabarmendu dute Mondragoneko iturriek. "Balioen bizipena —(auto) exijentzia eta (elkar) erantzukizuna, elkartasun arduratsua, interkooperazioa eta eraldaketa soziala—, negozioen errentagarritasuna, lehiakortasuna eta jasangarritasuna azpimarratu ziren", gaineratu dute.
Mondragon Taldearen eta horren baitako kooperatiben ereduan zenbait aldaketa egin ziren, hura "sendotu" eta "babestu" asmoz, [aipagarrienak] "kooperatibaren egoera ekonomiko-finantzarioarekin zorrotzagoak eta erantzunkideagoak izateko arau markoko" aldaketak
Langileak birkokatzeko elkartasun mekanismoez harago, baina, Mondragon Taldearen eta horren baitako kooperatiben ereduan zenbait aldaketa egin ziren, hura "sendotu" eta "babestu" asmoz. Aipagarrienak, euren ustetan, "kooperatibaren egoera ekonomiko-finantzarioarekin zorrotzagoak eta erantzunkideagoak izateko arau markoko" aldaketak izan dira, baita "politika sozioenpresarial berri bat" eta "garai berri hori kudeatzeko presidente berri bat". Horietako gehienak, 2017-2020 Politika Sozioenpresarialean jasotakoak, Mondragoneko Kongresuan onartu ziren 2016an, "prozesu luze eta konplexu baten ondoren" kooperatibetako Batzar Nagusietan oniritzia eman ostean.
"Etorkizuneko eredu"
"Enpresen bizi-zikloen testuinguruan uler daitezkeen gertakari horiek gorabehera, esperientzia kooperatiboak bere bideari eutsi dio eta erresilientzia-gaitasuna erakutsi du. Iragarpen txarrak ez dira bete". Batetik, Fagor Taldea egoera "osasuntsuan eta sendoan" dagoela diote bertako arduradunek, eta "baikor" begiratzen diote etorkizunari. Egun zortzi kooperatibek osatzen dute —Fagor Ederlan, Fagor Arrasate, Fagor Industrial, Fagor Electrónica, Fagor Automation, Copreci, Mondragon Assembly eta Galbaian—. 2022an, guztira 1.819 milioi euroko salmentak izan zituzten, aurreko urtean banio %17 gehiago, eta 2023an salmentetan hazkundea eta emaitzak %25 hobetzea espero dute. Langileei dagokionez, 11.565 langilerekin itxi zuen urtea, 5.791 Euskal Herrian, eta horietatik 4.276 bazkide langileak.
Mondragon: "Enpresen bizi-zikloen testuinguruan uler daitezkeen gertakari horiek gorabehera, esperientzia kooperatiboak bere bideari eutsi dio eta erresilientzia-gaitasuna erakutsi du. Iragarpen txarrak ez dira bete"
Bestetik, Mondragon Taldearen kasuan fakturazioa %10,7 hazi zen 2022an, 10.607 milioi euroko salmentekin, iaz taldetik irtetea erabaki zuten Orona eta Ulmako zifrak alde batera utzita —Fagor Etxetresnaken hondoraketak eta horren osteko aldaketak izan ziren irteera bultzatzeko abiapuntuak—. 68.879 langile daude orotara taldean egun, eta inbertsio zifra 347 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean baino %11,8 handiagoa, hain zuzen.
Edozein kasutan, Fagor Taldeak zein Mondragonek berak etorkizunean dute jarrita begirada: "kooperatibismoak bat egiten du gizarte honen egungo erronka handinahiekin, eta etorkizuneko eredua da".