Argazkia: iStock

ENPRESAK GAUR

Familia-enpresen bidea

Bizitzeko eta lan egiteko balio batzuen erakusle dira halako enpresak. Hala ere, belaunaldi erreleboa eta gobernantza ezartzen jakitea dituzte erronka

Enpresa proiektuek, osagai ekonomikoaz gain, badute helburu eta xedea. Familia-enpresen kasuan, xede horri historia —familia oso baten iragana— eta ondare bati ohore egitea gehitzen zaizkio, etorkizun bati begira. Bestela esanda, familia eta enpresaren arteko lotura banaezina, belaunaldien artean behar bezala transmititua.

Saiakera eta esfortzua enpresak eraikitzen dakiten pertsonen berezko ezaugarria da. Euskal enpresarien kasuan berezko ezaugarriak dira pragmatismoa, komunitatearekiko konpromisoa eta epe luzerako iraunkortasun ikuspegia edukitzea ere. Ezagutza tekniko espezializatua izatearekin batera, negoziorako ikuspegi berritzailea eta halaber, arriskuarekiko zuhurra izatea ezinbestekoa da. Horiexek osagaiak.

Enpresa proiektuek, osagai ekonomikoaz gain, badute helburu eta xedea. Familia-enpresen kasuan, xede horri historia —familia oso baten iragana— eta ondare bati ohore egitea gehitzen zaizkio, etorkizun bati begira

Enpresak sortzen jakitea, kasu askotan familia jabetzako egitura batekin, partaide diren komunitatearentzat aberastasuna eta ongizatea sortzen jakitea da. Talentu berezia duten profilak dira: atzoko ekintzaileak eta oraingo enpresariak. Esfortzuarekin, kemenarekin eta, ziur asko, sakrifizio familiar eta pertsonal handiarekin, oparotasuna sortzen dute.

Ez dira perfektuak noski, baina horietako askoren kemenari esker, gure enpresa ehuna familia-enpresa txiki eta ertainek osatua dago hein handi batean. Eta horiek gabe, ez litzateke enplegurik egongo. Ez behintzat gaur egun ezagutzen dugun moduko enplegua eta, zalantzarik gabe, ez genuke izango gaur egun dugun ongizate maila.

Enpresak sortzen jakitea, kasu askotan familia jabetzako egitura batekin, partaide diren komunitatearentzat aberastasuna eta ongizatea sortzen jakitea da

Bizitza berezia duten proiektuak dira, beren jarduera gauzatzen duten ingurunearekin errotuta daudenak eta, horren ondorioz, inguruan duten gizartearekin konpromiso maila handiagokoak.

Bestelako ereduen begirada

AEBen hauteskundeak burutu berri diren honetan, bertako enpresa arrakastatsuenak datozkit gogora. Wall Streeteko burtsako zazpi magnifikoen bizitza eredua oso bestelakoa da. Microsoft, Alphabet (Google), Meta, Apple, Amazon, Tesla eta Nvidia egunotan emaitzak aurkezten ari diren enpresak dira. Orokorrean esanda, AEBko lehen bost big tech proiektuek %19ko hazkundea izango dute hirugarren hiruhilekoan. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Erne datuarekin, munduko burtsako portaera-indizerik ezagunena den S&P 500 indizeak proiektatzen duen %4,3ko hazkundearen oso gainetik baitago. Bestela esanda, indize horretatik aipatu teknologiko horiek alde batera utzita, hazkundea %0,1 baino ez litzatekeelako. Beraz, teknologiko handi horiek Estatu Batuetako gainerako enpresa nagusiek baino bost aldiz azkarrago hazten jarraitzen dute. Jasangarria da?

Europan, industria multinazional handiak daude, familia-enpresen bizitza eredutik desberdinak direnak. Horiek, aurrekoek ez bezala, garai zailak jasaten dituzte

Europan, industria multinazional handiak daude, familia-enpresen bizitza eredutik desberdinak direnak. Horiek, aurrekoek ez bezala, garai zailak jasaten dituzte. Europan lehena den Volkswagen auto fabrikatzaile erraldoiak duela gutxi iragarri du Alemanian hiru lantegi ixteko asmoa duela, baita milaka kaleratze eta soldaten %10eko jaitsierak ere. "Murrizketa historikoak". Michelinek ere esan du 2026rako Frantzian dituen bi lantegi itxiko dituela: Cholet eta Vannes. Bere jarduerak antzeko beste planta batzuen artean banatuko du, horietako bat Gasteizen. Produktibitaterik eza eta Asiarekin duen borroka dira erabakia hartzeko arrazoiak.

Ez da albiste ona eta kezkatuta begiratzen diogu automobilgintzari. Are gehiago orain, AEBetako hauteskundeak alderdi errepublikarrak baino, MAGA Make America Great Again mugimenduko Donald Trump hautagaiak irabazi dituenean. Tariff man bezala ere ezagutua, ikusteke dago geure enpresen esportazioei muga-zergak ezarriko ote dizkion, horrek izango lukeen eraginarekin. Hain juxtu, geure ingurukoak diren eta automozioan zein industrian erreferente diren enpresei gehien bat eragin diezaieketen muga-zergak dira.

Ia 3000 milioi euro ditugu esportazioetan jokoan. Alemania eta Frantziaren ondoren, AEB da EAEko enpresei gehien erosten dien lurraldea; kanpo merkataritzaren 10 eurotik bat

Ia 3000 milioi euro ditugu esportazioetan jokoan. Alemania eta Frantziaren ondoren, AEB da EAEko enpresei gehien erosten dien lurraldea; kanpo merkataritzaren 10 eurotik bat.

Hiru lurralde, euren errealitate ezberdinekin uztartu zaizkigu, bizi dugu egoeraren deskribapen direnak. Guregan eragin zuzena dutenak. Sektoreko enpresak aspalditik ari dira egoera konplexuaz ohartarazten. Europako industria egoera gogorra jasaten ari da eta hala jarraituko du.

EAEko enpresen %85 dira familiarrak

Ezagunak zaizkigun eta desberdinak diren bi enpresa eredu dira big tech zein multinazionalak. Biek ala biek partekatzen dute, ordea, familia egitura duten gure enpresa txiki-ertainen ereduarekin duten antzekotasun urria.

Horregatik, egungoak bezalako etengabeko aldaketa garaietan, are garrantzitsuagoa da enpresa eta familia binomioaren orekarekin asmatzea. Geure ereduaren adierazle garrantzitsuena denari tinko eustea.

Familia enpresek enpleguaren % 55 inguru eta balio erantsiaren % 40 baino gehiago sortzen dute. Enpresa horiek beren balio errotuak dituzte ezaugarri

EAEren kasuan, familia-enpresak enpresa ehun osoaren %85 inguru dira. Enpleguaren % 55 inguru eta balio erantsiaren % 40 baino gehiago sortzen dute. Enpresa horiek beren balio errotuak dituzte ezaugarri, baita jasangarritasunarekiko konpromisoa (ASG) eta kudeaketa bereizia ere.

Bidea gobernantzaren bitartez egiten da

Beren sustraitze eta jatorriak ez ditu mugatzen, aitzitik, lehiakortasuna indartu dezake. Horretarako eta hazkundea lortzeko, egunero sortuko duten bidean asmatu behar dute. Bide zuzena aukeratzeak "gobernantza" esan nahi du, hau da, enpresak erakunde bizi gisa egituratzen ditugun arau eta ekintzen gaineko etengabeko elkarrekintza, haien ondare eta balioekin. Hortxe, familia eta enpresa binomioa.

Familia enpresen jarraipena ziurtatzeko horretan asmatu behar dute, gobernantzari buruzko plangintzan eta hausnarketan. Garaiz egin behar dute edo, bestela esanda, enpresaren egoera ona denean. Hala ere, sentsibilizazio hori, askotan, ez da kontuan hartzen negozioaren mesedetan. Garaiz ez egiteak, proiektua desberdin egiten duen "arimaren" galtzea ekar dezake, dagozkion kalte ekonomikoekin ere, noski.

Bide zuzena aukeratzeak "gobernantza" esan nahi du, hau da, enpresak erakunde bizi gisa egituratzen ditugun arau eta ekintzen gaineko etengabeko elkarrekintza

Gai horri buruz ere hausnartu berri da Re-think Industryren edizio berri batean, Donostian, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez. Belaunaldi erreleboa. Bidea egiten uztea, etorkizuneko egonkortasuna eta hazkundea bermatzeko. Proiektu interesgarriak sortzea, gazteei begira eta inguruan duten munduari buruzko ikuspegiarekin, izan dira lurraldean erreferente diren enpresek partekatu dituzten gakoetako batzuk.

Belaunaldien arteko elkar ulertzea

Ez da kasualitatea senideen arteko begirada ezberdin horretan arreta jartzea. KPMG aholkularitzak legatuari eta familia-enpresari buruz duela gutxi egindako txosten batek ere horri erreparatzen zion. 70 herrialdetako familia-enpresetako liderrei egindako 2700 inkestetan oinarrituta, txosten horrek garbi nabarmentzen du beren ondarea baloratzen duten enpresen %42k kudeaketa maila hobetua lortzen dutela.

Era berean, txosten horrek ere dio baby boomer belaunaldiko CEOek balio handiagoa ematen diotela familiaren konpromisoari eta jarraitutasunari, millennial edo Z belaunaldiek baino. CEO gazteenek, aldiz, haien kudeaketa eta ondarea ikuspegi sozialarekin eta iraunkortasunarekin gehiago lotzen dute. Bideari eusteko, beraz funtsezkoa da transmisiorako mezuarekin asmatzea.

70 herrialdetako familia-enpresetako liderrei egindako 2700 inkestetan oinarrituta, KPMGk eginiko txostenak garbi nabarmentzen du beren ondarea baloratzen duten enpresen %42k kudeaketa maila hobetua lortzen dutela

Geure esperientziatik garbi dugu. Prozesu hori arrakastatsua izan dadin, beharrezkoa da kanpoko laguntza. Bidelaguna. Elkargin bertatik bertara ezagutzen ditugu ehunaka proiektu, horiekin batera eta horietan lan egin dugula, gobernantza protokoloak elkarrekin ezarriaz. Diagnostikoa, arriskuen identifikazioa eta ekintza plana dira hainbat belaunalditako senideen arteko kohesioa indartzeko formularik onena. Enpresaren jarraipena bermatzeko eta familiaren historia egiten jarraitzeko bidea.

Gobernantzak eskatzen du ibiliaz bidea egitea.