'Kooperatiba inbertsio jasangarrirako enpresa forma gisa' mahai-inguruko parte hartzaileak | Argazkia: EnpresaBIDEA

ENPRESAK GAUR

Finantzazioa: egonkortze fasean dauden kooperatiben erronka

Forma juridikoaren berezitasunak eta hari buruzko ezagutza faltak zaildu egin diezaieke kooperatibei inbertsoreak erakartzea. Aitzitik, talde konprometitua, jasangarritasunarekiko konpromisoa eta tresna ondo ezagutzea abantailak izan daitezke. Hala hausnartu dute EHUko Udako Ikastaroen testuinguruan

Sorrera fasea atzean utzita, edozein start-upek beharra izaten du egonkortze eta garapeneko fase batera igarotzeko. Etapa horretan, rol gakoa jokatu ohi dute inbertsoreek edo laguntzaileek, dena delako inbertsio finantzario, korporatibo edo zientifikoa bultzatzeko. Hala izanik, forma juridiko gisa kooperatiba hautatzeak zenbait abantaila eta desabantaila izan ditzake, eta besteak beste horiek izan dituzte hizpide Ekintzailetza kooperatiboa: inbertsio ekonomiko, sozial eta jasangarrirako formula EHUko Udako Ikastaroan, Kooperatibak inbertsio jasangarrirako eredu enpresarial gisa izeneko mahai-inguruan.

"Ezagutza falta dago kooperatibaren figuraren inguruan", partekatu du Javier Bikuña Saiolan BIC Gipuzkoaren zentroko arduradunak. Ezagutza falta hori, noski, ekintzaileena izateaz gain, enpresen sorrerako aholkularitzan aritzen diren gestoriena ere bada. Baina baita inbertsiogileena ere: "normalean ihes egin ohi dute kooperatiba forma juridiko gisa hautatu duten enpresetatik, are gehiago atzerrikoak direnean", kontatu du. "Edo, bestela, erantzukizun mugatuko sozietate izatera derrigortzen dituzte", gaineratu du Jon Lacunza LKS Next Legaleko abokatuak.

Forma juridikoak dituen berezitasunez harago, langile-bazkide figurak ere ez du guztiz erakargarri egiten. "Kooperatibaren formula ezagutu behar da, baina ez da uste bezain konplexua eta malgutasun handia eskaintzen du", adierazi du Lacunzak. Kooperatibetan inbertsoreei sarbidea nola eman ere definitu behar izaten da, baina badago horretarako aukera. "Zenbaitetan pentsa daiteke: baina nola emango diozu kooperatiba baten sarbidea inbertsiogile edo arrisku funts bati? Bada, familia enpresetan egiten da", azaldu du. Hibridazioa, bitarikoa, bazkide kolaboratzailea dira horretarako aipatu dituen formuletako batzuk.

Jon Lacunza (LKS): "Zenbaitetan pentsa daiteke: baina nola emango diozu kooperatiba baten sarbidea inbertsiogile edo arrisku funts bati? Bada, familia enpresetan egiten da"

"Gu, adibidez, lotura izaten saiatzen gara kooperatiben eta nazioarteko inbertsiogileen artean", kontatu du Gorka Omaechevarría Banca Marcheko EAE, Nafarroa eta Errioxako Enpresa Handien Unitateko zuzendariak. Izan ere, ezagutza falta alde bitara gertatzen dela uste du. "Zenbaitetan berrikuntza finantzarioa falta da, dibertsifikazioa, batez ere hain handiak ez diren kooperatibetan", esan du Omaechevarríak.

Zailtasuna, baina, ez dator soilik esparru pribatutik: "legeak ahalbidetzen badu ere, administrazio publikoetatik ere zaila egiten zaie kooperatibetan inbertitzeko pauso hori ematea", esan du Lacunzak.

Taldea, kidetza eta jasangarritasuna

Omaechevarría eta Bikuña enpresen finantzazio esparruan aritzen dira, bata pribatutik, bestea publikotik. Banca Marchek, arestian aipatu bezala, lotura lanak egiten ditu, eta finantzazioa eskaini; Saiolanetik berrikuntza proiektu berritzaileei laguntzen diete, ekintzaileen identifikaziotik hasita enpresen garapenera bitarteko lana egin ohi dute. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzaren eskutik aritzen dira. "Gure kasuan zenbait lerro identifikatuta ditugu enpresen garapenerako planaren barruan, zenbait ardatzekin, zein motatako inbertsioetara jo definitzen laguntzen digutenak", plazaratu du Ana Camacho Eusko Jaurlaritzako Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak.

Baina zer hartzen dute aintzat edozein forma juridikoko proiektu baten inbertitzean? "Proiektua bera —produkuta, merkatua eta teknologia— eta ekintzaile taldea. Azken horrek konfiantza helarazi behar dizu, gaitasunak dituela, eta konpromisoa ere", adierazi du Saiolanekoak. Banca Marchekoa bat dator: "Zenbaitetan soilik balantzeei erreparatzen zaie. Baliteke balantze horiek hutsik gabekoak izatea, baina ondoren une txar batekin zifrak aldatzea. Guk uste dugu taldea edo ekintzailea ezagutzen ez baditugu nekez izango dugula hautagai on bat". Horrekin batera, beste alderdi bat nabarmendu du: "Gure fokua familia enpresak ere izaten dira, bestelako bisioa izaten dutelako, eta normalean kooperatibekin ere kide izate sentimendu hori bertan izaten da, konpainia bere sentitzearena".

Gorka Omaechevarría (Banca March): "Zenbaitetan soilik balantzeei erreparatzen zaie. [...] Guk uste dugu taldea edo ekintzailea ezagutzen ez baditugu nekez izango dugula hautagai on bat"

Ildo beretik, errotzeak ere rol garrantzitsua joka dezake, Camachok nabarmendu duenez: "lehiakortasuna sustatzeko errotzea beharrezkoa da. Sarea ehundu behar da, bertan egon nahi duten enpresek bertan izaten jarraitu dezaten, benetan uste dutelako hemen hobeto daudela kanpoan baino", dio Jaurlaritzakoak. Aitzitik, lagunduko dion ekosistema behar du horretarko. Jasangarritasuna da beste irizpide garrantzitsu bat. "Eta bi horiek, askotan, berezko ezaugarri izaten dituzte kooperatibek", gehitu du.

Inbertsio iraunkorra

Oro har, inbertsio iraunkorreko aukera gisa jotzen dituzte kooperatibak lauek. Aldiz, oraindik bide luzea dago hori lortzeko, bai inbertsioei dagokienez, bai ikuspegi juridikotik. "Oraindik ere kooperatiba kudeatzeko entitate konplexua da. Uste dut funtzionatzeko modu hori sinplifikatu beharko litzatekeela", adierazi du Bikuñak. "Kooperatibek duten tresnetako bat da autoerregulazioa. Kontua da zer duzun autoerregulatuta. Kontseilu errektorea, gizarte kontseilua... Berez ez da beharrezkoa organo horiek guztiek izatea, ezta modu horretan artikulatuta ere", argitu du Lacunzak. "Une honetan, juridikoki behar askori eman dakioke erantzuna kooperatibak. Baina ondo ezagutu behar da legea, horren tresnak eta benetan zure kooperatiba artikulatu. Eta pedagogia kontua da", gaineratu du.

Camachoren ustez, pedagogiak harago joan behar du, kooperatibak "errealitate enpresarial" direla zabaltzeko. Hain zuzen, Konfekoopetik eta bestelako erakundeetatik egiten ari diren lana jarri nahi izan du balioan. "Falta da kidetza sentimendu hori balioan jartzen duen kanpaina egitea, epe luzeko proiektu gisa", dio Omaechevarríak. Eta, arestian aipatu bezala, elkar ezagutza sustatzea ere ezinbestekoa da inbertsoreen eta kooperatiben artean, baita jasangarritasunari loturik ere.

Javier Bikuña (Saiolan): "Oraindik ere kooperatiba kudeatzeko entitate konplexua da. Uste dut funtzionatzeko modu hori sinplifikatu beharko litzatekeela"

Azkenik, Industriaren eta Energia Trantsizioaren zuzendariak beste ideia bat azpimarratu du: "berez kooperatiboak diren tresnak sortu behar ditugu finantzaziorako, ekarpena egingo duten entitate finantzario edo pseudofinantzarioak. Izan ere, kooperatibak funts propioekin azkar haztea zaila da".

Edozein kasutan, etorkizuneko aukera dela uste dute: "Eta loratu behar dela", adierazi du Bikuñak. Are gehiago, Saiolanekoaren ustez, gazteek lan merkatuari eskatzen dizkioten baldintzak aintzat hartuta: malgutasuna, telelana... "Kooperatiba baten barruan horiek jorratzea errazagoa izan ohi da".