Forum Sportek kirol materiala alokatzeko zerbitzu berria abian jarri du
Negozio ildo berriak garatuko du enpresak hurrengo hilabeteetan. Kirol materiala alokatzeko zerbitzuaz gain Forum Sport plataforma digitalen bitartez saltzen ere hasiko da.
Forum Sportek kirol materiala alokatzeko zerbitzua abian jarriko du Newe enpresaren eskutik. Ekimen honen bitartez Forum Sporteko bezeroek hainbat kirol kategoria ezberdinetako produktuak izango dituzte alokogai. Bezeroak txirrindularitza, padel, eskia, tenisa, fitnessa, ur kirolak, elektronika eta beste zenbait alorreko produktuak erabiltzeko aukera izango du erosi behar izan gabe. Alokatzeko gutxieneko epea 3 egunekoa izango da eta materiala gehienez 30 egunez alokatu ahal izango da. Epe luzeagoetarako hilabetekako harpidetza aukera ere emango du Forum Sportek.
Newe enpresa andaluziarrak esperientzia handia dauka ekonomia zirkularrean txikizkako kontsumoaren alorrean. Ohiko merkataritza elektronikoaren negozioak duen arazorik handiena itzulketa portzentaia altuarena da. Alokairuaren zerbitzuaren bitartez itzulitako eta berregokitutako produktuak errentagarri bihurtu daitezke. Newek Forum Sport online kanaleko zein saltokietako alokairu prozesua digitalizatzeaz gain eragiketa guztia automatizatu ere egingo du ( logistika, kalitate-kontrola eta alokatutako produktuen higienizazioa, besteak beste).
Materialaren alokairuarena ez da Forum Sportek landuko duen negozio ildo berri bakarra.On line negozioa hedatu nahi du Bizkaiko konpainiak. Egun negozioaren % 22 on line kanalen bitartez burutzen du eta 2024rako % 32ra heldu nahi du. Horretarako plataforma digital ezagunekin negoziatuko du haien salmenta plataformen bitartez produktuak saltzeko. 2022aren bukaerarako bost plataforma digitaletan saltzea aurreikusten du konpainiak.
Hedatzeko helburua ere badu Forum Sportek. Ohiko saltokiak irekiko ditu frankizien bitartez eta nazioarteko merkatuari on line kanalaren bitartez helduko dio.
2021ean 150 milioi euro fakturako zuen Forum Sportek. 2022-2024rako ezarritako plan estrategikoak fakturazioa 180 milioira haztea aurreikusten du eta horretarako on line kanala gakoa izangoa da.