Talentuaren kudeaketa landuko duen programa aurkeztu du Garaia Parke Teknologikoak
Otsailean zehar egingo dira hitzaldiak, asteazkenetan, goizeko 09:00etatik 11:00etara
Garaia Talentuaren Kudeaketa 2025 ekitaldia antolatu du Garaia Parke Teknologikoak, Orekan Bizi enpresaren laguntzarekin. Topagunearen helburua da, batetik, profesionalen artean ezagutza trukatzeq, eta bestetik, “talentuaren kudeaketaren berrikuntza”. Asteazkenetan egingo dira saioak, goizeko 09:00etatik 11:00k arte, eta doan izango dira.
Ekitaldian gaur egungo erronkei buruzko hausnarketa egingo da, eta, horretarako, lau enpresetako kideek hartuko dute parte: Vesper Solutions-eko Teresa Arangurenek (otsailaren 5ean), Erkoreka Consultores-eko Maria Erkorekak (otsailaren 12an), Ngloba Strategy-ko Virginia Amilibiak (otsailaren 19an) eta MLAKoop-eko Maria Ruizek eta Idoia Mujikak (otsailaren 26an). Hainbat gai jorratuko dituzte: talentu-estrategiak, adimen artifizialean oinarritutako errekrutamendua, talentua kudeatzeko irtenbide integralak….
Antolatzaileen esanetan, “aukera paregabea” izango da, bereziki, giza baliabideetako arduradunentzat, zuzendaritza-karguentzat, erdi-mailako arduradunentzat eta jendaurrean edo hezkuntza-sektorean lan egiten dutenentzat. Hala eta guztiz ere, gaineratu dute interesa duen edonork hartu dezakeela parte. Hori bai, aurrez eman beharko da izena, Garaia Parke Teknologikoaren web-orriaren bitartez.