Argazkia: iStock

ENPRESAK GAUR

Gaur sartuko da indarrean kontseiluetan emakumeak gutxienez %40 izatea behartzen duen legea

Ibex 35eko enpresek 2026ko ekainaren 30era arte dute ehunekoa betetzeko epea; burtsan kotizatzen duten gainerako konpainiek urtebete gehiago izango dute

Gaur sartuko da indarrean enpresen administrazio kontseiluetan %40 emakumezkoak izatea derrigortzen duen araudia. Ehuneko gutxieneko hori betetzeko, legeak epe batzuk ezartzen ditu: Ibex 35eko enpresek 2026ko ekainaren 30era arte dute ehunekoa betetzeko denbora: burtsan kotizatzen duten gainerako konpainiek urtebete gehiago izango dute, 2027ko ekainera arte. Hala, emakumeek administrazio kontseiluetako postuen %60 gainditzeko aukera izango dute.

Gizon eta emakumeen arteko ordezkaritza parekidea bultzatuko duen lege hau Europako zuzentarau batetik sortu da. Aurrera ateratzea zaila izan bada ere, pasa den uztailan, Espainiako Kongresuaren oniritzia jaso zuen, eta gaur sartuko da indarrean.

Sektore publiko nahiz pribatuari eragiten dio legeak. Burtsan kotizatzen duten enpresak nahiz 250 langile baino gehiago eta 50 milioi euro baino gehiagoko negozio zifra duten interes publikoko konpainiek bete beharko dute gutxieneko ehunekoa. Administrazio Publikoari, elkargo profesionalei, patronalei, sari publikoetako epaimahaiei eta sindikatuei ere eragingo die.

Administrazio Publikoak 2029era arte izango du ehunekoa betetzeko epea. Sindikatuek eta enpresari elkarteek berriz, 2028ko ekainaren 30a baino lehenago bete beharko dute.