Gida bat aurkeztu dute komunikazio publikoa euskaraz egiten laguntzeko
Soziolinguistika Klusterrak argitaratu duen webgune formatuko gidak jendaurrean.eus du izena
Jendaurrean.eus gidaren aurkezpen ekitaldia egin zuen ostiralean Soziolinguistika Klusterrak, Donostiako Tabakalerako Kutxa Fundazioan. Aurkeztutako gidaren helburua da euskararen erabilera erraztea komunikazio publikoak egiten direnean. Horretarako, webgune formatuan, gaiaren inguruko eduki ugari bildu dituzte.
Sortzaileen esanetan, web-orriko atal “garrantzitsu” eta “praktikoena” Gida izena duena da; bertan azaltzen dira erakundeek komunikazio publikoa euskaraz egiteko azalpen eta tresna lagungarriak, formakuntzak, euskarri eta egoera bakoitzean egin daitezkeen esku hartzeak, euskarazko komunikazio inklusiboaren gaineko informazioa… Baliabideak eta tresnak izeneko atala da “aurreko atal guztietako erreferentziak antolatzen dituen biltegia”, hau da, bertan aurki daitezke gainerako ataletan erreferentzia egin zaien txosten, hitzaldi ,argitalpen eta webguneak.
Jendaurrean Erabili proiektuari ere atal berezia eskaini diote webgunean. Proiektu hori 2015. urtean jarri zuten martxan, non erakunde sozial pribatu zein publikoak bildu ziren, ikerketa talde bat osatu eta txostenak, artikulu zientifikoak, aurkezpenak… argitaratzeko. Zehazki, taldearen helburua da “euskara gehiago, hobeto edo eraginkorrago erabili nahi duten erakunde eta eragileen jarduna errazteko bide eta bitartekoak” lantzea.