Gipuzkoan %0,7 igo dira enpresen salmentak urteko lehen zortzi hilabeteetan
Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu du Europar Batasunetik kanpoko merkatuetarako salmentei esker lortu direla datu positiboak
Gipuzkoako enpresen egoerari buruzko txostena kaleratu du Foru Aldundiak. Enpresen salmentak %0,7 igo dira 2024ko lehen zortzi hilabeteetan, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Zehazki, %1,0 hazi dira barruko salmentak, eta %0,3 esportazioak. Informazio hau hilero argitaratzen den arren, uztaileko eta abuztuko datuak batera azaleratzen dira. Hala, bereziki positiboak izan ziren datuak uztailean, gora egin baitzuten barne salmentek (%6,4) eta esportazioek (%10,9). Abuztuan, ordea, barne salmentak %1,1 jaitsi ziren, eta esportazioak, %9,7. Datu guztiak kontuan izanda, uztailean %8 igo ziren salmentak, eta abuztuan %4,1 jaitsi.
Enpleguaren kasuan, urte artean %1,7 igo da lan etekinen hartzaileen kopurua; soldatak ere %5,8 hazi dira. Uztailean eta abuztuan, hurrenez hurren, %2,3 eta %2,0 gehitu da enplegua. Soldatei dagokienez ere datu positiboak lortu dira uztailean (%8,0) eta abuztuan (%5,8).
Irune Berasaluze foru bozeramaileak azpimarratu du “berri ona dela” industriak izan duen portaera positiboa, “ongizate iturri garrantzitsua delako Gipuzkoan”. Pandemiaz geroztik susperraldi nabarmena eta jarraitua gertatu dela ere adierazi du. Hala ere, bozeramaileak “zuhurtzia” eskatu du, "egoeraren araberako aldaketak baino gehiago joerak aztertu behar direla, perspektibarekin”. Azkenik, gehitu du urteko datu positiboak Europar Batasunetik kanpoko merkatuetarako salmentei esker lortu direla.