2024ko gizarteratze-enpresaren eguneko ekitaldia | Argazkia: utzitakoa

ENPRESAK GAUR

Gizarteratze-enpresak Nafarroan: dibertsifikazioa EINAren eskutik

EINA erakundea 19 enpresek osatzen dute. Gizarteko sektore zaurgarrienei ohiko merkatuan sartzen laguntzen diete

Nafarroako gizarteratze-enpresak EINA erakundean elkartuta daude. Erakunde horren idazkari teknikoa Consuelo Corella deitzen da, 53 urte ditu, eta 30 urte daramatza Iruñean bizitzen. Administrazioko lanbide heziketa ikasi ondoren, “Bartzelonan Gizarte Laneko gradua, eta Valentzian Soziologian doktoretza” egin zituen. Familientzako arreta-gune batean lan egin zuen, duela bi urte EINAn lan egiteko eskaintza argitaratuta ikusi zuen arte.

Berak azaldu duen bezala, “2009 urtean EINAren sorrera onartzen zuten estatutuak adostu ziren”. Garai hartan “erakunde hori osatzen zuten erakundeak gizarteratze-guneak deitzen ziren; 2016an hartu zuten gizarteratze-enpresa izena”. Gizarteratze-enpresaren kontzeptua, hain zuzen, “Nafarroan bereziki garatu zen, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko langileei eta gai horrekiko kezkak zituzten pertsonei esker”. Azken horietako batzuk “gaur egun martxan dauden enpresetako kudeatzaile bilakatu dira”.

Bitartekaritza lana

Elkarteak “19 gizarteratze-enpresen bateratzerako lokarri gisa funtzionatzen du”. Kopuruan hazkunde garrantzitsua izan da 2021etik: orduan 9 gizarteratze-enpresa zeuden soilik. Gainera, 2021eanIruñerrian kontzentratuta zeuden bitartean, egun nafar geografia osoan sakabanatuta daude. Hori dela eta, Corellaren hitzetan, “erakundeak lurralde kohesioa ziurtatzen du, eta ez bakarrik kohesio soziala”.

Bitartekaritza lana ere egiten du Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin, eragin politikoa handitzeaz eta dibulgazio lanak gauzatzeaz gain. Gizarteratze-enpresek eskaintzen dituzten lanpostuak ez dira betierekoak, baizik eta “trantsiziozkoak, bazterketa sozialarekin amaitzeko zubia bezala lan egiten du eta”.

Consuelo Corella: "[EINAk] lurralde kohesioa ziurtatzen du, eta ez bakarrik kohesio soziala”

Helburua “bazterkeria egoeran dauden pertsonak ohiko merkatuan sartzeko gai bilakatzea da”. Horregatik, pertsona horiek “askoz jota hiru urtez jarduten dute EINAko enpresetan”. Denbora horretan, erakundeko langile teknikoek merkatu arruntean ibiltzen laguntzen diete.

Baztertze sozialerako arriskuan dauden pertsonak izan daitezke, esaterako, “etxean indarkeria sufritu dutenak, iraupen luzeko langabetuak, baliabide gutxietakoak etxebizitzarekin arazoak dauzkatenak edo funtsezko errenta jasotzen dituztenak”. Pertsona horiek identifikatzeaz arduratzen dira batez ere funtsezko zerbitzu sozialak; EINA, aldiz, haien lan-prestakuntzan espezializatzen da. EISOL eransketa soziolaboraleko taldeek ere elkarteak lagundu ditzakeen pertsonak proposatzen dituzte.

Corellak dioenez, eurena “helburu sozialeko erakundea” da, irabazi asmorik gabekoa, eta “ekonomia sozialaren alde” jarduten duena. EINAri esker, “jende askok lortu ohi du aukera eredu asistentzialistatik (non onuradunak soilik kanpotik laguntza ekonomikoa jasotzen duen) lan propiotik bizitzera pasatzeko”.

EINA osatzen duten 19 enpresetako bat da Emaús | Argazkia: utzitakoa

Erakundeak modu jakin baten egiten du lan. baztertze sozialeko egoeran edo arriskuan dauden pertsonekin: “murgiltze ibilbide bat" bezalakoa da; pertsonari, "bere borondatearekin", konpainia eskaintzen zaio. Beraz, EINAk “pertsona erdigunean jartzen du, eta ordaindutako lana hori lortzeko baliabidea da”.

Bestalde, “ibilbide hori ez da lineala". Onartu egiten da aurrera joan daitekeela, baina baita atzera egin ere, "eta pertsonarekin izaten den harremana errespetu eta zuzentasun osokoa” da. Azkenik, “zerbitzua integrala eta koordinatua da, eta kasu bakoitzera pertsonalizatzen da”.

SROI erakundeak egindako txosten baten arabera, gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonetan inbertitzen den euro bakoitzeko, pertsona horiek 1,8 euro (hau da, ia bikoitza) itzultzen diote gizarteari

Corellak SROI erakundeak egindako txosten bat aipatu du. Haren arabera, gizarte bazterketa egoeran dauden pertsonetan inbertitzen den euro bakoitzeko, pertsona horiek 1,8 euro (hau da, ia bikoitza) itzultzen diote gizarteari.

Sektore askotako enpresak

Corellaren ustez, elkartearen enpresa kopurua "oso handia" da "Nafarroako tamaina txikia" kontuan hartuta. EINAren parte dira, besteak beste, Josenea nekazaritza ekologikoko enpresa, Malerreka Common Zerbitzuak —garbiketaz, lorezaintzan eta espazio naturalen zainketan dabilena—, Alhama Cintruénigo trantsizio ekologikoan espezializatuta; edo Carranza Delgado automobilgintzaren sektorekoa.

Kudeatzaileak esan duenez, “beste erkidegoetako gizarteratze-enpresak batez ere birziklatzean eta bigarren eskuko arroparen bilketan" espezializatuta daude; "Nafarroakoak, aldiz, dibertsifikatuagoak daude”.

Enpresak derrigortuta daude “irabaziak haien hobekuntzarako berrinbertitzera". Faktore hori dela eta, gizarteratze-enpresak, nahiz eta irabazi asmorik gabekoak izan, "errentagarriak izan behar dira”

Gizarteratze-enpresa izateko “fundazio baten aterkipean" egotea ezinbestekoa da, eta horiek kapital sozialaren %51 baino gehiago ematea. Gainera, enpresaren lehen hiru urteetan, langileen %30 gizarteratzeko laguntza behar dutenak izan behar dira. Horrez gain, enpresak derrigortuta daude “irabaziak haien hobekuntzarako berrinbertitzera". Faktore hori dela eta, gizarteratze-enpresak, nahiz eta irabazi asmorik gabekoak izan, "errentagarriak izan behar dira”.

Edozein kasutan, Nafarroako Gobernutik ere dirulaguntzak jasotzen ditu, lan-gizarteratzea foru gobernuaren politika aktiboetako bat izanik. Laguntza horiei esker “langile teknikoen gutxieneko soldataren %75 eta gizarte-segurantzaren %100 ordaintzen da”.

[Hala ere] enpresa mota honen helburua ez denez etekina lortzea, “muskulu ekonomikoa falta zaio”. Beraz, inbertitzeko, hazteko eta dibertsifikatzeko "dirulaguntzak behar dira”

Dirulaguntzak ezinbestekoak dira, halaber, “lanaren sustapena, lehiakortasunaren hobekuntza eta jasangarritasuna lortzeko”. Izan ere, enpresa mota honen helburua ez denez etekina lortzea, “muskulu ekonomikoa falta zaio”. Beraz, inbertitzeko, hazteko eta dibertsifikatzeko "dirulaguntzak behar dira”. Joan den urtean 235.000 euroko laguntza jaso ostean, aurten zen bitartean, aurten 180.000 eurokoa izango da.

Horrekin batera, egun euren aldarrikapen nagusia da administrazio publikoek —Espainia mailako zein tokiko entitateek eta Nafarroako gobernuko sozietate publikoak— Kontratuen erreserbaren bitartez egitea kontratazioak, hala jasota baitago kontratazio publikoko Foru legearen 36. artikuluan.

Aitortzaren bultzada

Duela bi urte Economía Social Navarrak Nafarroako Gobernuko Urrezko Domina jaso zuen, erakundeak eskaintzen duen sari garrantzitsuena, alegia, “ekonomia sozialaren arloan egindako ahalegina dela eta”. Corellaren ustetan, horrek “aitorpen eta bultzada garrantzitsua dakar“ EINArentzat ere, haien jarduera agerian jarri eta horri buruz sentsibilizatzeaz gain. Izan ere, horren parte dira.

Duela bi urte Economía Social Navarrak Nafarroako Gobernuko Urrezko Domina jaso zuen, erakundeak eskaintzen duen sari garrantzitsuena

Kudeatzaileak sumatu du “azken boladan hobetu egin dela gizarteratze-enpresei buruzko ezagutza”. Akats nagusia izan ohi da publiko orokorrak nahastu egin ohi dituela “gizarteratze-enpresak eta lanerako gune bereziak”. Azken horiek “desgaitasuna duten pertsonekin egiten dute lan”. Gizarteratze-enpresek ez dute hori egiten.