Teknologia
Googlen 274. biktima
Konpainia ospetsuak bere zerbitzuetako bat itxi du berriro, beste bat Kaliforniako konpainiaren zerrenda luzean
Joan den irailaren 27an Googlek 24 urte bete zituen. Denbora horretan produktu eta zerbitzu ugari aurkeztu ditu. Kaliforniako konpainia teknologikoak oso urte gutxitan lortu du haztea, eta konpainia baliotsuenetariko bat bihurtzea. Dena, ordea, ez da erraza izan. Kasu askotan Googlek atzerapauso bat eman behar izan du, eta bere proiekturen bat bertan behera utzi. Azkena irailaren 29an iragarri zuen: Stadia. Googlek utzitako 274. produktua bilakatu da.
1998an bilatzailea garatzen hasi zen multinazionala erreferente bihurtu da bere ekosisteman emandako zerbitzuei dagokienez. Gmail, YouTube, Google Drive edo Android konpainia iparramerikarraren kasu arrakastatsuak dira, baina martxan jarritako zerbitzu batzuek ez dute Googlek espero zuen arrakasta lortu, eta ixteko erabakia hartu dute. Googlek eraildako proiektuak jasotzen eta zerrendatzen dituen web orri bat ere badago. Jarraian nabarmenen errepasoa egingo dugu.
Stadia
Googlek itxi duen azken zerbitzua izan da Stadia hodeiko jokora bideratutako plataforma. Boteprontoan, Googlek iragarri zuen urtarrilaren 18tik aurrera zerbitzua ez dela erabilgarri izango. Stadia 2019an aurkeztu zuen, bideojokoak Interneteko konexioa duen edozein gailutara eramango zituela hitzemanez, eta hala izan zen. Stadiara jolasteko, sarera konektatutako gailu bat eta Stadiaren edo beste konpainia batzuen aginte propioa behar ziren. Plataformak bideojokoen katalogo txiki bat erakusten zuen, erosi eta jolasteko balio zuena, kontsola fisikorik edo ordenagailu oso indartsua izateko beharrik gabe. Publizitaterik ezak, marketin eskasak eta bideojokoen zaleen errezeloek eragin zuten benetan ondo funtzionatzen zuen zerbitzua ez izatea hazi eta lehiari aurre egiteko gai. Joan den irailaren 29an, Stadiak bere itxiera iragarri zuen, eta, beraz, urtarrilaren 18tik aurrera jokalariek ezin izango dute plataforma horretan erositako norberaren joko-liburutegira sartu. Googlek agindu du plataformaren barruan egindako erosketen eta Stadian jokatzeko behar den hardwarearen %100 itzuliko duela, alegia, Google Chromecast Ultra eta aginteak. Ikusteko dago teknologia hori, ondo zebilena, etorkizunean beste bideojoko konpainia batzuek erabiliko duten ala ez.
Picasa
2000ko hamarkadaren erdialdetik aurreko hamarkadaren hasierara arte Picasa editore ospetsu bihurtu zen, editore ezagunagoei aurre egiteko gai zena. Picasa konpainia independente gisa sortu zen 2002an, baina bi urte geroago, Googlek proiektu osoa bereganatu zuen. Picasa programa hainbat sistema eragiletan instalatzeko zegoen erabilgarri, eta sarera konektatuta egon gabe exekutatzeko aukera ematen zuen. Garai hartan, mugikorren bitartezko argazkigintza eta sare sozialak ez ziren orain bezain zabalduak. Horregatik, ohikoa zen normalean kamera digitalekin ateratako argazkiak ordenagailutik bertatik editatzea. Aldiz, mugikorrek pixkanaka ahalbidetu zuten gailutik bertatik irudiak editatzea, baita sare sozialek ere, eta Picasa ospea galduz joan zen. Ondorioz, 2016an enpresak proiektua itxi eta bertan behera utzitako Googleren proiektuen hilerrian lurperatzea erabaki zuen.
Google+
Googlek esparru guztietan dibertsifikatzeko ahalegina egin du, eta horretan jarraitzen du. Joan den hamarkadaren hasieran Facebook, Twitter edo Tuenti bezalako sare sozialen ospea zela eta, bere sare sozial propioa merkaturatzearen aldeko apustua egin zuen lehiatzeko. 2011n Google+ jaio zen, Facebooken antzeko sare sozial bat, denbora errealean egoerak, irudiak eta webguneak partekatzeko aukera ematen zuena. Gainerako sare sozialetan ez bezala, Google+ gehiago bideratzen zen antzeko gustuak zituzten erabiltzaileen zirkuluetara eta enpresek sarean zuten posizionamendura. Lehen urteetan halamoduzko arrakasta izan ondoren, 2015etik aurrera sare soziala ospea galtzen hasi zen, 2019an Googlek sare soziala behin betiko ixtea erabaki zuen arte. Google+i gertatu zitzaion gauza bera gertatu zitzaion Hangouts berehalako mezularitza-zerbitzuari, Skype edo Whatsapp bezalako zerbitzuekin lehiatu nahi baitzuen. Google plataforma honen izena behin baino gehiagotan aldatzen saiatu zen, Google Allo edo gaur egun Google Duo deituz. Ikusteko dago Googlen bideo-deien zerbitzuak bere horretan jarraitzen duen edo, aitzitik, bere aurrekoak bezala desagertzen den.
Youtube Originals
Arrakasta izango zuela zirudien beste zerbitzu bat YouTube Originals zen. YouTube Premium harpidetza-zerbitzua aurkeztu zenean, Originalsen etorrera ere aurkeztu zen, telesailak, filmak eta Googlen plataformarako gainerako eduki esklusiboak sortuko zituen ikus-entzunezko ekoizle moduko bat. Telesailen batek edo beste atera zen plataforma horretan, baina ez zuen lortu nahi zuen arrakasta. Hori dela eta, 2022 hasieran, Googlek ekoiztetxea ixtea eta telesail horiek Netflix edo HBO Max bezalako plataformei saltzea erabaki zuen.
Asko dira Googlek azken urteotan lortu dituen arrakastak, baina madarikazioak Palo Altoko konpainian jarraitzen duela dirudi. Agian, sektore guztietan lider izateko grinagatik, edo publizitate eta marketin faltagatik ari da konpainia estropezu egiten. Stadia izan da itxi duten azken zerbitzua. Segur aski, ez da azkenekoa izango.