1.301.343 bisitari izan ditu museoak 2024an | Argazkia: iStock

ENPRESAK GAUR

Guggenheim Bilbao Museoak 672,7 milioi euroko ekarpena egin dio BPGari 2024an

Museoak adierazi duenez, azken urtean 777,6 milioi euroko eskaria sortu du EAEn

Guggenheim Bilbao Museoak 1.301.343 bisitari izan ditu 2024. urtean. Museotik adierazi dute datuak “oso positiboak” direla, “publikoaren babesari esker”. Zehaztu dutenez, maiatza eta ekaina “inoizko hilabeterik onenak” izan dira bisitari kopuruari dagokionez; uztaila eta abuztua, ordea, “bigarren onenak”. Hala eta guztiz ere, 2023. urtean baino %2 bisitari gutxiago izan dituzte.

Jatorri geografikoari erreparatuta, atzerritarrak izan dira publiko osoaren %67. Gehiengoa Frantziatik etorria (%16), baina baita Alemaniatik (%8), Britania Handitik (%7), Estatu Batuetatik (%6) eta Italiatik (%5) ere. EAEkoak izan dira bisitari guztien %11, eta Espainiako estatuko gainerako herrialdeetatik iritsi da publikoaren %22a. Azken horien kasuan, katalanak (%4) eta madrildarrak (%4) gailendu dira.

Programazio artistikoaren datuei dagokionez, bisitari gehien izan dituen erakusketa ‘Ikurrak eta objektuak. Guggenheim Bildumako Pop arteaizan da, 882.658 ikuslerekin. Ekaina eta azaroa bitartean 648.237 bisitari izan zituen ‘Yoshitomo Nara’ erakusketak, eta ‘Martha Jungwirth’-ek beste 549.094 izan zituen. Digitalki, museoaren webguneak ia hiru milioi bisita jaso ditu, eta ia hamaika milioi orrialde ikustaldi.

Guggenheimek eskaintzen dituen hezkuntza-programetan 80.192 pertsonek hartu dute parte 2024. urtean, eta milioi bat pertsona baino zertxobait gehiagok erabili dituzte programazio artistikoaren osagarri diren gune didaktikoak. Eskolek ere bisitatu dute museoa, hots, 25.965 haurrek. Irakasleentzako sortutako doako online komunitateak 4.744 kide izan ditu, 2023aren aldean %27 handituta.

Museoan egin diren ekitaldi, erakusketa eta bisiten ondorioz lortu diren emaitza ekonomikoak ere argitaratu ditu Guggenheimek. 777,6 milioi euroko eskaria sortu du museoak EAEn, eta Barne Produktu Gordinari (BPG) 672,7 milioi euroko ekarpena egin dio. Azaldu dutenez, kopuru horiek 105,5 milioi euroko “diru-sarrera gehigarriak ekarri dizkiete Euskadiko Ogasun Publikoei”. Gainera, orotara 14.236 enplegu mantendu dira. Museoaren autofinantzaketa maila %78koa izan da, gutxi gorabehera.