Argazkia: Gureak

Aitortzak

Gureak enpresa taldeak jasoko du 2023ko Ekonomistak Saria

40 urte baino gehiagoko ibilbidean, desgaitasuna duten pertsonen lan aukerak sustatzeaz arduratu da talde gipuzkoarra. Egun, 6.000 pertsonek egiten dute lan bertan

2023ko Ekonomisten Euskal Elkargoaren Saria Gureak gizarte-ekonomia enpresa taldeak erdietsi du. 1975ean sortua, desgaitasuna duten pertsonen lan aukerak sustatzeaz arduratzen da talde gipuzkoarra. 40 urte baino gehiagoko ibilbidea osatuta, adimen urritasuna, buruko gaixotasunak edota desgaitasun fisikoak dituzten 6.000 langile ditu egun, eta besteak beste, “Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren eta enpresen garapenari egindako ekarpen nabarmenagatik, enplegua sortu eta berrikuntza sustatzeagatik eta gizarteratzea eta laneratzea lortzeko duen konpromiso eredugarriagatik”, emango diote aitortza.

Gureakek industria, marketin eta zerbitzuen sektoreetan egiten du lan batik bat, eta taldeak sortutako Balio Sozial Integratua (ISB) irizpidearen arabera, interes taldeei sortutako balioa nabarmena da. Hain zuzen, 2022ko datuek diote Gureaken enplegu politika aktiboetan inbertitzen duen euro bakoitzeko, taldeak bi euro gehiago itzultzen dizkiola gizarteari.

Saria datorren abenduaren 12an jasoko du, Bilboko Zabalgune Merkatuko Atrioan. Ekonomisten Euskal Elkargoak adierazi duenez, edizio berezia izango da aurtengoa, sariak hamar urte betetzen baititu. Ekitaldiaren helburua "enpresa, gizarte edo giza balioak sustatuz, ekonomia, enpresa ereduak edo gizartea garatzen laguntzen duten pertsona edo erakunde publiko zein pribatuak saritzea” da.