Ereduak
Guuk, telekomunikazioan 'betirako' prezioak
Hiru urte bete berri ditu telekomunikazio zerbitzuak ematen dituen enpresak, eta 40.000 bezero erakarri dituzte jada. Iraupen eta promoziorik gabeko negozio eredua jorratzen dute, bezeroarekiko kalitatezko arreta lehenesten dutelarik
Hego Euskal Herrian telekomunikazio zerbitzuak eskaintzen dituen operadorea da Guuk. Pandemian mamitutako proiektua, 2020ko udaran zabaldu zen merkatura eta hiru urte bete berri ditu bertan. MasMovil eta Dominion enpresen arteko elkarlanaren ondorioz sortu zen Guuk, izan ere, bi enpresa handi horiek Euskal Herrian errotutako proiektua garatzea zuten helburu.
Juanan Goñi Guukeko zuzendari nagusiaren arabera, filosofia argi batekin eratu zen proiektua: “zintzotasuna eta gardentasuna ardatz dituen telekomunikazio proiektu bat garatu nahi genuen, eta oinarri horiekin merkatuan lehia zitekeela erakutsi”. Bigarren zutabe bat ere bazuen proiektuak, Euskal Herrian egitearena. Izan ere, “hemen talentu nahikoa dagoela ikusarazi nahi genuen”, dio Goñik.
Juanan Goñi: “zintzotasuna eta gardentasuna ardatz dituen telekomunikazioa proiektu bat garatu nahi genuen eta oinarri horiekin merkatuan lehia zitekeela erakutsi”
Bereziki lehiakorra den merkatua da telekomunikazioena eta fama eskasekoa gainera. Iruzur, engainu eta faktura nahiz kontratuetako letra txikiak datozkio bati burura sektore hau gogora ekartzean, eta hortaz, bezeroen arreta zerbitzua eta gogobetetze mailan zentraturiko negozio eredua eraiki nahi izan du Guukek hiru urte hauetan.
Merkatuko faktura "aspergarriena"
Negozio eredu horren ondorio da Guukek ez duela inolako promozio, deskontu edota iraupen eskaintzarik egiten. “Gure prezioak betirako dira, eta bezero guztiek prezio bera ordaintzen dute zerbitzu beragatik, erosle batek ez du besteak baino baldintza hoberik izaten. Bezero berriek ere ez dute promoziorik jasotzen gurekin kontratua lotzean”, azaldu du zuzendariak. Hala, hileko 42 euroko eskaintza du Guukek zuntz eta mugikorrean bezero guztientzat, eta eurek eguneratzen dituzte tarifak. “Lehenengo gure bezeroei hobetzen dizkiegu baldintzak, eta ondoren eskaintzen ditugu merkatuan. Bezeroak ez du ezer egin behar, guk jakinarazten baitiogu baldintzak hobetuko dizkiogula”, gehitu du.
Honela, Guukeko erosleek "baldintza onenak dituen eskaintza" daukatela "jakitun direla" kontatu du Goñik, eta euren fakturak “merkatuko aspergarrienak” direla, ez baitago ezustekorik ez eta prezio gorakadarik.
Sektorean errotazio-tasa txikienetakoa duen enpresa da Guuk, estatuko batez bestekoaren oso azpitik
Halaber, negozio eredu horri esker, telekomunikazio arloan bezeroen gogobetetze maila altuenetakoa duen enpresa bilakatu da Guuk. Estatu mailan Net Promotor Score (NPS) —bezeroek enpresa zenbateraino gomendatuko lukeen adierazten duen ratioak— bigarren postuan sailkatzen du Guuk espainiar estatu osoan. Are gehiago, sektorean errotazio-tasa txikienetakoa duena da, estatuko batez bestekoaren oso azpitik. “Zintzo eta garden jokatu, eta bezeroak zaintzea oinarri duen modeloak funtzionatzen duela erakutsi dugu”, dio Goñik
40.000 bezero, eta ia %4ko merkatu kuota
EBITDA positiboa izan du enpresak 2022an eta 40.000 bezero inguru ditu jada. Gainera, bezeroen %77ak telekomunikazioaren lau zerbitzuak kontratatzen ditu: zuntza, mugikorra, telebista eta etxeko telefono finkoa. Emaitzekin oso pozik badira ere, Goñiren esanetan pozgarriena modeloak funtzionatzen duela ikustea da: “Apurtzaileak izan gara merkatuan. Negozio ereduak funtzionatu ez balu hilda egongo ginateke jada, eta promozio, iraupena eta letra txikien negozio eredua aterako litzake irabazle”.
Merkatu kuotari dagokionez, %4tik gertu daudela adierazi du Goñik, eta 2026rako %10era iristeko helburua dute Hego Euskal Herrian. “Urtebete baino gehiago daramagu hilero batez beste erosleen %10 erakartzen, eta errotazio oso baxua dugunez hazten ari gara apurka”. Era berean, zuzendariak gehitu du iraupenik ez dutenez ez dituztela bezeroak "modu artifizialean" mantentzen: “sinpleki, zerbitzuarekin gustura bazaude gurekin geldituko zara. Eta gustura ez bazaude joan egingo zara, guk ez dugulako trabarik jarriko”.
Berrikuntzaren aldeko apustua
Denera sei denda propio ditu Guukek Hego Euskal Herrian eta beste zazpi stand hainbat zentro komertzialetan. Call centrerak dituzte Donostian eta Bilbon, eta guztira 120 langile ditu egun enpresak.
Konpainia erraldoien merkatuan, start-up bat bezala ikusten dute euren burua Goñik dioenez, eta azpimarratu du bizirauteko berritzaile izatea funtsezkoa dela merkatuan. Horrela, berrikuntza arloan hainbat kolaborazio egin dituzte hemengo hainbat start-upekin. “Hemengo start-upen bozeramailea izan nahiko genuke, eta telekomunikazio sektorearen bitartez ikusgarritasuna eman”.
Juanan Goñi: “Hemengo start-upen bozeramailea izan nahiko genuke, eta telekomunikazio sektorearen bitartez ikusgarritasuna eman”
Apustu honen adibide gisa Lana enpresaren kasua aipatu du Goñik: “Guuken egungo marka eurek egin ziguten, eta gurekin lanean hasi zirenean 15 pertsonako enpresa txikia ziren. Orain Bartzelona eta Madrilen ireki dituzte espazio berriak”.