Argazkia: Balenciaga ontziola

ENPRESAK GAUR

Hartzekodunen konkurtsora joko du Balenciaga ontziolak

Urrian adostutako finantzazio plana ezerezean geratu da. 80 milioi euroko zorra du konpainiak

Hartzekodunen konkurtsora joan beharko du Balenciaga ontziolak. Bart jakinarazi die erabakia konpainiako langileei, izan ere, orain hilabete batzuk ezarritako finantzazio berregituraketa plana ez da aurrera atera, eta ezin izango dio aurre egin 80 milioi euroko zorrari.

Pasa den urrian hartzekodunen konkurtsoa ekiditea lortu zuen, orduan adostutako finantzazio planak Donostiako merkataritza auzitegiaren oniritzia jaso baitzuen. Orain, ordea, Cofides sozietate publiko-pribatuak ezerezean utzi du plan hori.

Finantzaketa plan honekin, zorra itzultzeko epeak atzeratu nahi zituen ontziolak, baita lan kostuak murriztu ere. Uztailean bi ontzi eraikitzeko kontratu bat sinatu zuen, baina enkargua finantzatzeko bere ahalmena ezbaian zegoen, eta horri aurre egiteko hainbat aktibo saltzen aritu da azken hilabeteetan. Kontratu hori betetzea eta zorra kitatzea ziren planaren bi helburuak.

Ontziolak, beraz, itxi egingo du, eta ez du bere jarduerarekin jarraituko.