Hungariako Magyar Vagon konpainiak Talgo erosteko prozesuan dihardu
630 milioi eurotik gorako eskaintza egin du talde hungariarrak. Baliteke Talgok bere egoitza Euskal Herrian berrezartzea
Orain egun batzuk Magyar Vagon enpresa hungariarrak abiadura handiko trenak ekoizten dituen Talgo etxea erosteko eskaintza egin zuen. Enpresaren akzioen %100en truke 630 milioi eurotik gora eskaini zituen, eta CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak Talgoren kotizazioa eten zuen. Gerora, berriro ere burtsan kotizatzen hasi zen, 4,54 euroan salerosten.
Jatorria Euskal Herrian du Talgo (Tren Articulado Ligero Goicoechea Oriol) enpresak. 1942an sortu zen Alejandro Goikoetxea ingeniaria eta Jose Luis Oriol Uriguen enpresaburuaren eskutik. Aitzitik, konpainiak aspalditik du egoitza Madrilen. Egun bi lantegi ditu, bat Madrilen eta beste Ribabellosan, Araban. Azken honetan, 650 pertsonek egiten dute lan.
Magyar Vagon enpresak ez du erosketa gauzatu oraindik, izan ere, Talgok duen zorrak (330 milioi euro) zaildu egiten du eragiketa. Bart, Peter Szijjártó Hungariako barne ministroak erosketa erraztea eskatu dio Espainiako Gobernuari, bi herrialdeen harreman ekonomikoak hobetuko dituela argudiatuz.
Prozesu honetan, baliteke Talgok bere egoitza Euskal Herrira ekartzea berriz ere. Magyar Vagonen erosteka prozesuak aurrera egiten duen bitartean, enpresaren egoitza Araban berrezartzeko aukera baitago.
Talgoren etorkizuna askok CAFekin lotzen bazuen ere, Magyar Vagon sartu da erosketa prozesu bete-betean. Ikusteke dago orain zeintzuk izango diren hurrengo mugimenduak. CAF oso aktibo dago egun sektorean, hainbat filial erosi dituelarik azkenaldian.