i+Med: zientzialarien kooperatiba euskararen normalizazioan lanean
Gasteizko kooperatiba taldeak euskararen egoeraren inguruko diagnostikoa egin du azken urtean, eta horren baitan datozen urteetako euskara plana onartu du
i+Med munduko zientzialarien lehen kooperatiba da. 2014an sortu zen Gasteizen, 2013an garatutako proiektua gorpuztuta, EHUk ekintzailetza programa bat aprobetxatuz. Hortik aurrera, hazkunde nabarmena izan du; gaur egun, i+Med 80 langilek osatzen dute, eta inguruko enpresetako langileak batuta, 160 langile dira orotara.
Konpainiaren izenak neurri handi batean iragartzen du lan ildo nagusia. Zientzialariak izanik, zientziarekin lotutako produktuak ekoizten dituzte, eta zientzia proiektuak lantzen dituzte beste enpresentzako. “Zientzia arloan osasun arloko produktuak hasi ginen garatzen. Araudiak ondo zehazten du; alde batetik botikak daude, eta, beste aldetik, osasun produktuak. Azken hauek dira guk egiten ditugunak, gehien bat hidrogel forma hartzen dituztenak dira gure espezialitatea”, esan du Iñaki Lopezek, kooperatibaren artezkaritza kontseiluko presidenteordeak.
Edonola ere, merkatu gogorra da, produktuak saldu ahal izateko ziurtagiri prozesu luzea baitaukate aurretik; ondorioz, enpresa berri bat denbora batez produktuak saldu gabe egotera behartzen du. “Hori dela eta hasi ginen negozioaren bigarren lerroa garatzen, beste enpresa batzuentzako proiektuak egiten, gu izaten gara haien I+G unitatea”, gehitu du Lopezek. Arlo horretan, teknologia propioak garatu izan dituzte, hainbat patente eskuratuz, eta horrek indar handia ematen die berrikuntza unitate gisa. Beraz, eguneroko lan ildo nagusiak dira osasun produktuen garapen eta salmenta eta beste erakundeetako teknologia zerbitzuak ematea.
Osasun arloko produktuen garapenaz eta teknologia zerbitzuak eskaintzeaz arduratzen da i+Med
Ikerlariek lanerako dituzten zailtasunak hasieratik hartu ditu kontuan kooperatibak. Beka kontratuak, atzerri joan behar izatea, unibertsitatean lan baldintza kaskarrak... Sortzaileek betidanik uste izan dute independenteak izatea dela horri aurre egiteko modu bakarra; horrela, ikerlariek dira proiektuak, ikerketak eta produktu motak erabakitzen dituztenak. “Guk erabakitzen dugu fokua non jarri behar dugun, eta ez atzean dagoen inbertsore talde batek”, dio Lopezek. Hortaz, kooperatiba independentea izatearen abantaila nagusiena askatasun hori da, eta talde bat atzean izanda, egonkortasun ekonomiko handiagoa dute.
Egonkortze fasean
Aurten Espainiako Produktu Sanitario eta Medikamentuen Agentziarekin lanean 2017tik dra . Beraz, orain, hazkunde fase horren ondoren, egonkortzea da haien helburu nagusia; hala nola produktuen salmenta sendotu (merkatu berriei muzin egin gabe) eta, batez ere, plantilla eta instalakuntzak egonkortu.
Egoitza berriarekin 20 milioi euroko inbertsioa egin dute. “Dena ez da eraikuntza, talde eta hornidurak, jakina, zenbaki horren barruan badaude ukiezin asko; esate baterako, patenteak, ezagutza, lan egiteko moduak, lan taldeak eragindako sinergiak…”, adierazi du Lopezek.
Iñaki Lopez: “Dena ez da eraikuntza, talde eta hornidurak, jakina, zenbaki horren barruan badaude ukiezin asko; esate baterako, patenteak, ezagutza, lan egiteko moduak, lan taldeak eragindako sinergiak…”
Gaur egun, Adaptek izenarekin batzen dituzte haien teknologiak; hidrogel adimendunak garatzen eta printzipio aktiboen askapen kontrolatuan duten esperientzia, bai bezeroen proiektuetan, bai haiek garatzen dituzten produktuetan erabiltzen dituzte. Lopezen arabera, hori izan daiteke inbertsio nagusiena, eraikinaren gainetik; haien sei patenteek eusten dioten teknologian egindako inbertsio horrek neurrira egindako irtenbideak egiteko aukera ematen baitie.
Halaber, i+Med independentea da, eta, hortaz, jasotzen dituzten laguntza ekonomikoak inguruko edozein enpresek eska ditzakeenak dira; hau da Spri, aldundiak, Europa eta Estatuko diru laguntzak jasotzen ditu. “Baina gurea bezalako enpresa batek dirulaguntzetatik bizi nahi badu, jai dauka”, nabarmendu du.
Anbizio handiko finantza-plangintza
Proiektuak aukeratzeko duten independentziak ez du dirurik sortzen berez; zentzu horretan beste enpresa ertain asko bezala jarduten dute, gehien bat egindako lana eta fondo propioekin, eta baita lehen aipatutako enpresak garatzeko laguntzak aprobetxatuz.
Arlo finantzarioa ondo planifikatzeari betidanik eman diote garrantzia handia, lantaldean arlo horretan "oso espezialista onak" baitituzte. Beharbada, hasierako urteetako muga ekonomikoek, independenteak izateagatik, lagundu egin dute finantza-plangintzan anbizio handikoak baina oso errealistak izaten.
Merkatuaren egoera ez da erraza
Barneko merkatua oso saturatuta badago ere, i+Meden aukerak identifikatzen dituzte. Ikusi dute Europatik at merkatu zabala dagoela haien produktuentzako. “Ez dira merkatu errazak, baina egin dugun inbertsioa, ekipo berriak eta osatu dugun langile taldeari esker, merkatu horietara ateratzeko bidean gaude”, kontatu du Lopezek.
Bestalde, nazioarteko egoera ez da erraza, oso aldakorra baita, eta egonkortasun ezak ez du laguntzen. Dena den, egoera horrek kanpoko merkatu batzuetara ateratzea zaildu badezake ere, Lopezek dioenez, baikor dira: “Gure egoeran, baikor izatea besterik ez zaigu geratzen”.
Indeus Industriaren Euskal Plataformaren kide
2023an ezagutu zuten Indeus, eta bilera batzuetara joateko aukera izan zuten hobeto ezagutzeko. Ikusi eta jaso zutena oso interesagarria iruditu zitzaien, eta 2023ko azaroan Indeuskide egin zen i+Med. Izan ere, Indeus Euskal Herri mailan industriako eragileen elkargune indartsua da, lan eremuetan ere euskararen presentzia handitzea helburu duena, lehiakortasunaren ikuspuntua ipar izanik.
“Gure kasuan kooperatiba barneko erronka bat izan denez beti euskararen normalizazioa, aukera interesgarria eta estrategikoa iruditu zitzaigun horrelako egitasmoa baten parte izatea"
Azken ikuspegi hori, lehiakortasuna, oso garrantzitsua izan zen i+Medeko erabakian, oso kontziente baitira haien hizkuntza egoeraz. “Gure kasuan kooperatiba barneko erronka bat izan denez beti euskararen normalizazioa, aukera interesgarria eta estrategikoa iruditu zitzaigun horrelako egitasmoa baten parte izatea, gainontzeko kideen esperientzietatik ikasi, lurralde mailan plataforma honek duen eraginaren parte izan, eta lan eremu honetan etorkizunari begira ematen diren aurrerapausoekin bat egiteko, hauetan gure alea jarri eta ildo berean denok lanean jarraitu ahal izateko”, adierazi du kooperatibako lankideak.
Euskara ardatz, elkar ezagutzeko sarea
Indeusen parte izanik, arazo berdinak partekatzen dituzten inguruko enpresa askorekin harremanetan egoteko aukera dute. Horrek helburu beraren bidean aurkitzen diren arazoak elkarbanatzeko aukera ematen du, irtenbideak bilatzeko erraztasunak emanez. “Azken finean, badauzkagu inguruan euskararen normalizazioan pausu handiak ematea lortu duten enpresa erreferente ugari, eta esperientzia hauetatik ikasteko aukera ematen digu”.
Aldi berean, errealitate desberdin asko ezagutarazten ditu, eta horrek ideia eta bide berriak sortzen lagundu dezake. Gainera, Indeusek enpresa eta eragile askoren elkargune bezala badauka instituzioetan zein komunitatean eragiteko gaitasuna; hortaz, bidean aurrera egiteko identifikatzen diren beharren mugak norberaren eskumenetatik haratago doazenean presio gehiago egiteko gaitasuna ematen du eskaera bateratuak izateak.
"Badauzkagu inguruan euskararen normalizazioan pausu handiak ematea lortu duten enpresa erreferente ugari, eta esperientzia hauetatik ikasteko aukera ematen digu”
Beti egon izan da euskararekin kooperatiba barruan elkarbizitza natural bat, eta i+Meden identitatearen parte da. Enpresa barnean bere erabilera zabaltzearen apustua hasieratik egon da, eta baita gizarte mailan euskararen normalizazioaren alde egiten diren ekintzen parte izatea ere. Euskara batzorde bat dute alor horretan lanean dabilena. Urtez urte ekintza desberdinak aurrera eraman izan dituzte; besteak beste, Euskaraldia, Korrika edo lankideen arteko txapelketak. “Azken urtean barneko euskararen egoeraren inguruko diagnostikoa egin da, eta horren baitan datozen urteetako oinarri izango den euskara plana onartu da”, argitu du Lopezek.
Lau urteko euskara plana abian
Diseinatu berri dute aurten hasi eta datozen lau urteetan jarraituko duten euskara plana. Bertan bi lan ildo nagusi bereizi dituzte: euskara zerbitzu hizkuntza eta euskara lan hizkuntza. Horrekin bi helburu lortu nahi dituzte; alde batetik, enpresa gisa kanpo eragileekin dituzten harremanetan euskararen presentzia handitzea, eta, beste aldetik, haien arteko harremanetan zein barne egituran hizkuntzaren presentzia areagotzea, haien egunerokotasunean normalizatuz. “Bloke bakoitzak erronka propioak ditu, adibidez, gure webgune eta sare sozialak euskaratzea bada epe motzera dugun erronketako bat lehenengo blokean”, onartu du Lopezek. Barnera begira, aldiz, haien arteko hizkuntza ohituretan eragite aldera, euskaraldia bezalako ekintzak edota haien artean euskaraz harremantzeko ekimenak sustatzen dituzte.
"Araban, gure enpresan dugun euskara erabilera maila ez da leku askotan ikusten, ez behintzat enpresa pribatuen esparruan”
“Euskal hiztunen artean euskara da hizkuntza egunerokotasunean, eta erabilera, egin dugun diagnostikoaren arabera, %40koa da”, adierazi du Lopezek. Euskararen presentzia egunerokotasunean handia da; hala ere, haien negozioaren errealitatea kontuan hartuta, dokumentazioa ingelesez eta gazteleraz egon behar da derrigorrez, eta horrek era formal batean euskararen erabilera ahuldu dezake. Dena den, eremu horretan ere aurrerapausoak ematen ari dira.
Lantaldea eta negozioaren errealitateaz oso kontziente dira. “Araban, gure enpresan dugun euskara erabilera maila ez da leku askotan ikusten, ez behintzat enpresa pribatuen esparruan”, aldarrikatu du Lopezek. Hori gauzak ondo egiten ari direnaren erakusgarri da.