Ia 70 milioi euroko emaitza izan du Eroskik urteko lehen erdian
Taldearen diru sarrerak 2.526,7 milioi eurokoak izan dira, iazko epe berean baino %9,21 gehiago
Eroskik gaur iragarri ditu 2023ko lehen erdian lortutako emaitzak. Taldeak 69,9 milioi euroko “emaitza positiboa” izan duela helarazi du, emaitza hauek ohiko diru sarreren %2,77 direlarik, eta iazko epe berarekin alderatuta, %1,81an hobetu du azken emaitza.
Eroskiren arabera, “prezioen politikan egindako ahaleginak” fakturazioren hazkundean eragina izan du, eta “martxan jarritako eraginkortasun planen ondorioz kostuak hobetu izanari esker” handitu dute emaitza.
Otsailetik uztailera bitartean, “elikaduran inoiz baino inflazio handiagoa dagoen honetan”, 2.526,7 milioi euroko diru sarrerak eskuratu ditu kooperatibak. Hala, %9,21 handitu dira iazko epe berarekin alderatuta. Ebitdari dagokionez, 166 milioi eurotik gorakoa izan dela jakinarazi dute.
Rosa Carabel taldeko zuzendariaren arabera, azken ekitaldi honetako emaitzek agerian utzi dute “negozio eredu lehiakorra eta sendoa” duela taldeak, eta 2023ko lehen seihilekoan erronka handiak izan dituztela azaldu du: “aurre egin behar izan diogu inflazioa balioen katean eragiten ari den presioari, eta egokitu egin behar izan dugu kontsumitzaileen erosketa ohituretara”.
Eroskik azken sei hilabeteetan 54 denda berri, lau supermerkatu eta 49 frankizia saltoki berri zabaldu ditu, denera 36,7 milioi euro inbertituta. Gainera, taldeak azaldu duenez, euren zorraren 35 milioi euro amortizatu dituzte aurten.