Iberdrolaren mozkinak %50 hazi dira irailera bitarte
5.471 milioi euroko irabazi garbiak izan ditu konpainia energetikoak urtarriletik irailera
12.300 milioi euroko inbertsioak egin ditu Iberdrolak azken 12 hilabeteetan, batez ere AEB eta Erresuma Batuko sare adimendu eta energia berriztagarrietan eginiko apustuagatik. Inoiz baino inbertsio handiagoa izan da energetikarentzat, baina horrek berak inoiz baino emaitza hobeak eman dizkio. 2024ko urtarriletik irailera iazko epe berean baino %50 gehiago irabazi du Sanchez Galanek zuzentzen duen konpainiak. Zehazki, 5.471 milioi euroko mozkin garbiak izan ditu, eta EBITDA edo mozkin operatiboak 13.269 milioi eurokoak izan dira, %23 haziz. Zifra horiek abiapuntu, 2024an 5.500 milioi euroko irabazi garbiak izango dituela aurreikusi du konpainiak, iaz baino %14 gehiago, eta aktiboen errotazioagatiko edozein gainbalio alde batera utzita.
Akziodunen kontuko dibidendoetan ere gorakada ekarri dute emaitzek, %14koa, akzio bakoitzeko 0,23 eurotan kokatzeraino. Finantza sendotasunean ere hazkundea izan da, %25,3koa, eta kutxako fluxuaren guztizkoa %69 hazi da, 13.800 milioi euroraino.
Emaitzak positiboak dira, halaber, kapitalizazioari dagokionez: 90.000 milioi euroan kokatzen da, eta gainera inbertsio bankuei loturiko aurreikuspen onak ditu. Izan ere, 2026ra bitarteko sare adimenduen eta energia berriztagarrien hornidura katea bermatuta du %90ean. Itsas-energia eolikoan kontratuen %100 dago bermatuta, eta %95 sareetan. 2027 erosketetan ari da lanean une honetan. Era berean, plan estrategikoari bultzada eman nahi diola jakinarazi du konpainiak, sare adimendu eta energia berriztagarrietan inbertsioa areagotuz, eta AEB eta Erresuma Batuko inbertsioen aldeko apustua eginez.