Rafa Lizarralde eta Iñaki Beitia Idekoren postuan, BIEMHen | Argazkia: GUK

ENPRESAK GAUR

Idekok eta Renishaw enpresak makina-erreminta sektorean berrikuntza bultzatzeko aliantza osatu dute

Akordioa datozen hiru urteetarako da eta teknologiak, ekipamenduak eta giza kapitala partekatuko dituzte

Renishaw nazioarteko enpresak eta Ideko zentro teknologikoak lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur, Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren (BIEMH) baitan. Bi erakundeen arteko akordioa datozen hiru urteetarako da eta teknologiak, ekipamenduak eta giza kapitala partekatuko dituzte. Era berean, hainbat proiektu elkarrekin egingo dituztela iragarri dute.

Iñaki Beitia Renishaw Espainiako iparraldeko salmenta zuzendariaren esanetan, "ilusio handia dugu Idekorekin egindako aliantza honengatik, haiekin partekatzen baitugu DNA". Renishaw fabrikazio adimenduneko, neurketako eta fabrikazio gehigarriko sistemetan espezializatutako enpresa da, eta akordioari esker, konpainiak espazio bat izango du Idekok Elgoibarren dituen instalazioetan, bere teknologia aurreratuenak erakusteko.

Bestalde, zentro teknologikoaren iritziz, akordio honek nazioarteko enpresa erreferentearekin lankidetza egonkor bati hasiera ematen dio zehaztasunaren eta metrologiaren arloetan, besteak beste, horiek baitira zentroaren espezializaziorako gakoak. Rafa Lizarralde Idekoko teknologia eta transferentzia zuzendariaren arabera, "laborategi-mailako lankidetzatik hasi eta makinetako eta ekoizpen-lerroetako soluzio aurreratuak integratzerainoko bidaia batean murgilduko gara".

Renishawk eta Idekoren arteko elkarlana Danobatgroupek erraztu du, izan ere, Idekoren bazkide teknologikoa da eta Renishaw bere produktu lerro askotan hornitzaile historikoa.