Argazkia: TuLankide

ENPRESAK GAUR

Imanol Oleaga izango da Domusa Teknikeko zuzendari nagusi berria

Daniel Castanderren lekukoa hartuko du, eta bere eginkizun nagusia galdara fabrikatzailearen hazkundea sustatzea izango da

Errezileko Domusa Teknik enpresa industrialak zuzendari berria du: Imanol Oleaga Mendiaratz (Oñati, 1972). Debagoiendarrak Daniel Castander ordezkatuko du, 25 urteren ondoren erretiroa hartuko duena. 2023ko abenduaz geroztik, trantsizioa modu eraginkorrean egiteko elkarren ondoan egin dute lan.

Imanol Oleaga Deustuko Unibertsitatetik Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da, eta Linea Zuriaren sektorean 25 urte baino gehiagoko esperientzia du. Galdara fabrikatzailera batu baino lehen, Oleaga 25 urtez aritu da Aretxabaletako Coprecin lanean. Zehazki, kooperatibako zuzendari nagusia izan da 2017ko urtarriletik 2023ko azarora, eta nazioarteko hedapena, merkatuen dibertsifikazioa eta erakundearen trantsizio digitala gidatu ditu.

Oleagak Domusa Tekniken zerbitzura jarriko du bere ezagutza eta esperientzia, "eraginkortasun, kalitate eta iraunkortasun handiko" produktu eta soluzioen garapenean. Halaber, bere eginkizun nagusia kooperatibaren hazkundea eta lehiakortasuna sustatzea izango da, balio erantsia sortuz. Era berean, enpresaren inguruaren garapen soziala eta ekonomikoan bere aletxoa jarri nahi du, ikuspegi globala, egokitzeko gaitasuna eta bikaintasunarekiko konpromisoa eskainita.