Industriak elkartzen direnean
Duela urte eta erdi sortu zen Euskal Industriak-Pays Basque Industries, Ipar Euskal Herrian bigarren sektoreko enpresa handienak biltzen dituen elkartea. Sinergiak egituratzen ari dira egun
ALL Circuits. Lopitz taldea. Akira Teknologiak. EPTA. Somocap. Sokoa. Agour. Lauak Taldea. Horietatik zenbat ezagutzen dituzu, irakurle? Aeronautikan, informatikan, energian, altzarigintzan edota janarigintzan liderrak dira. Eta denek elkarrekin, Euskal Industriak izeneko taldea sortu dute Ipar Euskal Herrian. Lantegien arteko dinamika bizi bat sorturik, industria ehundu eta ekonomikoki eredugarri izango den lurraldea garatu nahi dute.
Ekimen parte-hartzaile honen hazia 2018an topa daiteke, gobernu frantsesak bultzaturiko Industria Lurraldeen prozesuan, tokiko garapen ekonomikoa sustatzeko pentsatu zutena. Euskal Hirigune Elkargoak parte hartzea eskatu zuen, eta bertako industriek hurbiletik jarraitu zuten. Hor elkartu ziren hasieran aipatutako zortzi enpresak, eta gibeletik etorri dira gainerakoak. Bi datu: orotara, 13.500 langile inguru ditu bigarren sektoreak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, 2.000 lantegitan banatuta. Euskal Industriak taldeak, egun, 52 enpresa batzen ditu: 3.800 langiletik goiti eta 665 milioi euroko negozio-bolumena.
Ezezagutzatik elkarlanera
Hasieratik izan da proiektuan Karim Mahé, Mugerreko (Lapurdi) BMS Circuits enpresako eragiketa-zuzendaria. Produktu elektronikoak eskaintzen ditu bere lantegiak. “Euskal Herrira heldu nintzelarik, beharra sumatu nuen beste enpresaburuekin sinergiak bilatzeko". Hasieran ez zuten elkar "sobera" ezagutzen, ezta eragile nagusiak zein ziren ere. "Aeronautikak zuen ikusgarritasun handiena, baina lurraldean beste harribitxi batzuk ere baditugu. Ikasi dugu elkar ezagutzen, jakiten bakoitzak zer egiten zuen, zein diren gure behar eta mugak, eta urte eta erdi geroago, harremanak sustatzen dihardugu”, gaineratu du.
Karim Mahé: "Ikasi dugu elkar ezagutzen, jakiten bakoitzak zer egiten zuen, zein diren gure behar eta mugak, eta urte eta erdi geroago, harremanak sustatzen dihardugu”
Leire Loyatho ere bat dator. Gamarten (Nafarroa Beherea) du Elizaldia etxaldea, zeinetan txerri-hazkuntza egiten duten, gero Ipar Euskal Herri osoan saltzeko. Bere ustez, halako topagune bat eskas zen lurraldean. “Biziki sinisten dugu hemengo partaidetza eta elkarlanean. Horrelako elkarte bat falta zen hemen, industriari buruz. Industria bada, eta izigarriko kalitatezko produktuak egiten dira. Enpresa handi batzuk ere badira, baina izigarri ttipiak eta espezializatuak ere bai, eta horien ezagutzea, besteei aurkeztea, elkarrekin lan egitea… Biziki interesgarria da. Ipar Euskal Herria maldan baita, eta bakoitza bere xokotik atera behar da besteekin lan egiteko”.
Desberdinak, baina egoera berean
Txokotik ateratzean, eta nahiz eta askotariko enpresak izan elkartearen baitan, ohartu dira denek arazo eta arrangura bertsuak dituztela, Loyathoren hitzetan. “Enpresa bakoitzak bere jakitatea du, bere produktua egiten du, baina inguruan beti faktoreak edo produkzio beharrak partekatzen ditugu: energia, ura, logistika, jendeak… Hori adibidez izigarriko gai bat da: jendea ukaitea, baina baita haien ongizatea bermatzea ere, urostasuna gero eta gehiago aipatzen delarik. Badira anitz eredu munduan, zergatik ez bihar Euskal Herrian? Gai horiek guziak elkarrekin lantzen, pentsatzen ahal dira”.
Hala, haien praktikak garatzeko eta besteekin partekatzeko eginahala egiten dute: enpresen gizarte-erantzukizunean, ingurumenean, kudeaketa-moduetan. Aitzinatuena denak ekarpena egiten dio taldeari, eta gai berriak lantzen joan dira azken hilabeteetan. “Ondokoek zer egiten duten ikastean datza, eredu eta praktika onak izan eta partekatzean, gure artean erabil ditzagun”, azaldu du Mahék. Helburua da sare indartsu eta solidarioa sortzea, elkarren arteko jakintza eta gaitasunak sustatzeko.
Leire Loyatho: “Enpresa bakoitzak bere jakitatea du, bere produktua egiten du, baina inguruan beti faktoreak edo produkzio beharrak partekatzen ditugu: energia, ura, logistika, jendeak…"
Adibidez, aterabide aipagarri bat lortu dute hondakinen tratamenduari dagokionez: plastikoa taldean birziklatzea. "Gure ingurune elektronikoan plastiko apur bat erabiltzen dugu, eta hondakin horiei balio berri bat eman nahi diegu. Ideia da plastikoa birmoldatu, eta Euskal Industriakeko beste kide bati utzi ahal izatea, hark lehengaitzat erabil dezan”, azpimarratu du Mahék. Momentuz proiektuaren lehen fasean baino ez dira, baina horrela lortuko lukete hondakinak gutxitzea, beste batek lehengaia (ia dohainik) eskuratzen duen bitartean.
Urratsak finkatzen
Elkarteak joan den asteburuan egin du administrazio-kontseiluaren bilera Hazparnen, eta hainbat aipagai izan dituzte. Langile bat dute programak eta egutegia egituratzeko, baita gai berriak proposatzeko ere. Tartean, kide berrien onartzea: sei gehiago sartuko dira taldean, eta kontent agertu dira, elkartea bizirik dela eta enpresen eskaerei erantzuten ari direla frogatzen duelako.
Sei [kide] gehiago sartuko dira taldean, eta kontent agertu dira, elkartea bizirik dela eta enpresen eskaerei erantzuten ari direla frogatzen duelako
Horri loturik ikusten du desafio handiena Loyathok. “Erronka nagusia da enpresa berrien onartzea eta integratzea. Bizpahiru hilabetero ekintzak egiten ditugu: behar ditugu oraino besteak hurbilarazi, eta enpresa horien atxikitzeko ekintzak proposatu. Zeren nagusi batek ez du denborarik eta presatua da, baditu mila arazo, orduan ez da jinen elkarte batera ez bada zinez aterabiderik edo zerbait aurkezturik konkretuki”. Horretan jarriko dute fokua datozen hilabeteetan, lurraldeko industriak elkarrekin aurrera egiten jarrai dezan.