Innovabide 2024 aitorpena jaso du Mugikortasun eta Logistikaren Klusterrak
EAEn lan-esparruarekin lotuta daude trafiko-istripuen herena; hain zuzen, hori murrizteko konpromisoa du Innovabide Sareak
EAEko Mugikortasun eta Logistikaren Klusterrak Innovabide 2024 aitorpena jaso du Estibaliz Olabarri Eusko Jaurlaritzako Trafikoko zuzendariaren eskutik. Aitorpen honekin klusterrak “Innovabide Sarearekin duen konpromisoa” saritu nahi izan dute; “lan-eremuko bide segurtasuna sustatzeko egindako lana” ere nabarmendu dute.
2017an sortutako Innovabide Sarea 70 enpresak eta erakundek osatzen dute, eta guztiak dute “lan-istripuak murrizteko konpromisoa”. Halaber, Bridgestone enpresak aipamen berezia jaso du, arlo horretan erakutsitako “konpromisoagatik eta praktika onengatik”.
Ekitaldian Eduardo Lasa klusterraren presidenteak azpimarratu du bide segurtasuna “erantzukizun partekatua” dela. Era berean, nabarmendu du berrikuntzak eta lankidetzak garrantzia handia dutela “mugikortasun seguruagoa, eraginkorragoa eta jasangarriagoa” lortzeko. Ildo horretan, berretsi du klusterrak konpromisoa duela arriskuak gutxitzeko irtenbideak bilatzen jarraitzeko.
Izan ere, EAEn heriotza edo zauri larriak eragiten dituzten trafiko-istripuen herena lan-esparruarekin lotuta dago. 2023an, horrelako 988 istripu erregistratu ziren, zazpi hildako eta 40 zauritu larrirekin.
Estibaliz Olabarrik nabarmendu du funtsezkoa dela “lankidetza eta ikuspegi teknologiko zein humanoen integrazioa” 2025erako Bide Segurtasuneko eta Mugikortasun Seguruko eta Iraunkorreko Planaren helburuak lortzeko. Plan horrek 2030erako hildako eta zauritu larriak %50 murriztea du helburu, Garapen Jasangarriaren Helburuekin (GJH) eta 2050erako ‘Zero Biktima Ikuspegiarekin’ bat eginda.