Argazkia | Utzita

ENPRESAK GAUR

Iratxe Las Hayas: "Soilik langileen %23 dago konprometituta lanarekin, eta %59 deskonektatuta daude"

Administrazio kontseiluek langileengan eta interes taldeengan izan dezaketen eragina aldarrikatu du Las Hayasek. Finantza datuetan soilik zentratu beharrean, enpresaren estrategia, gobernantza eta bisioa ere kontuan hartu beharraren garrantzia azpimarratu du

Ingeniari industriala da Iratxe Las Hayas, eta 25 urte baino gehiagoko esperientzia du enpresa zuzendaritza arloan. Bere ibilbidean zehar ikusi du administrazio kontseilu gehienak datu finantzario eta negozio arriskuetan oinarritzen direla batik bat, enpresaren alderdi garrantzitsuak alde batera utziz. Horiek eraldatzeko estrategian, pertsonetan eta lidergo berrietan zentratutako eredu propioa garatu du. Orain, Alto impacto. Consejos de Administración que transforman la empresa con éxito liburua argitaratu berri du.

Zerri buruz hitz egiten du liburuak? Gida praktiko bat al da?

Administrazio kontseiluei buruz hitz egiten du liburuak. Organo hori orain arte legezko betekizun bezala ikusi da, zuzendaritza eta bere kudeaketa gainbegiratzeko tresna. Administrazio kontseiluak beste ikuspegi batetik aztertzen ditu liburuak, alegia, enpresari balio erantsia eman ahal dion modu baten. Ezaugarri jakin batzuk dituen kontseilu bat izanda, enpresak emaitza hobeak lortuko ditu, eta arazoak izanez gero, modu eraginkorrago batean aurre egiteko gai izango da. Administrazioa kontseilu batek enpresan eta bere inguruan eragin positiboa lortzeko gida praktiko bat da liburua.

Nolatan erabaki zenuen liburua idaztea?

Hogei urte inguru egin dut lan zuzendari bezala, eta badira orain urte batzuk gobernantzaren inguruan interesa piztu zitzaidala. Hainbat zuzendaritza batzordeetan parte hartu dut, eta zuzendari lana uztean, aholkularitza esparruan hasi nintzen, zuzendaritza batzordeei aholkuak ematen, estrategia arloan lagunduz. Baina, nork onartzen du enpresa baten estrategia? Nondik gidatzen da enpresa baten kultura? Bada, administrazio kontseiluetatik. Aholkularitzan hasi nintzenean, Estatu Batuetako enpresa batekin akordio bat lortu nuen, eta haren gidaritzapean administrazio kontseiluak aholkatzen aritzeko metodoa sortzen joan nintzen. Bezeroak aholkatzen hasi nintzen, hitzaldiak ematen eta hileko newsletter bat eta beste artikulu batzuk idazten. Hori guztia liburu batean jasotzera animatu ninduen.

Beraz, zure eredua azaltzen da liburuan, ezta, Smart Boardroom deitzen dena?

Aholkularitza enpresa bezala, Smart Jidoka deitzen gara. Jidoka hitz japoniar bat da eta ukitu gizatiarra duen automatizazioa esan nahi du. Izan ere, gure lan esparru garrantzitsu bat enpresen prozesuetan laguntza ematea da. Administrazio kontseiluei aholkuak ematen hasi nintzenean, Smart Boardroom Strategies marka sortu genuen. Eta, Smart BoardRoom (SB3) deitu diogu eredu honi.

Zertan datza zehazki eredua?

Liburuan hasieran esaldi bat jarri nuen: “Familia zoriontsu guztiek elkarren antza dute, baina familia zorigaizto bakoitza bere erara da dohakabe”. Leon Tolstoien Anna Kareninna liburuko esaldi bat da. Zer esan nahi dut horrekin? Administrazio kontseiluekin gauza bera gertatzen dela. Ondo funtzionatzen duen batek eraginkorra izan behar du, eta bestelakoek arazo ugari izan ohi dituzte. Zazpi ezaugarri nagusi ditu administrazio kontseilu on batek, hiru eragin esparrutan banatzen direlarik. Lehenengo esparrua, lidergoan oinarritutako estrategia da, gobernantza, jasangarritasuna eta berrikuntza kontuan harturik. Bigarrena, kontseiluak errendimendu altuko lantaldea bilakatzea du xede, eta hirugarrena, prozesu eta dinamika eraginkorrak eraikitzea.

Askotan kontseiluek ez dute estrategia argirik, zuzendariek ez dute estrategia ulertzen, eta gai bakoitza modu independentean kudeatzen dute. Beste kasu batzuetan, zuzendarien arteko harremanak desegokiak dira. Bileretan protagonismo gehiegi hartzen duen jendea dago; beren iritziak inposatzen dituzte. Pertsonen profilei dagokionez, oso kontseilu homogeneoak izaten dira, aniztasun gutxikoak.

"Askotan kontseiluek ez dute estrategia argirik, zuzendariek ez dute estrategia ulertzen, eta gai bakoitza modu independentean kudeatzen dute"

Administrazio kontseilu ugari finantza datuetan soilik zentratzen dira. Zeintzuk dira organo hauetan topatu dituzun jarrera desegokienak?

Gure ingurura begiratzen badugu, administrazio kontseilu asko profesionalizatu gabe daude. Familia enpresa askotan, esaterako, oraindik ez dute kanpoko norbait sartzeko pausoa eman. Beste batzuk profesionalizatuta daude, baina datu finantzarioei soilik begiratzen diete. Enpresako kontuak aztertzea oso ohikoa da, baina atzera begiratzea da hori. Nik aurreko hiruhilekoko datuak ikus ditzaket, baina hori jada iragana da. Negozioaren arriskuei edota legezko eginkizunei begiratzeko ohitura handia ere badago. Gainera, aniztasun gutxi dagoenez, kontseiluetako eztabaidak ez dira batere aberatsak. Pertsonek iritzi antzekoak izan ohi dituzte, eta estrategiak oso jarraipenekoak izaten dira.

Administrazio kontseilu on bat "funtsezko elementua da enpresako langileen konpromisoa mantentzeko". Absentimoa pil-pilean dagoen garai hauetan…

Hor bi gauza daude. EAEn dagoen absentismoa herrialdearen kulturatik landu behar den gaia da. Lanera ez joatea, ez dakit nahikoa gaizki ikusia dagoen. Gizarte bezala arazo bat dugula uste dut. Orain gutxi Gallup aholkularitza etxearen ikerketa bati buruzko artikulua idatzi nuen. Espainiako estatuan langileen konpromiso maila oso baxua da egun. Langile ugari joaten dira lanera, eta gutxienekoa egiten dute; ez daude enpresaren erronka, helburu eta bisioarekin engantxatuta.

Nik uste dut enpresak baduela zeregin bat. Langileak enpresara sartzerako orduan, kudeaketa hobea egin behar dute, langileak enpresaren helburuarekin hobeto konektatu, motibazio bat aurkitu, eta euren lanak enpresan eragina izango duela erakutsi. Kontseiluaren papera oinarrizkoa da horretan.

"Nik uste dut enpresak baduela zeregin bat. Langileak enpresara sartzerako orduan, kudeaketa hobea egin behar dute, langileak enpresaren helburuarekin hobeto konektatu, motibazio bat aurkitu, eta euren lanak enpresan eragina izango duela erakutsi"

Finean, liburuaren helburua administrazio kontseiluaren lidergo lan hori aldarrikatzea da beraz.

Balioetan oinarrituriko kultura sortzean datza, pertsonetan zentratuz. Egiten dugunak eragina izan dezan interes taldeengan, gure inguruan eta langileengan. Mundu mailan, soilik langileen %23 dago konprometituta bere lanarekin, eta %59 deskonektatuta daude. Hau da, lan egiten dute, baina ez daude emozionalki enpresarekin lotuta. Beste %18 aktiboki deskonektatuta daude. Espainiako estatuan, langile konprometituak %10 dira soilik.

Liburua zuzendariei soilik zuzenduta dago?

Administrazio kontseiluetan edo zuzendaritza batzordeetan dauden pertsonei zuzenduta dago. Zuzendaritza batzordeetan daudenek administrazio kontseilukoekin harremana izan ohi dute, beraz, organo horrek nola funtzionatzen duten jakin beharko lukete. Dena den, zuzendaritza postuetan ez dauden irakurleak ere baditut.

Zer nolako harrera izan du?

Egia esan oso ona, eta oso pozik nago. Oso ondo saltzen ari da. Smart Jidoka, gure enpresaren bidez, argitaratu dugu, argitaletxeetatik pasa gabe. Jende askok idatzi dit zoriontzeko, liburua oso interesgarria eta aplikazio praktikoa duela iruditu zaielako. Gure bezero askok ere irakurri dute, eta baliogarria ikusi dutenez, enpresako zenbait langileen artean banatu dute, taldean komentatzeko

"Balioetan oinarrituriko kultura sortzean datza, pertsonetan zentratuz. Egiten dugunak eragina izan dezan interes taldeengan, gure inguruan eta langileengan"

Zer da Smart Jidoka?

Aholkularitza enpresa bat gara. Lau pertsona gara, eta horietatik hiru aholkulariak. Enpresei beren lehiakortasuna eta emaitzak hobetzen laguntzen diegu. Negozioaren lau esparrutan aritzen gara: estrategian, gobernantzan, prozesuetan eta pertsonetan. Enpresa bakoitzak bere beharrak ditu, batzuk prozesuetan hobetu behar dute. Baina, prozesuak hobetzean, estrategia aldatu behar izaten da askotan.

2020an hasi ginen, eta gure inguruan inpaktua sortu nahi dugu. EAEko enpresekin aritzen gara batik bat. Egia da kanpotik ere deitu digutela, baina unean-uneko proiektuak egin ditugu soilik.

Sektore guztietako enpresekin egiten duzue lan?

Sektore guztietakoak, bai. Asko enpresa industrialak dira. Logistika, automozioa, makina-erreminta… gure bezero ohikoena enpresa ertaina da.