Izaskun Zendoia, Jose Migel Zendoia aitarekin, upategian | Argazkia: utzitakoa

ENPRESAK GAUR

Izaskun Zendoia: "Klima aldaketaren ondorioz, ardo zuriaren kontsumoa asko igo da, txakolina barne"

Txakolinaren sektoreak sekulako garapena izan duela nabarmendu du Katxiña Txakolindegiko administrazio buruak

Izaskun Zendoia Katxiña Txakolindegiko administrazio burua da; Euskal Herrian txakolindegia eta erretegia batzen dituen lehen upategia izan zen. Mahats-bilketa amaitu berritan, mahats gutxiago biltzea espero dute aurten, eguraldia dela medio. Aitzitik, negozioa bide onetik doa.

Katxiña familia negozio bat da, eta horrela jarraitzen izaten du. Zer ikasi duzue familia negozioa izatetik?

Ondorengo gisa, familian aurrera egin ahal dela ikasi dugu. Bakoitzak jartzen ditu ahaleginak, eta ez dago ordutegirik. Baina familiako nortasun jator horrekin dena eraman daiteke aurrera. Oso langileak gara. Lehengo jatetxean ikasi genuen lana ondo eta sakon egiten, eta orduan errazago izan zaigu proiektu hau datorren bezala hartzea.

Alderdi ekonomikoari dagokionez, zer suposatzen du familia negozioa izatea?

Inbertsio handia eskatzen du, baina apustu latza da. Guk hasieratik enpresaren bideragarritasuna ikusi genuen. Euskal Herrian jatea gustatzen zaigu, eta gainera, guk ireki genuenean ez zegoen oraindik txakolindegi bat erretegi batekin. Bazeuden alde batetik, jatetxeak, eta, bestetik, txakolindegiak, baina biak batera ez zeuden. Beraz, pentsatu genuen oso eskaintza interesgarria izan zitekeela. Inbertsio handia izan zen, baina ari gara buelta ematen.

"Guk hasieratik enpresaren bideragarritasuna ikusi genuen. Euskal Herrian jatea gustatzen zaigu, eta gainera, guk ireki genuenean ez zegoen oraindik txakolindegi bat erretegi batekin"

Adierazi duzun bezala, txakolina ere egiten duzue. Zer-nola joan da mahats-bilketa aurten?

Mahats bilketa urriaren 19ko asteburuan amaitu da, eta aurten eguraldiak asko baldintzatu digu mahatsa jasotzeko garaia, baita urte osoko mahatsaren prozedura ere. Neguan ——hau da, abenduan, urtarrilean eta otsailan— landareak “geldirik” izan behar zuen momentuan, eguraldi oso ona egin zuen. Ondorioz, landareak deskantsatu beharrean “esnatu” eta bere prozedura hasi zuen. Udaberrian, aldiz, eguraldi txarra etorri zen, eta ordurako landarea lorea botatzen ari zenez, mahats-sorta hori edo ez zen sortu, edo mahats ale gutxiagorekin sortu zen.

Nola eragin du horrek guztiak?

Horrek esan nahi du hemen inguruko txakolindegi guztietan, Euskal Herri mailan, kopuru gutxiago lortu dugula. Gainera, eguraldia ez da berotu. Eta txakolinak behar duen fruitu-gustu hori eguzkiak ematen dion indarrarekin ateratzen denez, ez da gozotu. Horrek eragina izango du hurrengo urtean edango den txakolinean.

"Eguraldia ez da berotu. Eta txakolinak behar duen fruitu-gustu hori eguzkiak ematen dion indarrarekin ateratzen denez, ez da gozotu. Horrek eragina izango du hurrengo urtean edango den txakolinean"

Zein garapen izan du txakolinaren merkatuak azken urteetan?

Txakolinaren merkatua asko garatu da. Klima aldaketak ardo zuriaren kontsumoa eta eskaera asko igotzea eragin du. Egia da txakolinak freskotasuna duela, ardo zuria freskoa baita, eta eguraldi beroekin joera da jendeak gero eta ardo freskoagoak eskatzea. Gainera, txakolinak duen berezitasunak, hau da, txinpartatsunak, desberdindu egiten du. Gaur egungo txakolin gehienak oso goxoak dira; izan ere, txakolin asko aldatu da upategietan, makinari hobeetan… inbertitu delako. Hortaz, askoz txakolin goxoagoa egiten da. Horrek ekarri du eskaera asko igotzea, bai hemen inguruan, bai nazioartean.

Esportazioen harira, zer-nolako eboluzioa izan dute?

Esportazioak asko hazi dira, eta mundu mailan leku guztietara ari gara esportatzen, hala nola Europara, Asiara eta Amerikara.

Gustuko dugu Eroskin gure txakolina izatea, bertako produktuari ematen dion bultzadagatik

Euskal Herrian edaten denaren erradiografia bat eginez, txakolinaren kontsumoa nolakoa da?

Euskal Herrian txakolinaren kontsumoa ere igo egin da, gero eta txakolin gozoagoa egiten delako, eta txinparta hori gustatzen zaienei bertakoa kontsumitzen dutelako. Are gehiago, Bizkaiko txakolinak ere oso eboluzio ona darama; ez da txinpartaduna, baina ardo zuri moduan oso garapen ona egin dute eta eskaera ere igotzen ari da.

Non eros daiteke gaur egun zuen produktua?

Katxiña Txakolina taberna eta jatetxeetan, eta Eroskin daukagu. Alde batetik, ostalaritzara eramaten dituzten banatzaileek ditugu. Eta, bestetik, Eroski da gure txakolina banatzen duena Euskal Herrian, salmenta kontuetan. Gustuko dugu Eroskin gure txakolina izatea, bertako produktuari ematen dion bultzadagatik. Erlazio oso ona daukagu haiekin, eta horrela mantendu nahi dugu.