Jon Ander de las Fuentesek Xabier Iturberen lekukoa hartuko du | Argazkia: Euskaltel

ENPRESAK GAUR

Jon Ander De las Fuentes izango da Euskalteleko lehendakari berria

Administrazio Kontseilua berritu du telekomunikazio konpainiak. Xabier Iturbe ordezkatuko du De las Fuentesek eta Luz Usamentiaga izango da fundazioko patronatuaren buru

Euskaltelek hainbat aldaketa iragarri ditu bere Administrazio Kontseiluan. Telekomunikazio konpainiak ohar bidez azaldu duenez, Jon Ander De las Fuentes izango da presidente berria, Xabier Iturbe ordezkatuz.

De las Fuentes Euskalteleko zuzendaria eta Mas Movil taldeko lurralde zuzendaria izan da orain arte. Berarekin batera, kontseiluko kide berriak izango dira Meinrad Spenger (kontseilari delegatua), Cristina Sustacha, Ludovic Pech eta Julio Gomez (batzordekideak) eta Alberto Castañeda (idazkaria).

“Etapa berri bat hasiko dugu Euskaltelen, aurrerapen teknologikoarekin, berrikuntzarekin eta Euskadiren digitalizazioarekin dugun konpromisoari eutsiz. Zuntzeko eta 5G konexioko sarerik onenak garatzen jarraituko dugu, eta berretsiko dugu EAEko eragile industrial, inbertitzaile eta inpaktu positiboaren sortzaile gisa dugun funtsezko zeregina”, adierazi du presidente izendatu berriak.

Halaber, Euskaltelek bere fundazioaren patronatuaren osaera ere berritu du. Patronatuko burua Luz Usamentiaga izango da, eta Nerea Enbeita, berriz, fundazioko zuzendaria. Horrez gain, patronatuko kide izendatu dituzte Idoia Uriarte, Jon Ander de las Fuentes, Julio Gómez, Ludovic Pech, Meinrad Spenger, Miguel Angel Suárez eta Fernando Seco, eta Cristina Sustacha izango da Patronatuko idazkaria.

Fundazioaren helburua “eten digitala murriztea” dela gogoratu du Euskaltelek, eta horretarako, “ikerketa, azterketa eta garapen teknologikoko jarduerak sustatzen” dituela. Datorren urtean 25 urte beteko ditu funfazioak eta “Euskadi Digital Center izeneko espazioa irekiko dutela jakinarazi dute, “gaitasun digitalei buruzko trebakuntza-jarduerak egiteko, talentua aurkitzeko eta enplegagarritasuna hobetzeko”.