Argazkia: Julià Travel

ENPRESAK GAUR

Julià Travel enpresak jarraituko du Donostiako autobus turistikoa kudeatzen

Zerbitzua urte osoan zehar egongo da erabilgarri. Udako oporraldian, eguneroko zerbitzua eskainiko du 10:00etatik 20:00etara

Orain arte bezala, Julia Travel-Automoviles Luarca enpresa elkartea Donostiako autobus turistikoaren zerbitzuen kudeaketaz eta ustiapenaz arduratuko da. Kontratuak sei urteko iraupena izango du, eta beste urte bakar baterako luzatu ahal izango da. Operazio berria uztaileko hirugarren astean hastea aurreikusten da.

Zerbitzua urte osoan zehar egongo da erabilgarri, denboraldiaren arabera, ordutegi eta maiztasun ezberdinetan. Gipuzkoako hiriburuan jende gehien pilatzen den sasoian (uztailaren 1etik irailaren 30era eta Aste Santuan) eguneroko zerbitzua eskainiko du 10:00etatik 20:00etara.

Zerbitzua egingo duten ibilgailuak 70 eserlekukoak dira, gurpildun aulkientzako irisgarriak, eta ainguratze-plataforma bat dute, gutxienez bi gurpil-aulkirentzat eta segurtasun-uhalentzat. Besteak beste, klimatizatuta egongo dira eta 12 hizkuntzatako audio gidak izango dituzte.

Lizitazio berriarekin, Donostiako autobus turistikoaren zerbitzuak ere bere tarifak eguneratuko ditu. Horrela, 4 urtetik beherakoentzako doakoa izango da, 24 orduko txartelak 16 euroko prezioa izango du helduentzat, 8 eurokoa gazteentzat (5-12 urte) eta 12,80 eurokoa nagusientzat, 65 urte, langabeak eta desgaitasun-pertsonentzat. Sarrerek (24 eta 48 orduko modalitateak) erabiltzaileak nahi adina bidaia eta igoera eta jaitsiera egiteko aukera emango dute.