Kimuaken VIII. Batzar Orokorra | Argazkia: Kimua

ENPRESAK GAUR

Kimua taldeak %37 handitu du bazkide kopurua urtebetean

Euskadiko Familia Enpresen Elkarteko gazte taldeak 125 bazkide ditu jada

Kimua Euskadiko Familia Enpresen Elkarteko (Aefame) gazte taldeak VIII. batzar orokorra egin zuen ostiralean Bilbon. Bertan, 2024. urtean burututako ekintzak eta etorkizuneko erronkak aztertu zituen taldeak. Azken urtean, hazkunde nabarmena izan du Kimuak, %37an hazi baita bazkide kopurua, 91 izatetik egun 125 izatera.

Taldea 2016. urtean sortu zen, eta haien helburua familia enpresetako ondorengo belaunaldiak prestatzea da, etorkizunerako belaunaldi erreleboa ondo garatzeko eta enpresen etorkizuna bermatzeko. Gaur egun, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako 49 enpresetako 125 gaztek osatzen dute taldea eta Nerea Uribe-Etxeberria da presidentea.

Kimuak topagune gisa funtzionatzen du, eta “gazte enpresari eta akziodunen artean esperientziak trukatzeko aukera ematen” die taldekideei. Urtean zehar, hainbat mintegi, hitzaldi eta foro antolatzen dituzte, eta bertan hausnarketa egiten dute enpresa familiarrek aurre egiten dieten erronkei buruz. Europako beste lurraldeetako elkarteekin ere aritzen dira lankidetzan.