Koldo Arandia: "71 urte bete ditugu, baina Ibarmia oso enpresa gaztea da"
Makina-erremintaren sektorean punta-puntan aritzeko, enpresako lantaldea eta berrikuntzan egindako inbertsioa jo ditu gakotzat Ibarmiako zuzendari nagusiak. Modig enpresa suediarrarekin akordioa itxi dute orain gutxi
Ibarmia enpresako zuzendari nagusia da Koldo Arandia. Mekanizazio zentroak ekoizten dituen 70 urte baino gehiagoko familia enpresa da Ibarmia, eta ia 25 urte daramatza Arandiak zuzendari nagusi bezala. Modig enpresa suediarrarekin akordio bat ondu berri dute, eta makina berriak garatuko dituzte elkarlanean Azkoitiko lantegian. Akordioaz, makina-erreminta sektorearen egoeraz eta Ibarmiaren ibilbideaz mintzatu da Arandia EnpresaBIDEArekin.
Zer suposatzen du akordio honek Ibarmiarentzat?
Ibarmiarentzat ikaragarri garrantzitsua da, eta ilusio handia sortzen digu. Ibarmiari buruz hitz egiterako gustatzen zait stakeholders edo enpresaren inguruko interes taldeei erreferentzia egitea. Gure langile eta bezeroei aukera berriak emango dizkie akordioak, gure hornitzaileentzat negozioa hazi egingo da, gainera horietako asko Euskal Herrikoak dira. Inpakto soziala izango du Azkoitian, Gipuzkoan eta Euskadin, onurak ekarriz.
Makina eredu berrien garapena egingo duzue Azkoitiko lantegian. Bikaintasun zentro bat sortu nahi duzue?
Hemen Azkoitian bikaintasun zentroa talde osorako garatzea zen ideia. Zergatik hemen? Makina-erreminta inguruan ekosistema oso aberatsa dugulako hemen. Suedia oso herrialde garatua da, eta gauza askotan eredugarria. Makina-erreminta industria bat izan zuen orain dela 50 urte, eta Europa mailan herrialde garrantzitsua izan da makina-erreminta ekoizle bezala, baina enpresa asko ixten joan dira. Erreferente bezala 3-4 enpresa geratuko lirateke egun, eta Modig da herrialdean dagoen sektoreko enpresarik garrantzitsuena. Makina-erremintan daukaten azpiegitura hemengoarekin konparatuz gero oso murritza da. Ezagutu, ikusi eta pentsatu dute askoz egokiagoa dela Azkoitia potentziatzea aurrerantzean eta zentro hori hemen garatzea.
Modigek Ibarmiako partaidetza minoritario bat hartzen du akordio honen baitan.
Bai, horrela nahi izan dugu. Beti esan dut, Ibarmia ez zegoen salgai. Hau beti familia enpresa bat bezala bizi izan dugu, Modigek konpromisoari sendotasun handiago bat ematearren, planteatu zuten lotura handiago bat egon beharko lukeela gure enpresen artean, eta horretarako, prest egongo liratekeela hemen kapitala jartzea. Shock bat izan zen guretzat, eta ideia hori onartzea kosta zitzaigun, baina azterketa sakon bat egin ondoren, aurrerantzean zer abantaila ekarriko zizkigun ikusita, minoritarioak izateko baldintza horrekin, onartu egin dugu Modig bazkide bezala gurean sartzea.
"Modigek konpromisoari sendotasun handiago bat ematearren, planteatu zuten lotura handiago bat egon beharko lukeela gure enpresen artean, eta horretarako, prest egongo liratekeela hemen kapitala jartzea"
Zer abantaila emango dizkiezue akordio honek? Merkatu berrietara iristea ahalbidetuko dizue? Orain arte garatu gabeko produktuak sortu?
Horri erantzun baino lehenago, esango nizuke, orain, perspektibarekin, akordioa sinatu eta gero, hausnarketa egin dut eta oso zaila egiten zait partaide hoberik topatzea makina-erreminta munduan. Modig ere enpresa familiar bat da, gure sasoi berean hasitako enpresa, eta nik esango nuke beraien garapena eta gurea antzekoak izan direla. Hangoekin hitz egin eta bertakoa ezagutzeko aukera izan dudanean, gure historia etortzen zitzaidan burura. Tamaina aldetik gure antzekoak dira, bai langile aldetik, bai fakturazio mailan. Oso konplementarioak gara, eta honek abantaila asko ematen dizkigu.
Modigek negozioaren %80 inguru Estatu Batuetan du, hori ikaragarria da. Ibarmiak, urte on batean, %10 edo %15 saldu dezake AEBtan. Han oso marka ezaguna da, sektore estrategikotan oso ondo kokatuta dago. Modigek AEB duen presentzia eta baliabide guztiak Ibarmiarentzako sekulako aukera da AEBtako merkatua garatzeko. Bestalde, Ibarmia Europan eta Asian Modig baino askoz indartsuagoa da. Kasu honetan, alderantziz egin nahiko genuke, gure ahalmen eta sendotasuna Europako merkatuan Modigi zabaltzea.
Produktuei dagokionez ere oso garrantzitsua da. Modigen sektore eta teknologiak eta gureen artean ez dago talkarik. Elkarlanerako ere abantaila asko eman dizkigu. Azkenik, beste abantaila bat hemen produktu berriak garatzea eta ekoiztea da. Harrotasunez hitz egiten dugu Euskal Herrian dugun makina-erremintaz. Ikerketa zentroak, unibertsitateak eta langile heziketa sarea erabiliaz, garapen berriak hemen egiten goaz.
70 urteko ibilbidea gaindituta, zein puntutan aurkitzen da Ibarmia?
Atzo bertan gure partaide berri honekin hitz egiten nuen eta esaten nion bai Modig eta bai Ibarmia momentu gorenean daudela. Gure kasuan horrela da. 71 urte bete ditugu, baina Ibarmia oso enpresa gaztea eta dinamikoa da, kementsua. Azken urtetako Ibarmia sekulako ibarmiarik handiena, sendoena eta garatuena da. Pandemiarekin sufritu genuen eta arazo batzuk ekarri zizkigun, baina horiek ere gainditu ditugu. Etorkizunari oso baikor begiratzen dion enpresa gara eta ez gara bi gaixo elkartu, bi enpresa sasoitsu eta kementsu elkartu garela esango nuke.
Zuzendari nagusi bezala 2000. urtetik eta lehenago zuzendari komertziala izandakoa zara. Zein esango zenuke direla Ibarmia lehiakor mantentzeko gakoak?
Taldea. Beti eduki dut gure taldearekiko balorazio aparta. Gure ikuspegia partekatzen duten lankideekin inguratzen saiatzen gara eta uste dut gehienetan lortzen dugula. Langileen batez besteko adina 39-40 urtekoa da. Erdiek unibertsitate ikasketak dituzte, eta denak finkoak dira. Gainera, Ibarmian langileen %23 baino gehiago emakumezkoak dira, hori ez da erraza gure sektorean. Emakumeak ditugu postu garrantzitsuetan, bai kontseiluan, bai zuzendaritzan.
Pertsonez gain, ikerketa eta garapenerako irekita egon gara beti. Horrek mantendu gaitu bizirik. Familia enpresan familiakoak saiatu gara eredu izaten. Ni enpresaburua naiz, eta oso harro nago enpresaburu izateaz, baina lehendabizi langilea naiz eta langile sentitzen naiz. Jendeari gure konpromisoa enpresarekiko ikaragarria dela erakusten saiatzen naiz, eta horrek ere taldean motibazioa sortzen duela uste dut.
"Ibarmian langileen %23 baino gehiago emakumezkoak dira, hori ez da erraza gure sektorean. Emakumeak ditugu postu garrantzitsuetan, bai kontseiluan, bai zuzendaritzan"
Zenbat langile zarete gaur egun Ibarmian?
140 bat langile gara Azkoitian. Txinan beste 30 bat pertsona ditugu, sei bat Alemanian eta Mexikon beste pertsona bat. Guztira munduan 175 bat izango gara.
Non dituzue lantegiak?
Azkoitian dugu egoitza nagusia. Txinan bi kokapen ditugu: batean ekoizpen zentro handi bat dugu, hemendik makinak eraman eta han bukatzen ditugu Txinako merkaturako. Shangaien salmenta bulego bat dugu. Alemanian Europa erdigunerako salmenta eta zerbitzu bulego bat dugu. Modigekin akordio hau egin baino lehenago, Amerikan ezarri nahi genuen beste leku bat. Orain dela urte eta erditik Mexikon pertsona bat dugu Ipar Amerikako merkatuak jarraitzeko.
Mekanizazio zentroak eginda, zein azpisektoretan mugitzen zarete gehienbat?
Mekanizaturako zentroak egiten ditugu, oso teknologia aurreratukoak. Segmentu premium batean gaudela esango genuke. Gure makina gehienak multitasking dira, bost ardatzekoak eta ia-ia denetik egiten dute. Nahiko generalistak izan gara, industria auxiliarrari eta tailer mekanikoei asko saltzen diegu, baita aeronautikari, eta trenbide nahiz energia sektoreari ere. Azken honi bi alorretan gehienbat: energia eolikorako linea bat dugu, diametro handiko piezak lantzeko makinak egiten ditugu, baita petrolioa ateratzeko makinak ere.
Berrikuntzan zenbateko inbertsioa egiten duzue?
Urteko diru-sarreren %11,5 berrikuntzara dedikatzen dugu. Nik esango nuke EAE mailan gure tamainan ez dakit bakarrak izango garen, eta bakarrak ez bagara, oso enpresa gutxi daude guk adina intentsitate dutenak ikerkuntza eta garapenean. Oso aktiboak gara. Urte askotako eguneroko harremana dugu Tecnaliarekin, baita inguruko unibertsitateekin ere. Aipatzekotan, azken 25 urteetan EHUrekin daukagun partaidetza aberasgarria esango nuke.
"Nahiko generalistak izan gara, industria auxiliarrari eta tailer mekanikoei asko saltzen diegu, baita aeronautikari, eta trenbide nahiz energia sektoreari ere"
Iaz zenbat fakturatu zenuten? Eta zenbat fakturatzen espero duzue aurten?
Joan den urtean 45 milioi euro inguruan ibili ginen, eta aurten 50 milioiko aurrekontua ezarri dugu. Gure plan estrategikoan, Modigekin akordioa itxi baino lehenago, 70 milioi eurotik gorako fakturazioa aurreikusi dugu hemendik hiru urtera.
Nola ikusten duzu makina-erremintaren sektorea egun?
Egia esan merkatuak aurten ez daude momentu onenean, baina ez dago orokortasun batean ere hitz egiterik. Geografikoki merkatuak agian ez daude hain ondo, baina gero herrialde batera joaten zarenean, sektore batzuk oso ondo daude eta beste batzuk ez. Une honetan, aeronautika, trenbideak, defentsa sektorea… indartsu daude. Tamalez munduaren zati garrantzitsu bat gerran dago eta gatazka bortitzak daude. Alemania, Italia eta Frantzia nahiko motel dabiltza, Txina ere bai. Txinan, esango nuke makina-erreminta industria potentea garatzen ari direla, automozioan ikusi dugun bezala. AEB eta Mexiko egon daitezke egoera hobean, baina aurten munduan bozketa prozesu ugari daude, eta hori dela eta, merkatuaren moteltze bat sumatzen da. Datorren urtetarako aurreikuspenak onak dira eta aurtengo geldialdi hau lehenbailehen pasatzeko itxaropenarekin gaude.
Zein erronka ditu Ibarmiak etorkizunera begira?
Teknologia, teknologia eta teknologia. Kasu honetan, bidelagun hartu dugun partaide honek asko lagunduko digu garapen horretan. Euskadi ez da herrialde merke bat, hemen ekoizpen kostuak Italiakoak edo Alemaniakoaren parekoak dira. Makina-erreminta asko Gipuzkoan ekoizten da eta badakigu baldintzak eta konbenioak Espainiako estatuko altuenak direla. Orduan, teknologia sektoreei egokitua, bezeroei egokitua behar dugu. Eta zerbitzuak, bezeroengandik gertu egotea. Azkenean, gu ekoizle ertain bat gara, enpresa erraldoiekin lehiatzen dugun enpresa ertain bat eta gertutasun eta malgutasun hori dira gure ezaugarriak. Digitalizazioa makina-erremintan aspaldi sartu zen, eta azken urteotan garapen ikaragarriak ezagutzen ari gara, hemendik aurrera ikusiko ditugunak.