“Kooperatiben erronka handiena kooperatibistak lortzea da"
Kooperatiba ereduaren egiturak egungo erronka ekonomikoen aurrean zer nola eragiten duen aztertu zuten atzo LKS Next Legalek antolatutako Udako Ikastaroan
Gerrak, demografia arazoak edota naturarekiko inpaktua begiz jota ditugun testuinguruan, zer nolako erreakzioa izaten ari gara gizarte gisa? Bada, Agustin Markaide Eroskiko zuzendari nagusi eta presidente ohiaren hitzetan, bi dira erreakzio nabarmenenak, bi soluzio kontrajarri, hain zuzen: ni-a indartzen dutenak, hau da, liberalismoa eta gu-a indartzen dutenak edo kolektibotasuna. Bi ideia hauek gizartearen beste tendentzia batekin lotzen dira bere esanetan: orain edo gero? Hots, oraina ala etorkizunaren afera. “Momentuko soluzioak bilatzen dituzte batzuk, beste batzuk berriz, soluzio iraunkorrak nahi dituzte, hau da, jasangarritasuna”.
Ni eta gu. Oraina edo etorkizuna. “Edozein pertsonak bere bizitzan izango dituen borrokak dira. Ni eta orain umea litzateke eta gu eta etorkizuna heldua”, dio Markaidek. Adierazi duenez, ibilbide hau bera ere kooperatibistarena da. Izan ere, egungo enpresa jarduera kontuan izanik, zer nolako erantzunak emateko gai da kooperatiba bat?
Etengabeko berrikuntza, gobernantza jasangarria eta talentua hautematea bezalako aferetan kooperatibaren egiturak zer nolako erronkei aurre egin behar dien aztertu zuen atzo Markaidek, Alberto Emparanza EHUko merkataritza zuzenbideko katedratikoa alboan zuela. LKS Next Legalek eta EHUren Udako Ikastaroak antolatutako La cooperativa como estructura idónea para la innovación tecnológica beneficiosa para las personas y para la sociedad izeneko ikastaroan elkartu ziren biak.
Aldaketa lanaren balioan
Kooperatibetan talentuaren kudeaketa izan zuten hizpide bi adituek. “Kooperatiben erronka handiena kooperatibistak lortzea da. Gainerako erronka gehienak bestelako enpresen antzekoak dira”, azaldu du Markaidek. Horrekin batera, eta talentuarekin lotuta, lidergoa duten kooperatibistak aurkitzearen zailtasuna azpimarratu du. “Mondragon taldean langileak bazkide izatea oso ohikoa da, eta lidergoaren kultura eta zuzendaritza kudeaketa oso garrantzitsuak dira”.
Era berean, talentu kooperatibo berri honentzat, telelana, kontziliazioa edo lanerako konpromiso falta bezalako kontuak erronka direla azaldu dute. “Gaur egungo lanaren balioa ez da lehengo bera", adierazi du Markaidek.
Abantailak galtzeko arriskua
“Antolakuntzaren barruan ditugun pertsonak zaindu behar dira, baina kooperatiba kanpora hedatzea ere nahi dugu, modu jasangarri batean”, adierazi du Emparanzak. Horren harira, Markaideren ustetan, kooperatiben abantaila bat zailtasun bilakatzen ari da: “kooperatibak, gobernantzaren arloan zenbait kontu hobeto egin ditugu hasieratik. Bazkide bakoitzak boto bat du, informaziora sarbidea dugu…eta guri guztia abantaila da. Gainerako enpresek beranduago eskuratu dituzte gaitasun hauek. Dena den, gauzak azkar eboluzionatzen ari dira kooperatibak ez diren enpresetan, kooperatibetan, berriz, ez gara aurrera egiten ari, eta orain arte abantaila izan dena, jada ez da existitzen".
Egun hemengo kooperatiba askok “buruz-buru” munduko enpresa teknologiko handienekin lehiatzen dute. Hau da, "kooperatiben antolakuntza nahiz gaitasun teknikoak munduko onenen parean daude sektore askotan", gehitu du Markaidek. "Gure administrazio kontseiluak ere maila horretan dauden pentsatu behar dugu”.
Agustin Markaide: "Kooperatiben antolakuntza nahiz gaitasun teknikoak munduko onenen parean daude sektore askotan. Gure administrazio kontseiluak ere maila horretan dauden pentsatu behar dugu”
Ildo horretan, errealismo soziologikoaren kontzeptua mahaigaineratu du, betetzeko gai garen helburuak soilik ezartzen ditugula argudiatuz. "Gobernantza arloko arazoak beti izango ditugu, baino aukera asko galtzen ditugu, gehiago nahi ez izateagatik”.
Jasangarritasuna zutabe
“Merkatuaren exijentzia berri bat dela esan daiteke”, dio Emparanzak jasangarritasunaren inguruan hitz egitean. Kooperatiben beste erronka handienetako bat da, nola ez. Markaideren esanetan, kooperatibetan gainerako enpresetan bezalako kudeaketa egiten da jasangarritasun arloan, eta horrek min egiten diola dio.
“Kooperatiba batek ezin du mundua aldatzea planteatu, baina bai bere ingurua”, dio Markaidek. Enpresa eredu honek gehiago nabarmenduko beharko luketela uste du, gizarteko erronkei aurre egiterako garaian. Ez soilik jasangarritasun arloan, baita generoari, gizarteko beharrei edota langileen aferei dagokienez. Pandemia garaia jarri du adibide bezala: “gizarteak zituen arazoen aurrean hainbat jarrera har zitezkeen. Kooperatibako langileez kezkatu soilik, bezero eta hornitzaileez ere arduratu edota gizarteko gainerakoengan ere arduratu”.
Interkooperazioan hobetu beharra
Erronka guzti hauek, ordea, kooperatibak soilik lortzea ez da erraza, eta beharrezkoa da interkooperazioa, Emparanzaren arabera. Kooperatiben arteko elkarlan hori oraindik nahikoa garatuta ez dagoela iritzi dio Markaidek. “Mondragon taldeko kooperatibek ikusi dugu arazo berdinak ditugula sarritan, baina gainerako enpresak bezala antolatzen gara soluzio elkarlanari dagokionez”. Eta honakoa gaineratu du: “Antolakuntza kultura eta lan egiteko modu propio bat sortzeak, pentsamendu sistema berdin bat izatea eskatzen du, eta oraindik ez dugu lortu”.
Hein horretan, eta kooperazioa areagotzeko, elkarlana Mondragonen kooperatibaz harago beste kooperatibekin ere egitea aldarrikatu du. Are gehiago, ez da zertan kooperatiba izan behar, helburu antzekoak dituzten erakundeekin elkarlana sustatu beharra azpimarratu du.