Talderen zuzendaritzari kapitalaren %7a esleitu dio| Argazkia: Kutxabank

ENPRESAK GAUR

Kutxabankek Talde enpresaren %63 erosi du

Talde Gestionek, Kutxabanken laguntzarekin, kudeaketa independentea mantenduko du. Erosketa eskaintza Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (CNMV) baimenaren menpe dago oraindik

Kutxabankek Talde Gestionen enpresa bilbotarraren %70eko partaidetza erosi du, aktibo alternatiboen merkatua sendotzeko estrategiaren baitan, eta aldi berean, kapitalaren %7a esleitu dio Talderen zuzendaritzari. Kutxabanken Wealth Management alorra garatzeko eta EAEko finantzen esparruan tresna sofistikatuak eskaintzeko asmoarekin egindako mugimendu honetan, Taldek bere kudeaketa independentea mantenduko du, bere profesionalen zuzendaritzapean eta Kutxabanken arrisku-kudeaketa eta merkaturatze ahalmenen babesarekin.

Kutxabanken eta Talderen bateratzeak aktibo alternatiboen merkatuko inbertsio aukera berriak sustatuko ditu, eta adierazi dute konpromisoa indartuko dutela ESG (Ingurugiro, Gizarte eta Gobernantza) irizpideak inbertsio prozesuetan txertatzeko. Kutxabanken erosketa eskaintza, ordea, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren (CNMV) baimenaren menpe dago oraindik.
 
Talde Gestionek arrisku-kapitalaren alorrean egiten du lan, eta 1976an Euskal Herriko enpresaburuek sortutako ekimena da, hain zuzen, enpresa txiki eta ertainen (ETE) garapena eta sendotzea sustatzeko helburuarekin. Euskal Herrian zein nazioarteko egitasmoetan eskaintzen die finantzaketa. Gaur egun, Taldek 370 milioi euro kudeatzen ditu hogeita bat enpresaz osatutako inbertsio-zorro baten bidez, kapital pribatu eta zor pribatuaren esparruetan, enpresa parte-hartzaileetan gertuko kudeaketa eta garapen profesionala bermatuta.