Idurre Albizu Garaia eta Javier Sanz Elkar-Laneko zuzendaria, hitzarmen sinaduran | Argazkia: Garaia PT

ENPRESAK GAUR

Lankidetza hitzarmena sinatu dute Garaia parke teknologikoak eta Elkar-Lanek

Garaiak eskaintzen dituen zerbitzuen onuradun izan ahalko dira Elkar-Lanek sustatutako kooperatibak ere

Elkarrekin arituko dira hemendik aurrera Elkar-Lan, S. Coop. kooperatiben sustapenerako sozietatea eta Garaia Parke Teknologikoa. Izan ere, lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean Javier Sanz Elkar-Laneko zuzendariak eta Idurre Albizu Garaiako Negozio Garapenerako eta Komunikazioarako zuzendariak.

Informazio gehiago Idurre Albizu: "Garaia edozein enpresari zabalik dago, izan kooperatiba edo ez"

Hitzarmenean jasotzen denez, Elkar-Lan Garaia Parke Teknologikoko komunitatearen parte bilakatuko da, eta hainbat zerbitzu erabili ahalko ditu. Zerbitzu horien onuradun ez da soilik Elkar-Lan bera izango, baizik eta kooperatiben promoziorako sozietateak sustatutako gainontzeko kooperatibak ere, betiere hala eskatzen badute. Espazioen erabilera, jarduera eta albisteen promozioa, networking jardunaldietan parte hartzea edo inbertsio eta elkarlanerako sareetara sarbidea izango dira aukera horien artean.

Enpresa kooperatiboen garapenari beste bultzada bat emateko akordioa izan nahi du gaur sinatutakoak.